IRRATIA

Alatzne Etxaburua egur faltan eta Urko Redondo etxean gustora

Etxean egon behar izateak ekartzen ditu arazoak kirolarientzat, baina batzuk gustoa hartzen ere hasi dira. Naiz irratian izan dira Alatzne Etxaburua herri kiroletan erreferente izan dena eta Urko Redondo Hondarribiako arraunlaria.

Alazne Etxaburua eta Urko Redondo

Este navegador no soporta el elemento audio.


Batzuk arazoekin entrenatzerako garaian, baina, beste batzuk, gustoa hartzen hasiak dira etxetik lan egin eta entrenatzeari. Naiz Irratian izan dira Alatzne Etxaburua, herri kiroletan erreferente izan dena eta Urko Redondo Hondarribiko arraunlaria. Biek argi utzi nahi izan dute denak pertsonak garela eta salbuespenik gabe guztiok etxean geratu behar garela.

Alatzne Etxaburuak azaldu du herri kirolak une honetan «bertan behera» geratu direla hau dena amaitu arte, eta lehiara itzultzean kirolariek geldialdi hau nabarituko dutela aipatu du. Adierazi du bere ustez «denok etxean» geratu behar garela. «Ez luke kirolari profesionalentzat neurri berezirik egon behar» azaldu du. Entrenatzeari dagokionez, Tolosarrak aipatu du berak ez duela arazo handirik etxean lanean aritzeko. «Ni etxean ari naiz entrenatzen egurrak mozten, ez dut aparteko arazorik, arazo bat izatekotan egur falta izango litzateke» azaldu du.

Bestetik, Urko Redondok aipatu du arraunean oraindik ez dagoela erabakia hartuta liga jokatu den edo ez. «Ezjakintasuna» dagoela aipatu du, baina une honetan «guztion osasuna» dela garrantzitsuena. Entrenatzeari dagokionez hauxe aipatu du: «Arraunlarien kasuan ez da asko aldatu entrenatzeko modua, izan ere, ergometroak klubetik hartu eta etxera eraman ditugu etxean entrenatu ahal izateko. Agian urarekiko edo itsasoarekiko kontaktua, aspektu teknikoa galduko dugu zertxobait» azaldu du Hondarribiko arraunlariak. Redondoren ustez ere, «denak pertsonak gara eta beraz, denak etxean geratu behar gara».