En directo

Peli Lekuona | Iraia Cambra
Entrevista
Garbiñe Elizegi
Baztango alkate ohia eta auzi honetako prozesatua

Garbiñe Elizegi: «Ez dugu ezer ezkutatu; publikoki egin genuen eta harro gaude»

Talde kriminalaren akusazioa bertan behera geratu da, baina zazpi auzipetuei 5.850 eta 9.450 euro arteko isunak ezarri dizkiete. Garbiñe Elizegik, Baztango alkate ohiak eta auziaren prozesatuak, salatu du sententzia «politikoa» dela eta desobedientzia zibila kriminalizatzeko bidea dela.

Audio_placeholder

Garbiñe Elizegi: «Ez dugu ezer ezkutatu; publikoki egin genuen eta harro gaude»

Loading player...
Garbiñe Elizegi Baztango alkate ohiaren aurkako epiaketa eta EH Bilduren protesta.
Garbiñe Elizegi Baztango alkate ohiaren aurkako epiaketa eta EH Bilduren protesta. (Idoia Zabaleta | Argazki Press)

Aroztegiako zazpi auzipetuen aurkako epaia ezagutu ostean, euren aldeko plataformak eta auzipetuek beraiek agerraldia egin dute Elizondon. Bertan berretsi dute azken hilabeteetan aldarrikatu duten mezua: «desobedientzia zibila ez da delitua». Epaileak auzipetu guztiak absolbitu ditu «talde kriminal» kargutik, baina 5.850 eta 9.450 euro arteko isunak ezarri dizkiete hertsapena leporatuta.

Garbiñe Elizegik, Baztango alkate ohia eta auziaren prozesatua, azpimarratu du sententziak alde onak izan dituela, baina ez dela bidezkoa: «Pozik gaude talde kriminalaren kargua eta bizi osorako zigor ekonomikoak saihestu ditugulako, baina ez da bidezkoa jasotako isun ekonomikoa, ezta azken urteetan bizitakoa ere».

Elizegik gogorarazi du epaiketan bertan argi geratu zela ez zela indarkeriarik egon, eta ekintza baketsuak izan zirela: «Gure ekintza makinen aitzinean esertzea izan zen. Guardia zibilek eta foruzainek beraiek adierazi zuten ez zela indarkeriarik egon». Hala ere, enpresa interesatuek eta Fiskaltzak ekintzak indarkeriazko moduan aurkeztu zituztela salatu du: «Sententzia politikoa da; helburua da desobedientzia zibila delitu gisa aurkeztea eta herritarrak beldurtzea».

Gainera, Elizegik azaldu du Aroztegiko proiektua baimenik gabe abiatu zutela, sententzia batek esleipena ez zela legezkoa zela esaten zuen arren. «Sententzia oraindik ez zela behin betikoa esanez sartu ziren makinekin, baina geroago sententzia hori berretsi egin zen».

Prozesu judiziala oraindik ez da amaitu. Elizegik adierazi du litekeena dela Fiskaltzak edo enpresak helegitea aurkeztea: «Badakigu orain arte beti jo dutela azken mailaraino. Espainiako Auzitegi Gorenera ere jo dezakete. Guk oraindik ez dugu erabaki helegiterik jarriko dugun, abokatuekin aztertzen ari gara».

Aroztegiko auziak lurraren defentsan eta proiektu turistiko handien aurkako herri-mugimenduen kriminalizazioaren adibide argia izaten jarraitzen du. Plataformako kideek nabarmendu dute herriaren borondatearen eta desobedientzia baketsuaren aldeko borroka legitimoa dela euren jarduna: «Ez dugu ezer ezkutatu; publikoki egin genuen eta harro gaude».

Jaurlaritza Logoa