En directo

Maite Bidarte
NAIZ Irratia. Saioen arduraduna. Bideokluba saioko gidaria

Zine gomendioak: hip-hop irlandarra, auzo borroka eta espetxeko esperantza

Aste honetako estreinaldien karteldegia errepasatzeaz gain, Aimar Erkiaga zine analistarekin komentatu ditugu Urrezko Globoak eta, noski, urteko lehen gomendio zerrenda osatu dugu.

Audio_placeholder

Zine gomendioak: hip-hop irlandarra, auzo borroka eta espetxeko esperantza

Loading player...

Aste honetako karteldegi berria errepasatuta, Aimar Erkiaga zine analista hurbildu da Bideokluba saiora. Lau gomendio egin dizkigu, bi pantaila handian ikusteko, beste biak etxean ikusteko streaming plataformetan. Gomendioen artean, benetako gertakizunetan oinarritutako film ugari.

Queer (Luca Guadagnino)

Mexiko Hirian bizi da 50 urte inguru dituen William Lee (Daniel Craig) estatubatuar erbesteratua. Ia bakarrik, tekila eta droga artean, igarotzen ditu eguna. Egun batean, hirira heldu berria den Eugene Allerton (Drew Starkey) ikasle gaztearekin topo egin, eta, lehen aldiz, jabetuko da posible dela norbaitekin konexio intimo bat izatea.

Aurtengo Veneziako Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatuta, pasaden astean heldu zen gure zinemetara Luca Guadagnino italiar zuzendariaren lana. Azken hamarkadan mundu mailako ospea lortu du Guadagninok, bereak dira: Timothee Chalameti izar estatusa eman zion 'Call me by your name' edo iaz estreinatu zen 'Challengers'.

Aimar Erkiagak kontatu digunaren arabera, desira eta amodioa izan ohi dira italiarraren gai ardatzak. Sarritan, «amodio istorio hauek adin ezberdineko gizonezkoen artean ematen dira». Hala gertatzen da 'Queer' filmean ere, 50 urte ditu protagonista askoz gazteagoa den ikasle batekin maiteminduko baita.

Sing, Sing 

New York hirira eramango gaitu Greg Kwedar zuzendariak, zehazki Sing Sing izena duen segurtasun handiko espetxe batetara, eta benetan gertatutako istorio itxaropentsu bat eraman du pantaila handira.

Preso

Munduko talde txiki batek antzerki tailer bat egiten hasiko dira, eta arte eszenikoei esker bizitzen jarraitzeko arrazoia aurkituko dute.  Torontoko Zinemaldian estreinatu zen eta oso kritika onak bildu zituen. «Publiko orokorrari gustatuko zaio filma.  Polita da, agian lakrimogenoegia batzutan, baina oso gomendagarria» esan du Aimar Erkiagak Bideokluba saioan.


El 47, Movistar+
Abuztuan estreinatu zen zine aretoetan eta hiru milioi eurotik gorako sarrerak izan ditu Marcel Barrena zuzendariaren lanak. 70. hamarkadan, Bartzelanako Torrebaro langile auzo txiroan kokatua, auzotarren borroka kontatzen du auzora oinarrizko baliabideak iritsi daitezen, besteak beste, autobusa. Manolo Vital da protagonista, 47. lineako autobus gidaria, Eduard Fernandezek haragitzen duen pertsonaia.

Pelikulak Gaudí Sarietan 18 izendapen lortu ditu, Goya Sarietan beste 14, eta pasa den hilabetean banatu ziren Forqué Sarietan Film Onenaren garaikurra irabazi zuen.


Kneecap, Filmin

Belfasteko Kneepcap hip-hop hirukotea pantaila handira eraman du Rich Peppiattek. Benetako gertakizunetan oinarritua, hip-hop taldeko Mo Chara, Mógal Bap eta DJ Próvaí aktore lanetan ere aritu dira. Michael Fassbenderrek ere parte hartzen du filmean, martiri politiko bihurtutako aita karismatiko baten azalean. Filmean kontatzen da nola Kneecap hip-hop taldea irlandera salbatzeko erreferente bihurtu zen. 

Sundanceko Zinemaldian saritua, Ingalaterrako Zinema Independientearen Sarietan Pelikula Onenaren Garaikurra lortu zuen. Hego Euskal herrian ia isilpean estreinatu zen film bizi hau, eta orain streaming plataformetara iritsi da. «Umoretik eta punki izaeratik asko du film honek», esan du Aimar Erkiagak, «harribitxi bat». 


Jaurlaritza Logoa