En directo
Hego Afrikako Lurmutur Hiria du abiapuntu gaurko elkarrizketak, bertan egon baitzen bizitzen Jon Zubillaga bidaiari hernaniarra sei hilabetez. Atzerrian lan egiteko Global Training dirulaguntzarekin iritsi zen hiri ezagunera. Biologoa ikasketaz zein ofizioz, african oystercatcher hegaztia ikertzera joan zen: kaio bat baino zertxobait txikiagoa omen da, Zubillagak azaldu duenez, guztiz beltza, eta mokoa nahiz begiak gorri-gorriak ditu: «Hego Afrikako kostalde osoan bizi da, baina, azken urteetan, populazioak behera egin duenez, ikerketa-talde honek hiri horretako Robben Island irlan gertuko jarraipena egiten zion animaliaren ugalketa-sasoiari». Habien bila aritzen ziren bertan, astean bizpahiru aldiz, arrautzak aurkitu, pisua kalkulatu eta garapena gertutik ikusi ahal izateko.
Nahiko babestuta dago animalia irlan, egunero egunero uhartea bisitatzen duten turistak, soilik, garai batean, Nelson Mandela espetxeratuta egon zen kartzela bisitatzeko aukera dutelako. Museo bilakatu da, gaur egun, eta, bere garaian, arrazoi politikoengatik bertan preso egondako kideak dabiltza gidari-lanetan: «Kontatu zigutenez, espetxean bertan ere argia zen arraza bereizketa: beltzek ezin zuten zuzenean langile zuriekin hitz egin. Indioek interprete-lanak egin behar zituzten». Urteek aurrera egin ahala, eta, ustez, Apartheidaren mamua baretu bada ere, Zubillagak dio oso agerikoa dela, gaur egun ere segregazioa, ekonomikoki, kulturalki, baita sozialki ere: «Talde mistoak ikusten dira, baina, orokorrean, zuriak zuriekin ibiltzen dira eta beltzak beltzekin». Segurtasun eza handia nabaritu zuen hirian bertan, «auzo batzuetara» ez sartzea gomendatu zioten, eta arriskutsu samarra omen, haren bizipenez, gauez, kaletik ibiltzea.
Hegaztiaren ugalketa-sasoia bukatzearekin batera amaitu zuen Zubillagak, gutxi gorabehera bere ikerketa-egonaldia. Hori horrela, poltsikoan aurreztutako sosak hartu eta pare bat hilabeteko bidaia egitea erabaki zuen. Hasiera eta amaiera zehaztuta, baina tarteko bideak inprobisazioaren esku utzita. Mozambike, Malawi, Zambia, Botswana, Namibia... Kontinentearen ekialdeko kostatik mendebaldeko itsasertzera egin zuen jauzi, bi hilabeteko oporraldian, jaioterrira itzuli aurretik. Hernanin, baina, denbora-tarte laburra iraun zuen, bere begirada Australiari zuzenduta baitzeukan aspalditik. Esan eta egin.
Egun, Sydney hiritik gertu bizi da Zubillaga eta bertan ere bidaiatzeko tartea hartu du, jakina. Australiako egonaldiak ba al du amaiera egunik, baina? «Ez, baina uste dut irail partean itzuliko naizela», azaldu du elkarrizketatuak, «tartean, beste herrialderen bat ezagutu nahiko nuke; Filipinak ditut buruan». Oraingoz, behintzat, motxila soinean ikusiko dugu Jon Zubillaga bidaiaria.