Zuzenean

Alba Cabrera

Indonesiako ur «psikodelikoetan» murgilduta

Hamarkada pasatxo darama Egoi Benitez ordiziarrak Indonesian bizitzen. Itsasoarekin duen harreman estuak eraman zuen uhartedira: urpeko bizitzaz, larrialdi klimatikoaz, koralaren osasunaz eta hondamendi naturalez. Luze, zabal eta burua urpetik atera gabe.

Audio_placeholder

Indonesiako ur «psikodelikoetan» murgilduta

Loading player...
Egoi Benitez ordiziarra Indonesiako uretan urpekaritza egiten
Egoi Benitez ordiziarra Indonesiako uretan urpekaritza egiten (Egoi Benitez)

Zaila da Egoi Benitez bidaiaria itsas azpitik kanpo harrapatzea, hamarkada darama-eta Indonesiako ur-korronteetan bizitzen. Ordiziarra, sortzez, aitaren jaioterrian, Tarifan, hasi zuen itsasoarekin harremana estutzen. Hala, Asia hegoaldeko uhartedira egindako oporraldi batean, parajeekin liluratu eta, bi aldiz pentsatu gabe, bertako urpeetan bizitzeko erabakia hartu zuen.

Etxe sentitzen du orain Indonesia: «Munduko koralezko arrezife politenak ikustera etorri nintzen, horietan urpean igeri egitera». Itsasoarekin duen «harreman estuak» lotu omen zuen artxipielagoarekin: «Ogibide dut nire zaletasunik handiena eta horrek ekarri zidan toki zoragarri honetara».

Urpekaritzako gidari-lanetan aritu ondoren, barkuetan dabil, egun, hara eta hona, zuzendaritza-lanetan. Hala, denbora-tarte handiena itsasoan ematen du, Koralezko Triangelu entzutetsuak dituen ezkutuko zirrikituetan: «Munduko koral eta arrain tropikal-kopuru handiena kokatzen den eremua da eta horren bihotzean kokatzen da Indonesia. Itsasoetako Amazonia dela diote».

Elkarrizketatuak azaldu bezala, bi ozeanok sortzen duten korronteen erdian kokatzen da Indonesia: hego mendebaldean, Indiakoa eta, ipar ekialdean, Barea. «Ez da igerileku batean sartzea bezala, batzuetan, ibaiak bezain indartsuak baitira urpeko korronteak bertan», adierazi du Benitezek, «arreta handiz ibili behar da eta argi antolatu beharra dago non sartu eta noiz». Korronte indartsuen joan-etorria osasuntsua da bertako urpeetan bizi den ekosistemarentzat, freskotasuna baitakarkio koralari zein horren bueltan bizi den faunari.

Hamar urte igaro arren, oraindik ere biziki «magikoa» iruditzen zaio Benitezi bertako urpeetan murgiltzea, eta zaila zaio egoera hitzez deskribatzea: «Hondora jaisten zarenean, arrezifearen kolorea ikusten hasten zara. Bertan dabiltza kolore bizitako arrain txikiak, baita handiak ere. Momentu psikodeliko zoragarria sortzen da».

Sumendiak eta lurrikarak Paradisuak, ostera, badu ifrentzurik. Mugimendu sismiko handia duen lur-eremuarenerdian kokatzen da Indonesia, Ozeano Bareko Suzko Eraztunean, hain justu ere. Horregatik, aktibo dauden sumendien artea igeri egitea egokitzen zaio, tarteka, Benitezi. Hori ez ezik, dardara handiak ere sumatzen dituzte uhartedian. Gogorrena, 2018an Lonboken izan zena. Balin harrapatu zuen lurrikarak elkarrizketatua: «Esnatu berri nengoen, eta pixukideekin batera korrika atera nintzen teilatua erortzeko beldurrez». Suntsipen handia oroitzen du Lonboken, «jende asko hil zen».

Ezbeharrak ezbehar, seguru sentitzen da uhartedian eta bertan ikusten du bere burua hemendik hamar urtera ere. «Etxean bezala sentitzen naiz hemen, bizirik».

Bi denboraldiren ostean, azken jauzia

Iritsi gara, bidaia honen, denboraldi honen azken geltokira, abenturazale! Urritik hona, askotariko ahotsen bitartez, munduko makina bat txokora jotzeko aukera izan dugu, Naiz irratiko uhinetan. Bada, orain, atseden hartzeko unea iritsi zaigu.

Barreneko jakin-minari jaten emateko modu bat bidaiatzea. Eta, hara non, bapo bapo gelditu beharrean, guri ere bidaiatzeko grina biderkatu zaigu saiotik saiora, 2022ko urrian hasi genuen bide horretan.Izan ere, tartetxo honetan, horixe bera egin dugu: bidaiatu. Eta, bidean, jende pila ezagutu dugu, nor bere bizipen-sortarekin. Hain justu ere, horien guztien bilduma egiten ahalegindu gara eta uzta ederra jaso dugu.

Plazer hutsa izan da zuen laguntzaz gertuko altxorrak nahiz urrutiko helmugak ezagutzea. Hortaz, espero dut aurrerantzean ere matxinsaltoen pareko jarraitzea, jauziz jauzi!

Laster arte eta bidaia ona izan dezazuela!

Jaurlaritza Logoa