Zuzenean
Ipar latitudeen maitale da Eder Sagredo gallartarra, eta etxetik datorkio meatzaritzarekiko zaletasuna. Hala, bere bi afizio nagusiak uztartzeko aukera eduki zuen Svalvard uhartedira egindako bidaia batean. Iparraldean ez, oso iparraldean kokatzen da Svalvard, Zirkulu polar artikoaren bihotzean, hain justu ere.
Postapokaliptikotik eta distopikotik asko omen dute izoztutako lurralde horretako parajeek. «Muturreko» baldintzak daude bertan, Sagredoren hitzetan, tenperatura baxuengatik eta kokapen geografikoagatik. Era berean, kutsu magikoa ematen dio horrek uhartediari.
Gaur egun, Norvegiaren eskumenaren pean dago Svalvard. Ipar Polotik gertuen dagoen toki populatua da uhartedia eta lau herrigune ditu, guztira: Alesund, Longyearbyen hiriburua (soilik norvegiarrak bizi dira bertan), Barentsburg (2018an, behintzat, errusiarrak zein ukrainarrak bizi ziren) eta Pyramiden.
Jende askoren arreta erakarri ohi du azken horrek, joan den mendeko 90. hamarkadan, egun batetik bestera, hutsik gelditu baitzen ikatz meatzaritzari estuki lotutako herrixka, Sobietar Batasunaren gainbeheragatik eta baita ustiapen baliabideen xahutzeagatik ere. Sei pertsona bizi dira gaur egun bertan eta eraikinen eta bertako objektuen mantenuaren eta kontserbazioaren alde egiten dute lan: «Herri handia zen, ospitalea zeukan, hotela, portua, kiroldegia, antzokia... Autosufizientea zen. Baina, orain, herri hutsa da, dekadentea. Alabaina, toki ederra da, Sobietar Batasunaren zantzuak nabari dira oraindik».
Permafrostak ezkutatzen dituenak
Hustutako herria ez da uhartedia berezi egiten duen ezaugarri bakarra. Izan ere, gallartarrak adierazi duenez, «ezin zara Svalvarden hil»: izoztuta dago uhartediko lurrazala, ondorioz, 1950. urtetik aurrera, gorpuak kontinentera eraman ohi dituzte, permafrostaren ezaugarriek deskonposizioa galarazten dutelako.
Hori gutxi balitz, uhartedian kokatzen da Munduko Hazien Ganga. Zer da hori, baina? Hitz laburrez azaldu du Sagredok, ezin izan baitzuen barrura sartu: «Munduko zenbait herrialdek beren haziak bertara bidaltzen dituzte, gordetzeko. Hondamendi naturalen aurrean, edo, gerren kasuan, birlandaketa egiteko aukera izaten dutelako horrela».
Lur azpitik begirada altxa eta zeruari erreparatuz gero, aurora borealak ikusteko agertoki ederra da Svalvard. Behategira gerturatzeko beta izan zuen bidaiariak: «Erradioteleskopio handi bat dago, aurora borealak aztertzeko», azaldu du Sagredok, «bertan ibiltzen dira zientzialariak fenomeno hori ikertzen, antena erraldoi batekin».
Haziak, izarrak eta hartzak ere baditu Svalvardek, bidaiariaren hitzetan: «Europan, hartz zuria ikusteko toki bakarra da Svalvard». Ondorioz, herriguneetan, hesi altuez inguratuta dituzte eraikinak, animaliaren erasoetatik babesteko: «Jendea fusilarekin joaten da kaletik». Lurra ez ezik, uhartea inguratzen duen ozeanoa ere kondairaz josita dagoela dio elkarrizketatuak: «Zer egongo ote da ur horietan? Horrenbeste hotz... Hor beheran egongo diren animalia izugarriak... Horren eremu basatian, edozer gauza irudika dezakezu».
Aho bete hortz utzi zuten Eder Sagredo uhartediko izotz-blokeek zein lurrazpiko zirrikituek. Zuk ere ezagutu nahi?