En directo

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

‘Deabruaren doinuak’ kantua aurkeztu du Zilibito Recordsek zuzenean NAIZ Irratian

Oiartzungo gazte talde honek EP berria kaleratuko du aste honetan. Egunez egun, 20:00etan, plataforma digitaletan kantu berri bat kaleratzen ari dira. 

‘Deabruaren doinuak’ EPa kantuz kantu erakusten ari da aste honetan Zilibito Records talde oiartzuarra. Egunero, 20:00etan, kantu bat kaleratu dute plataforma digitaletan. Horietatik lehenengoa NAIZ Irratiko uhinetan aurkeztu zuten astelehenean, EPari izena ematen dion kantua. Disko luzeagoa, berriz, Durangoko Azokari begira kaleratzekotan dira Oiartzungo gazteak. 

Hasiberriak direla esan dezakegu, baina bigarren bilduma dute honakoa. Izan ere 2022an hasi ziren musika sortzen Zilibito Records bezala. Hasiera batean podcast bat behar zuenak musika talde izaten bukatu duela kontatu digute gazteek. Iaz Gaztea Maketa Lehiaketa irabazi zuten eta horrek hauspotu du pixka bat haien jarduna, baina oinak lurrean dituztela ikusi ahal izan dugu gurera etorri direnean.

Zazpikotea diren arren, lau etorri ziren NAIZ Irratiko estudio nagusira, Eñaut eta Jurgi Arbelaitz, Ander Goenaga ‘Txuso’ eta Ekain Telletxea; hiru abeslari eta ekoizlea. Izan ere ‘Txuso’ beste hainbat proiekturekin kolaboratzen ere ikusi dugu, hala nola Rig3l artista goizuetarrarekin ere aritu da lanean haren ‘Azeriak’ EPan. Kolektiboan eta elkarlanean aritzearena maite dutela kontatu digute, Zilibito Recordsekin ondoan aritu direlako EP honetan Astelehen Goizak taldekoak ere. 

Gazteen arteko harremanak eta estiloak uztartzeak ekarriko du musika berria gurera.

Jaurlaritza Logoa