En directo
Parisekin lotzen dituzte batzuk marra horizontaleko kamisetak, beste batzuk, berriz, Veneziarekin. Hemen, marinelekin gehiago lotzen dira, bada, Iker Bárbarak bere etxekoekin lotzen ditu. Halako kamiseta batekin agertu zaigu azken ‘Zarata’ tartera, bere emaztearen ‘Asko maite zaitut’ markako kamiseta batekin eta atentzioa eman digu horrek: «Urtero ateratzen du halako kamiseta bat, marraren kolorea aldatuta, haurrentzat eta helduentzat berdina dena. Aurtengo kolorea berdea izan da». Baina, goazen musikari begira jartzera.
Galerna - Cap.1: La razón
«Talde hau Bilbo eta Getxo artean bizi da eta McEnroe taldearen babesean datoz nolabait ere, haien 20. urteurren biran Galerna taldekoak telonero lanetan aritu ziren. Gazteleraz abesten dute, popa egiten dute eta oso finak dira. Subterfuge zigiluarekin dabiltza orain eta haiekin aterako dute debuteko diskoa. Kapituluka banatuta egongo da ‘Viaje a Roma’ deituriko diskoa, lehendabiziko pertsonan idatzizko nobela bat bailitzan, hitzetan euskal poeten eragina egongo omen da», kontatu digu Iker Bárbarak.
Edu Errea - Keep me in mind
«Abenduan ekarriko du hirugarren diskoa Edu Erreak eta, Iruñekoa den arren, Estatu Batuetara eramaten gaitu guztiz bere musikak. ‘Just a dream’ diskoa izan zen aurrekoa eta sekulakoa izan zen, americana eta pop doinuak nahastuz, Ryan Adams bezalako artistak ekartzen ditu burura. Abesti berria, bigarren singlea, disko oso fin baten atarian gaudenaren erakusle da», aipatu du Zarata Mondo Sonoroko zuzendariak.
Ithaka - Kristalezko
Soinu aldaketa nabarmena dakar Orioko taldeak: «Abesti hau oso landua da eta hazten doan talde oso gazte baten aurrean gaudela ikusten da argi eta garbi. EP bat kaleratu zuten urte hasieran, baina aurretik kaleratutako singleak batu zituztela esan dezakegu orain. Eten Espazio Sonoroan grabatu dute Urtzi Izarekin eta entzuterakoan beste talde bat dirudi orain. Beren hasieratako Belako etorri zait burura niri eta hori sorpresa bat izan da». Belakok eta Ithakak, gainera, Toledoko Círculo de las Artesen eman berri dute kontzertua.
Zatibi - ATR
Mikel Iraeta azkoitiarraren bakarkako proiektua ekarri du azken tokian Iker Bárbarak: «2024ko Holz und Bleach jaialdia aurkeztu dute dagoeneko Azkoitian eta iaz pasa nintzen familiarekin bertatik. Oso ekintza interesgarria da elektronika munduan eta bertan tokia izango du ziur Zatibi proiektuak. Rö eta Zizel proiektuetatik ezagutzen dugu Mikel Iraeta, eta bere izenarekin atera zituen lehen kantuak, baina orain Zatibi izenaren azpian kaleratu du diskoa. Club musika egin du, elektronika dantzagarria, technotik badu baina esperimental samarra ere badela esan daiteke, melodikoa da».