En directo

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Kattalin eta nenufarrak taldearen gozotasuna eta Incubusen indarra Izkander Fernandezen eskutik

«Bruselas inguruan eta Anberesen izan gara My Morning Jacket taldea ikusten beste behin ere, eta giro kuriosoa izan zen bisita, bertako futbol taldeak 1959tik lehenengo aldiz liga irabazi zuelako 94. minutuan. Ea Bilbon jotzera etortzen diren laster», hasi du bere tartea Izkander Fernandezek.

Audio_placeholder

Kattalin eta nenufarrak taldearen gozotasuna eta Incubusen indarra Izkander Fernandezen eskutik

Loading player...
Mendizabalako zelaian izango dira Incubus taldekoak datorren ekainaren 16an.
Mendizabalako zelaian izango dira Incubus taldekoak datorren ekainaren 16an. (INCUBUS)

My Morning Jacket - Anytime

«The Roma izeneko lokal handi eta dotore batean jo zuten, 2000-3000 lagun kabitzen diren toki batean eta espazioa modu askotara antolatzeko modua ematen du. Bertan zerbitzatzen eta jende asko zebilen baina ez zirela bertako langileak iruditzen zitzaidan, eta galdetu egin nuen. Auzolanean, boluntario lanetan, ari ziren bertan lanean, The Roma bizirik mantendu ahal izateko, ixteko zorian izan omena da-eta aretoa. Erdigunetik aparte dago eta periferian azal zuriko inor ez genuen gurutzatu. Bertako gustu musikaletatik aparte geratzen zela esan nien eta onartzen zuten, baina hiria aldatu dela eta aretoa mantentzeko modu bakarra hori zela esan ziguten. Hortaz, kronika labur honi musika jarriko diogu ‘Anytime’ abestiarekin, 2005ekoa», dio lemoaztarrak.

Bully - Wonderful Life

«Hegazkinean badakizu interneteko konexiorik ez dela izaten eta diskoren bat edo beste deskargatu nuen hegaldirako. Alicia Bognano da Bully taldean dagoena eta pop eta rocka uztartzen ditu, ‘Lucky for you’ diskoarekin salto bat eman nahi duela ikusten da, ez dakit nora egia esanda, gitarra eta ahotsarekin ez dakidalako egun nora egin daitekeen salto, baina intentzioren bat baduela dirudi. Unibertsitate garaian beka bat eskuratu zuen eta horri esker Steve Albinirekin egin zuen lan eta horrela ezagutu nuen nik Bully taldea. Diskoak tarteka zoriontsu egingo gaituela esango nuke, eguzkitsua da baina amorrua ere badu. Mezu positiboa du, nahiz eta borrokatu egin behar dela ere badion, baina bizitza ere horrelakoxea da», kontatu digu Izkanderrek.

Kattalin eta nenufarrak - Amak urritu zitzaizkidan

«Aurreko astean kaleratu zen diskoa, asteazkenean, ez ostiralean beste askok egiten duten moduan. Kanta bat entzun nuen lehendabizi eta argi ikusten nuen diskora bertara oporretan joateko moduan nintzela. Etxean oso arin onartu ditugu abestiak eta hirurok gabiltza diskoa entzuten. Horrelako gauzekin ikusten da gure eszena txikia bada ere, bitxia eta kalitate handikoa dela; Kattalin eta nenufarrak taldea bada horren adibide. True Detective telesailaren bigarren denboraldian, taberna batean, neska bat egoten zen jotzen. Bada abesti honekin irudi hori etortzen zitzaidan burura, galtzailez edota zerbait ostontzeko duten pertsonez betetako jendez jositako pub ilun bat, ikuspegi erromantiko batetik ulertuta. Ausardia da musikan beharrezkoa den zerbait eta PJ Harveyren zerbait badagoela esango nuke talde honen bueltan. PJ Harvey Bilbon ikusi nuenean, ibilbide luzeko musikari bikainez inguratuta zegoen, denak gizonezkoak, baina han agintzen zuena bera zen, eta hori ere bada ausardia. Horregatik, hemen ere hori sumatzen dut», aipatu du musika aditu bizkaitarrak.

Incubus - Megalomaniac

«Azkena Rock Festival jaialdian izango dira eta ikusi beharko dugu ea Gasteizek beroa edo hotza, lehorra edo euria, zer ematen digun. Incubus taldeaz ez dugu askotan hitz egiten, baina igande honetako 7K aldizkarian duela aste batzuk taldeari egindako elkarrizketa kaleratuko da. Jaialdi guztiek badute berea, baina Azkenak niretzat badu klasikoak etortzen direnaren xarma hori. Incubus garai horretatik kanpora sortutako rock talde klasikoa da, 1991n sortua eta garrantzitsua izan da haien musika askorentzat. ‘A crow left of the murder’ diskoarekin goia jo zutela esango nuke, 2004an, 1999ko ‘Morning view’ diskoarekin hasitako arrakastaren bidean. Belaunaldi batengan eragina izan zuten garbi, guztira 24 milioi disko saldu dituztelako, eta hori garai horietako talde batentzat asko da», bukatu du lemoaztarrak.

Jaurlaritza Logoa