Zuzenean
Janelle Monae - Lipstick Lover
«Bere laugarren diskoa kaleratu berri du. Oso urrunetik bada ere lehen bi diskoekin jarraitu nuen eta hirugarren diskoa, munduaren kontrara, asko interesatu zitzaidan. Diot, gainerakoei ez zitzaielako askorik interesatu eta halakoak gertatu izan zaizkit. Liluratuta geratu nintzen eta betirako harrapatu ninduen, eta 2018ko disko hori maite dudan arren, aurreko biak disko bikainak dira eta Estatu Batuetan oso garrantzitsuak. Princekin ere ibili zen eta haren heriotzaren berri bera izan zen lehendabizikoa jakiten urruti gabe, eta hori bera diskoan nabari da. ‘Dirty computer’ diskoko zientzia fikziotik, uda, gaua eta amodioaren girora itzuli da. Musika beltzaren erroetara itzuli da, soula, rapa, reggaea, ska, funkya edota discoa entzun daitezke azken lan honetan. Dagoeneko sei edo zazpi aldiz entzun dut eta badakit gehiago entzungo dudala», esan digu Izkander Fernandezek.
Iseo & Dodosund - Love is a killer
Aurreko abestitik gertu samar ibili izan den euskal artista bat edo beste egon da, baina azkenaldian Iseo & Dodosounden ‘Blossom’ diskoa musika horretatik gertu dagoenen artean kokatu daiteke, baxu potenteak eta melodia orekatuak dituelako. Gehiegi esatea da, akaso, baina publiko anitzena, kulturalki behintzat, elkartzen duen momentuko euskal artista dela esan dezakegu.
Bele - Zerua irabazi
«Gaurko musika beltzaren atal honetan Lide Hernando eta Bele aipatu beharra daude. Azkena Rock Festivalen elkarrekin egon ginen Liherren ‘Liherketa’ entzuten eta sekulako hasiera eman zioten guztiari. Bitxia zen Beleren kantu eta bideoklipa ikusi ostean bere energia eta kaña guztiarekin oholtzan ikustean, baina askatasun osoz berea sortu du eta hori ona da. Lehen entzunaldian lekuz kanpo nengoen, baina bideokliparekin entzun nuen bigarrenez eta ezer ez dago debalde. Oso jorratuta dago guztia, bideoklipak energia handia du, dibertigarria da eta komiko puntu hori ere badu. Akaso ez da askoren gogoko terminoa izango hau, baina behar ditugun gisako produktua da», kontatu digu lemoaztarrak.
Lizzo - About damn time
Lau kantu eta lau baxu lerro interesgarri ekarri dizkigu momentuz Izkanderrek: «Musika beltzetik edaten duen arren, pop ukitu gehiago ere badu. Ez nuen askorik menperatzen, baina inguruan banuen aurreko astean lagun bat eta Dua Lipa gustatzen zaidanez, gomendio hau luzatu zidan. Igandean Gasteiztik etxera bidean diskoa entzun nuen eta Borjak esan zidan guztia egia dela ikusi nuen eta, etxean bideoklipak ikustean, konturatu nintzen Lizzo artista berezia dela. Kanta argitsu eta poperoak idazteko gaitasuna du, eta hurakan bat bezala da niretzako hau, bera gela batean sartzen denean ziur hori gertatzen dela-eta».
;
SZA - Kill Bill
«Kendrick Lamarrekin batera ezagutu nuen, abesti bateko melodia abesten zuelako ‘Black panther’ filmerako egindako soinu bandarako bideoklip batean. Arakatzen hasi nintzen eta ikusi nuen 2017ko disko bat bazuela, ‘Control’ eta artista handia izateko dena zuela ikusten zen. Iazko ‘SOS’ diskoarekin bere belaunaldiko artista beltzen artean garrantzitsuenetakoa dela argi geratu da. Iaztik neukan ekartzeko eta Janelle Moane ekarri behar banuen eta musika beltza eta emakumeak aipatu, SZAk bere tokia izan behar zuen», bukatu du Izkander Fernandezek aste honetako tartea.