Zuzenean
Crown Lands - The Shadow
Kanadan hasi dugu denboraldiko azken ibilbidea. «Hard rock erdi-sinfoniko eta progresiboa egiten duen bikotea da, bata gitarrarekin eta bestea bateriarekin eta bateria-jotzailea da abeslaria. Led Zeppelinen edota Rush taldearen bidea jarraitzen dute kanadiarrek eta ‘Fearless’ diskoa atera dute aurten. Aurrekoan ia hemezortzi minutuko kantu bat ekarri nuen, argazki moduan. Hard rock berriaren erakusle izan daitezken Greta Van Fleet edota Mamooth taldearen diskoak ere etorriko dira laster eta hau ere hor kokatu dezakegu. Hard rockaren klixe guztiak betetzen ditu eta ez dut uste zerrendetan goian ibiliko denik arrazoi horrengatik, baina nik ez dut inolako presiorik eta disko on bat entzuten dugunean, nabarmendu egin behar da», dio Izkander Fernandezek.
The Tubs - Dead meat
«Owen Williamsen taldea dela esan dezakegu eta aurten salto bat eman dute Hüsker Dü edota Replacements bezalako taldeen eraginpean, ‘Dead meat’ diskoa aterata. Euskal Herriko taldeekin batera, indiena izan daiteke, ez dagoela ez zigilurik ez ezer atzean, baina nazioarteko zerrendetan sorpresa izango da ziur askorentzat. Punk-rocka, melodia, aipatutako taldeak eta, harago joan nahiko bagenu, disko honetan gauza interesgarriak topatuko dituzue, R.E.M edota The Cure taldeen zantzuak ere bai», azaldu digu Izkanderrek.
Paramore - You first
«Behetik gora joan den talde horietakoa da, etengabeko bilakaera izan duena eta azken diskoan rocka mantentzen badute ere, dantzagarriagoa da eta une batzuetan intimoagoa, hori guztia badu ‘This is why’ lanak. YouTuben bideo gehien dituen rock taldea izan daitekeela esango nuke akaso, eta, kontzertuak hasteko hautatu dugun kantu hau erabiltzen dutenez, zaleek eta taldeak berak zuzeneko irudiak igotzen dituztenean geroz eta gehiago zabaltzen da abesti hau. Itsaskorra da hasieratik, hortaz, entzun orduko ziurrenik buruan bueltaka geratuko zaizue», esan digu Lemoako musika adituak.
Janelle Monae - Know better
«Badirudi bere momentua pasa egin dela eta zerrendetan ez direla beraz gogoratuko, ziur aski ez da goiko aldean agertuko eta nik uste dut berari ere ez diola askorik inporta. Udaz ari gara hizketan, udarekin badu zerikusirik bere azken lanak eta itsasoko usainarekin datoz bere kantuak, baita erreferentzia horiekin ere; reggaea, dub musika eta musika beltza da Janelle Monaerena. Beraz, udan eta itsasotik gertu, gustura entzun daitekeen diskoa dela nabarmenduko nuke. Badu beste bitxikeria bat kantu honek eta, Urko Rodriguezek esan zidanez, kantu honetan Negu Gorriakek noizbait erabili duen sampler bera gordetzen omen du barruan», luzatu du gomendioa Izkanderrek.
Ibil Bedi - Litekeenarena
«Ez dago ordenarik kantu hauetan, horrela daude besterik gabe, sailkapenik egin gabe, badaezpada esaten dut. Iurretan ikusi nituen aurreko astean Ibil Bedi taldekoak, akaso areto batean izateak hobetu egingo zukeen esperientzia, baina oso pozik itzuli nintzen etxera. Plaza bat izan arren, publikoarekin konektatzeko gaitasuna dutela ikusi genuen eta publikoak ere eskaintzen duten guztiaz disfrutatzeko gerturatu behar dela ongi ulertzen du, nahiz eta den-dena ez den dantzagarria eta alaia. Alderantzikako V forman kokatzen dira oholtzan, plano desberdinetan baina denak plano berean baleude bezala, inork besteak baino garrantzia gehiago hartu gabe. Aurrerapauso itzela eman dute eta ez da normalena disko batetik bestera halako aurrerapauso bat ematea, baina jarrai dezatela horrela, gu pozik egongo garelako. Orain, adi ibili beharko dut, barruko kontzertu bat ikusi ahal izateko», bukatu du lemoaztarrak.