Zuzenean

Elkarrizketa
Sara Iriarte
Kattalin eta Nenufarrak taldeko abeslari eta piano-jotzailea

«Sakontasun maila batzuetan zarata asko dago eta blokeo egoeratara iristen zara»

Giro mistiko samarra sortzen du Kattalin eta Nenufarrak taldearen izenak. Batetik, nenufarrak oso landare bereziak direlako, baina baita taldean Kattalinik ez dagoelako ere. Jon, Iñaki eta Sara dira taldekideak, eta azken hau, Sara Iriarte berastegiarra izan da MusikHaria saioan diskoa aurkezten.

Audio_placeholder

«Sakontasun maila batzuetan zarata asko dago eta blokeo egoeratara iristen zara»

Loading player...
Gabirian entseatzen dute Kattalin eta Nenufarrak taldekoek, nahiz eta kantuak Berastegin sortuak diren
Gabirian entseatzen dute Kattalin eta Nenufarrak taldekoek, nahiz eta kantuak Berastegin sortuak diren (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Egun on, Sara. Nenufarrik ba al da Euskal Herrian?

Ez dut uste, ikusi behintzat ez dut egin; liburu batean irakurri nuen hitza eta hortik hartua da.

Zergatik aukeratu duzue, hortaz?

Gaia bitxia da, duela urte eta erdi grabatu genuelako lan hau eta orain arte ez da publikatu ez geneukalako talde izenik. Hortaz, bi hitz botatzen ibili gara egunero whatsapp taldean. Egun batez ‘Kattalin’ bota nuen, nire izena izango zena hasiera batean hura zelako, eta, bestetik, poema batean irakurritako ‘nenufarra’ hitza. Biak batera jarri nituenez Jon Sagarnak uste izan zuen izen hori proposatzen ari nintzela, eta, gustatu zitzaionez, aurrera.

Oholtzarik zapaldu duzue elkarrekin?

Zerbait txikia egin genuen behin unibertsitateko jai batean.

Unibertsitate giroan sortutako taldea da, hortaz?

Bai, Jon Sagarna bertan ezagutu nuen. Esan nion banituela abesti batzuk eta horiek ateratzera animatu ninduen. 2019a zen, eta abestiak erakutsi nizkionean gogoko izan zituenez, lantzen hasi ginen. Bi urte beranduago grabatu genuen diskoa.

Non batzen zarete? Hau diot ikasketen bidea bukatzear zaudetelako.

Bada Iñaki Rezusta Jonen koadrilakoa da eta haiek Gabirian badute lokala. Terra Incognita eta Guri Bost taldeetan ibiltzen ziren. Beraiek oso ondo moldatzen dira eta nik bertara joan eta jo, besterik ez dut egiten, teknikoki ez naizelako oso iaioa, egiari zor. Hortaz, zorteduna naiz.

‘Hubble’ kantuak irekitzen du diskoa. Barruko beldurrak kanporatzeko abestia da?

Amona hil zenean idatzitako abestia da. Hamazazpi abesti edo idatzi nituen amona hil zen garaian, nahikoa konpultsiboki. Doluak ekartzen dizkizun hainbat kontu prozesu moduan aurkeztu ditut. Hau hitzaurre moduko bat da.

Baina ‘Hubble’, kasu honetan, teleskopio izan ordez mikroskopio edo endoskopio bihurtzen da.

Dutxan nintzen batean, pentsatu nuen nire sakoneko puntu batzuetara iritsi naizela amonaren heriotzaren ondorioz. Hemezortzi urtetan pilatutako guztia azaleratzea ekarri du. Hortaz, pentsatu nuen: ni unibertsoa banintz, nola topatuko nuke nire nire punturik sakonena? Bada, hortik dator Hubble teleskopioaren metafora.

Ibai Osinagarekin grabatu duzue Sima estudioan. Bera izan da nahasketak-eta egin dituena?

Bera izan da dena egin duena hor, berak guri erakusten zigun eta gu erabat ados ginen proposatzen zigunarekin. Niri oraindik arraroa egiten zait zu zeu ere nire abestiak entzuten egotea... Nire gelan jotzen nituen abestiak orain instrumentuekin eta Ibaik grabatuta egotea, ez sinistekoa da.

Nola izan zen harremana?

Bada Ibaik Instagramen jarri zuen grabaketa estudio berria martxan jartzen ari zela eta probatu egin nahi zuela, eta, kostata bada ere, nire abestiak bidali nizkion. Gustatu egin zitzaizkion eta aurrera.

Lokalean ordu asko pasa ostean dator erabakia?

Hasieran Jon eta biok soilik elkartzen ginen eta gero batu zen Iñaki. Jonek nire abestiak entzunak zituen eta konplizitate bat sortu zen. Nik ahotsa, gitarra eta pianoarekin maketa moduko bat ikusten nuen nire buruan, baina Jonek esan zidan disko forma emango geniola eta ondo egin behar genuela. Natural etorri da dena, ez da zerbait oso landua izan, ez dira ordu asko sartu ditugunak, azkar samar joan da guztia. Baxua Iñakik berak jo du, esaterako.

Zuk aipatu duzu zerbait soila nahi zenuela egin: gitarra, ahotsa eta kitto. Bada gisa horretara etorri da ‘Amak urritu zizkidaten’. Zergatik hain gordin egitearen arrazoia?

Jon Sagarna da horren errudun. Pianoarekin entzun zuen lehendabizikoz eta berak tango bat zuen buruan. Probatu genituen hainbat gauza, baina ez zuen konbentzitzen. Hortaz, Silvia Perez Cruzen abesti bat etorri zitzaion burura gisa honetara zegoena, eta horrela egin genuen. Oso oso gordina geratu da, baina zentzua du horrela izateak.

Zeintzuk izan dira erreferentziak?

Bada instrumentazioan askorik ez duzu bilatuko, ez ditudalako. Melodietan akaso bai eta hemen ‘You should make me stronger’, Amy Winehousen abestia, entzungo duzu akaso. Letragileetan ere asko fijatzen naiz.

Aurretik etxean demoak eta egin izan zenituen?

Ez, etxean ez bereziki. Trikiti munduan ere zerbait ibilia naiz eta maketa lehiaketa batean irabazi genuen eta grabatu genuen zerbait, edota Zubimusu ikastolako Kilometroak jairako abestitxo bat ere bai, baina ezer askorik ez.

Nolakoa izan da zure burua gisa honetara grabatuta entzutea?

Arraroa, baina gustatu zait. 2017an hasi nintzen pianoa ikasten eta nik sortutako hori abestu nahi nuen, nik neuk jota eta ez karaoke edo base bat erabilita. Orain, ordea, nik sortu dudan horrek pianoa baino gehiago duela ikusita, arraroa egin zait. Azken egunetan zalantza asko sortu zaizkit besteek zer pentsatuko duten bueltak emanaz, bertigo modukoa ere sentitu dut, baina pozik nago.

Konplexu gutxi izan duzu, ordea, ez baita ohikoa lehen lanean halako abesti bat, ahotsa hain gordin agertuz. Ausarta bada.

Ez? Egia da taldekideek asko lagundu didatela pausu horiek ematerakoan. Ahotsean ez dut konplexurik izan inoiz, baina kantuen hitzen inguruan bai. Jendeak gauza asko galdetzen ditu eta niri ez zait gehiegi gustatzen dena azaltzea. Bai abestiaren istorioa kontatzea, noski, baina ez hitzez hitz zer esan nahi dudan, oso intimoa delako hori. Eta horrek beldurra sortzen dit.

Oso poetikoa da zure idazteko modua.

Nik asko irakurtzen dut eta gustuko ditudan esaldi guztiak apuntatu eta koadernoetan gordetzen ditut. Akaso Anari izan daiteke erreferentzia bat disko honetan, baina azkenaldian sortzen nabilen abestietan Ibil Bediko Amets Arangurenen idazteko moduan ere ari naiz fijatzen eta bada erreferentzia. Baina Ametsi berea Anari dela irakurri nion noizbait, hortaz, dena lotuta geratzen da nolabait ere.

Hammondak kolore berezia ematen dio ‘Hiperakusia’ kantuari. Hiperakusia pairatu duzu edota metaforikoa da?

Amonaren heriotzak ekarritako prozesu horretan, sakontasun batera iristeko geruza asko pasa nituen eta bide horretan zarata asko dago. Gauetan ezin lorik egin, buruak ezin atseden hartu... zarata asko zegoen hor, eta kontuz. Bakarrik egoteko beharra duzu, baina zaila da. Asko idatzi nuen, eta autobusean eta trenean asko idatzi nuen. Koaderno bat betetzeko beste bai behintzat.

Autobusean egunero ordu berean egiten zenituen bidaiak?

Bai.

Eta inork galdetu zizun sekula ea zer idazten zenuen egunero?

Egia esanda ez, koadernotik ez nuen altxatzen burua.

Ahotsaren trataeran oihartzun handia erabili duzue eta planoetan atzerago dago. Zer da, soinuaren metafora horrekin lotura duen zerbait?

Bada ez, ez naiz horretaz jabetu. Soinu aldetik diskoko abesti potenteena da eta askok esan dit ez zaidala hain ongi ulertzen, baina horrela gustatzen zait. TOC taldeak ere hori egiten du, adibidez, asko gustatzen zaidan zerbait da eta abesti honek behar zuen. Ez da gure erabakia izan, Ibai Osinagarena izan da eta Ibaik ondo identifikatu du behar hori.

Ibaik letretan erreparatuko zuen, akaso.

Hala beharko du, nik ez baitut azalpen askorik eman abestien inguruan. Taldekideei ere ez, eta orain ariko dira akaso harriduraz jasotzen informazio hau guztia.

‘Yugen’ izan zen singlea, baina zer da yugen?

Oso zaila da azaltzeko. Japoniako kulturan erabiltzen den terminoa da, baina ez du itzulpen zehatzik. Ezezaguna denari edota ilunari egiten dio erreferentzia, erantzun emozional sakonegiak hitzetan jartzea kostatzen denari egiten dio erreferentzia, Hubble eta unibertsoarekin badu lotura. Baina, tira, Pinterest atarian topatu nuen kasualitatez, taldearen izenaren bila inspirazio iturri moduan erabili nuenean.

«Nola zainduko dut oraindik ez naizen hori», hori bada yugen egoera bat?

Barrura begiratzean, sakontasun maila batzuetan zarata asko dago eta blokeo egoeratara iristen zara. Hortik nola irten pentsatu behar izaten da eta ez da erreza izaten. Maila horiek pasatzen zoazen heinean sentitzen duzu ez zarela zure burua zaintzen ari, baina ez; batzuetan zaintzea prozesu batetik pasatzea ere bada, gaizki egotea ere bada, beti ez da dena ongi egotea. Izango zaren hori ondo egon dadin, orain gaizki pasatzea egokitzen zaizu batzuetan.

Singlea kaleratu ostean jasotako erantzunak lasaitu zaitu?

Iritsi nintzen puntu batetara ez nuela ikusten abesti hau kalean; beldurra zen horren eragile. Jaso dudan erantzunarekin ez dut sinisten jendeak gustuko izatea, ez eta entzutea ere. Ez dut sentitzen posible zuk hau entzutea, beraz ez dut nirea denik ere sentitzen, nahiz eta beste alde batetik oso nirea den zerbait bezala sentitzen dudan.

Hamazazpi kantutik bost kaleratu dituzu. Zergatik?

Uste gabean berrienak diren bost kantuak aukeratu ditut. Sakontasun maila bat zuten lehen abestiek, baina azken bost hauek askoz ere sakonagoak dira. Ordena batean jarrita bost abesti hauek zentzu bat zutela ohartu nintzen eta, nolabait, amonaren heriotzarekin abiatu zen ziklo hori ixten zuten. Beste abesti batzuk sartu izan banitu zentzua galduko zuten. ‘Hubble’ izan zen sortutako azkena, hor jabetu nintzen zikloa itxi egiten zela.

Abesteko modua ere oso berezia duzu.

Interpretatzeko joera dut, sentimendutik abestekoa. Lagun batek esan zidan behin hotzikarak sentiarazten nizkiola. Ama ere maiz harrituta geratuko zen niri begira, zertan ari ote nintzen pentsatuz.

Sortu, ordea, nola sortzen duzu?

Pianotik, elektronikarekin ezin dut. Nire sormen prozesua moztuko lukeela uste dut, gailuarekin haserretuko nintzatekeelako ziurrenik. Ordenagailua pizten soilik dakit, eta kitto. Kantuak pianotik sortzen dira, nahiz eta, batzuetan, ideia bat dudanean ahotsarekin audio notak grabatzen ditudan.

‘Larrua’ abestiko kantuko baxua elektronikoa da, hala ere.

Teklatuarekin dago egina. Baxu-jotzaile batekin ere hasi ginen, baina desastreak gara. Nahiko nuke kontzertuak eman eta jakin hau nola interpretatuko nukeen jendearen aurrean, hori da nire ametsa. Ez dakit jendaurrean nola erreakzionatuko dudan. Baina momentuz ikusi behar dugu ea hau kalean hau gustokoa den edo ez, ze akaso ez du funtzionatuko. Ekainean hasiko gara berriz ere entseatzen eta hortik aurrera, norbaitek deitu nahi badigu, dei gaitzala. Baina arraroa egingo zait norbaiten deia jasotzen dudan unea, ni oraindik nire iruditeriako nire logelan nagoelako pianoa joz.

Edizio fisikoa ere horren baitan joango da?

Ez dugu gauza horietan batere pentsatu. Nik amonari ezin dizkiot halako abesti gehiago egin eta disko hau bere horretan geratuko da. Sortu dut beste zerbait, baina oraintxe nire sormen jarioa pixka bat agortu egin dela sentitzen dut eta etapa bat itxi behar dela uste dut hurrengoa abiatzeko.

Bada, izan ditzazuela aukerak eta gozatu dezazuela zuzenekoetan.

Eskerrik asko!

Jaurlaritza Logoa