En directo
Abenturazale amorratua da aste honetako protagonista, eta, oso berezia zaion jauzi bati buruz jardun da saioan: Txinara joan zen orain urte batzuk bikotekidearekin eta alabarekin, bi hilabetez.
Familian bidaiatzeari neurria hartuta, askotariko txokoak ezagutu dituzte elkarrekin, besteak beste, Iran, Malaysia, Indonesia... Modu batera edo bestera esanda, haur batekin bidaiatzeak ateak irekitzen dituelakoan da Ahedo, izan ere, haren ustez, herrialde batzuk beste batzuk baino «errazagoak» omen dira haur batentzat, eta «jendeak gehiago laguntzen zaitu», ume batekin bidaiatuz gero. Kasu horretan, erosoa al da Txina familian bidaiatzeko? «Oso herrialde interesgarria da, bere gauza onekin zein txarrekin, noski», dio Ahedok. Erosoa bai, baina gogorra ere ba omen da elkarrizketatuaren hitzetan: «Inguruko herrialde askotan ez bezala, oso zaila da, orokorrean, Txinan, atzerriko bidaiariak ikustea. Hori dela eta, zailtasunekin egin genuen topo, baita erronkekin ere».
Munduko hiririk populatuenetako bat izan zen beren bidaiaren abiapuntua, Beijing. Bertan ostatu hartuta, orain 500 urteko Txinara atzera salto egiteko aukera izan zuten Hiri Debekatuan murgiltzean, baita Harresi Handiaren zati bat zeharkatu zutenean ere. Biak ala biak espazio erraldoiak direla du gogoan Ahedok, beste hainbat toki turistiko bezalaxe: «Dimentsio handia hartzen dute Txinan horrelako tokiek, jende askorentzat daude pentsatuta. Pentsa, 200-300 pertsona sartzen ginen minutu eskasean». Ildo beretik, Terrakotazko armada bada, besteak beste, egunero-egunero, turista askoren arreta erakartzen duen beste toki bat.
Zortzi mila soldadu ikusteko aukera izan zuen familiak: «Gerlariak gertutik ikusi genituen; berez, elkarren ezberdinak dira, benetako pertsonetan oinarrituta baitaude guztiak. Xehetasun handiz eginda daude». Atseden hartzeko premia Sichuango probintzian, Chengdun, 2.500 metrora, hartz panda ikusten egon ondoren, Lugu lakuaren ertzetara ailegatu ziren, Mosuo herria ezagutzeko. «Leku ederra da, mendien artean, eta gure arreta deitu zuen», dio Ahedok, «bertan, etxearen jabetza emakumeena da, eta, aldi berean, pertsona batekin baino gehiagorekin egon daitezke horiek, loturak beste modu batean ulertzen baitituzte». Bada, komunitate batetik beste batera egin zuten jauzi, Yunnango probintziara ailegatu zirenean: Himalayaren magalean, Txinako hegoaldean kokatzen da lurraldea, eta Myanmar, Laos eta Vietnam ditu bizilagun. Elkarrizketatuaren hitzetan, garai bateko Txinan kokatzen laguntzen du bertako arkitekturak, baina kutsu tibetarrarekin: «Bertan bizi dira Txinako etnia gehienak». Era berean, lurrari oso errotuta bizi direla antzeman zuen Ahedok, probintziari emandako itzulian ikusitako te gorriko landaketa erraldoietan.
Bi hilabetez Txinan egoteko asmoz hasi zuten bidaia. Nola nahi ere, noranzko berria hartu zuen beren bideak. Txinak «gehiegi harrapatu» zituela uste du Ahedok, eta, apur bat atseden hartzeko, Vietnamera jo zuten, abenturaren azken txanpan sartu aurretik. Erabaki ona izan zela uste du bidaiariak: «Nekatuta geunden, baina, hamabost egunen ostean, berriro ere pilak kargatuta itzuli ginen Txinara».
Bidaia borobiltzeko modu ezin hobea aukeratu zuten, kutsu magikoarekin igaro zituzten-eta Txinako azken egunak. Lehen geltokian, Zhangjiajie Parke Nazionalean eta inguruetan izan ziren. Mendi barruko igogailuak, funikularrak, beirazko pasabide altuak amildegiaren ertzean... Avatar pelikulan murgiltzeko aukera izan zuen familiak, paraje horietan oinarrituta baitaude filmak: «Beste inon ikusiko ez dituzun gauzak aurkituko dituzu Txinan». Bestalde, mendi tontor altuetatik, fantasiazko erreinura joan ziren bi hilabeteko egonaldiari bukaera magikoa ematera, Shanghai Disneyland parkean.
Hitzok motz gelditzen dira Ahedok eta etxekoek bizi izan zituzten abentura guztiak kontatzeko. Hortaz, familia bidaiariak esateko dituenak entzuteko prest?