Zuzenean
Iritsi gara lehen denboraldiaren azken geltokira. Hala, leku bati baino gehiagori erreparatuko diogu saioa honetan, Joxelu Oiarzabal bidaiari zumaiarraren eskutik. Bidaiaritzat baino gehiago, nomadatzat du bere burua elkarrizketatuak, izan ere, toki batetik bestera lekualdatzea du gustuko etxe finkorik izan gabe.
Orotara, 20 bat urte daramatza bidaiatzen, tarteka, Euskal Herrian egindako geldialdiekin: bost kontinenteak zapalduta, 80 herrialde pasatxo bisitatu ditu. «Jamaikara egindako jauzian konturatu nintzen ederra zela bidaiatzea. Eta, horrela, gaur arte».
Bere buruarekin oso ondo konpontzen dela aitortu du protagonistak, eta oso erraza zaio bakarrik bidaiatzea, bidean lagun mordoxka egiten dituelako. Inork gutxik bisitatzen dituen tokietara joatea du gustuko Oiarzabalek. «Zerbaitetan interesgarria izatea: musikalki, kulturalki, hizkuntza aldetik...», horixe du gutxieneko irizpide abenturazaleak bere hurrengo helmuga zein izango den erabaki behar duenean. Gainera, normalean, ez du toki bera birritan bisitatzen: «Mundua oso zabala da toki berera behin baino gehiagotan joateko».
Tarteka, energia-kostu handia eskatzen dio etxe finkorik ez izateak, «ez da erraza, autostop egiteaz gain kanpin-dendan lo egiten dudalako»
Hasiera batean, sei bat hilabete ematen zituen kanpoan, jaioterrira lanera itzuli aurretik. Dena dela, abentura eta inprobisazioa maite ditu Oiarzabalek, eta bidaiaren luzera aldagarria da, batetik bestera. Tarteka, energia-kostu handia eskatzen dio etxe finkorik ez izateak, «ez da erraza, autostop egiteaz gain kanpin-dendan lo egiten dudalako. Neketsua da, batez ere, psikologikoki. Orain, gelditu behar dudanean, gelditu egiten naiz».
Abentura bilatzen ez duen horietan, badirudi abentura bera gerturatu egiten zaiola Oiarzabali. Inprobisaziotik ere asko dute zumaiarraren jauziek. «Prozesu bat» izan dela aitortu du, alegia, ez zituen horrela antolatzen bidaiak hasiera-hasieratik; denboraren poderioz, eskarmentuari esker, neurria hartzen joan da protagonista.
Kanada, Hego Korea, Argentina, Timor...
Horrela, bere ibilbideko zertzelada batzuk mahaigaineratu ditu saioan: itsasontzi baten egon zen bizitzen Haida Gwaii uhartean (Kanadan); autostop egitetik, ingeleseko klaseak ematera egin zuen salto Hego Korean. Kanpin bat ireki zuen Argentinara egindako bidaian eta, Ekialdeko Timorren, bertako herritarren eskuzabaltasunarekin egin zuen topo. Bide beretik, etxeko terraza batetik, zebrak, elefanteak, hipopotamoak eta beste hainbat basa-animalia ezagutu zituen Zinbabwera joan zenean eta aho bete hortz itzuli zen, txundituta, Irandik.
Etxeko terraza batetik, zebrak, elefanteak, hipopotamoak eta beste hainbat basa-animalia ezagutu zituen Zinbabwera joan zenean eta aho bete hortz itzuli zen, txundituta, Irandik
Dena dela, guztia ez da liluragarria izaten, ordea, eta tartean ere izan du ezusteko desatseginik. Somalilandian esaterako, ez zen batere ongi-etorria izan, edota esku hutsik gelditu zen Martinikan, hondartza pribatu batean kanpin-denda lapurtu ziotenean.
Gazi-gozo guztiak ondo baino hobeto oroitzen ditu Oiarzabalek, eta bidaia-koaderno mordoxka ditu pilatuta orain ia mende laurden Jamaikara bidaia egin zuenetik.
Afrikara begira dago orain, baina, denboraldi batez, Zumaian bizitzen ikusten du bere burua, berriro ere hara eta hona ibiltzen hasi aurretik.
Amaiera ezin hobea eman diogu Bidaiari saioko lehen denboraldiari, etxea bizkar gainean, bost kontinenteak ezagutu dituen abenturazalearen eskutik. Urrian ikusiko dugu elkar, laster arte!