Zuzenean

Alba Cabrera

«Txikia sentitzen zara Manaslu mendiaren magalean»

Himalaian izan da duela hiru hilabete Andoni Iruretagoiena, Izeta. Alex Txikon alpinistaren Manasluko espedizioa gertu-gertutik jarraitu du.

Audio_placeholder

«Txikia sentitzen zara Manaslu mendiaren magalean»

Loading player...
Alex Txikon eta Andoni Iruretagoiena Nepalen.
Alex Txikon eta Andoni Iruretagoiena Nepalen. (Andoni Iruretagoiena)

Etxean dagoenean, pentatloian nahiz sagardotegian lanean ibili ohi da buru-belarri Andoni Iruretagoiena, Izeta. Dena dela, urtero-urtero, tartea hartzen du bidaiatzeko. Hala, berriki egindako bidaia bat ekarri du gogora saio honetan, eta a zer nolako bidaia, gainera! Nepalen izan da bikotekidearekin batera, Alex Txikon alpinistaren Manasluko (8.156m) igoera gogoangarrian parte hartzen: udan, bere lehen 3.000 metroko mendia igotzetik, neguan, Himalaiako espedizioan parte hartzera. Katmandura ailegatu eta bi egunera, jada, gorputzari aklimatatzeko aukerarik eman gabe, Manasluranzko bideari ekin zioten, espedizioko logistika-lanak egin ostean. Izan ere, gorputzari egurra eman baino lehen, buruari eragin behar omen zaio eta. Lehenak izan ziren ailegatzen: «Gaua zetorrenez, hamabost pertsonentzako kanpin-dendak muntatu, hozkailu bat egin eta janaria antolatu genuen, zer falta den eta zer ez jakiteko».

Isiltasun handia gordetzen du Himalaiako mendilerroak Iruretagoienaren esanetan: «Txikia sentitzen zara Manasluko mendiaren magalean. Parera begiratu eta munstro zuriez inguratuta ikusten duzu zeure burua». Isiltasuna bai, baina haizearen orroa eta ufadak ere nagusi izan ziren, espedizioa nolabait baldintzatzeraino.

Bertan instalatuta, askotariko irteerak egin zituzten alboko tontorretara nahiz zertxobait aldentzen ziren gailurretara. Egunean hogei bat kilometro egiten zituzten, baina Iruretagoienak azpimarratu du ez dela gauza bera Euskal Herrian edota Himalayan lauzpabost orduz ibiltzea, altuerak aski eragiten baitu. Hala, Larkya Pass (5.106 m) mendia igo, Txinako mugara gerturatu eta Annapurnako trekinga egiteko aukera izan zuten. Ibilbideko alde «tropikala» egitea erabaki zuten; udan, esaterako, arriskutsu omen da bertatik ibiltzea, suge asko baitabil bertan: «Mardi Himal (5.587m) egin genuen, Machapuchare (6.993 m) parean geneukala. Izugarri polita da bertatik ikusten den iluntzea. Bost eguneko txangoa hiru egunetan egin genuen, ez baikeneukan denborarik».

Andoni Iruretagoiena Nepalen, helikopteroan. (Andoni IRURETAGOIENA)

Esanak esan, Himalaiaren beste aurpegi bat ezagutzeko aukera ere izan zuten, maiz errepikatzen baita Annapurnako parajeetan nahiz Everesteko igoeran argazki berbera, hots, mendizaletasuna negozio bihurtuta: «Egia da jende pila bat bizi dela diru-iturri horretatik, inoiz ikusi dudan pobreziarik handiera ezagutu nuen Samagaunen. Era berean, ez nuke esango turismoak Himalaia irentsi duenik, baina mendizaletasunak berezkoa duen ilusioan eragina izan du». Manaslu, neguan eta oxigeno gabe Gabonak ere gozotik ospatu zituzten, 2022tik 2023rako jauzia Manasluko oinarrizko kanpamenduan egin baitzuten.

Elkarrizketatuaren ustez, berotasuna eta indarra eman zion horrek Txikoni, ondoren, gailurrera igotzeko. Horrela, ziztu bizian tontorreratu zuen neguko sasoian igotzen duen bigarren zortzimilakoa. Lehena Nanga Parbat (8.125m) izan zen Karakorumen, Pakistanen: «Aurten, hirugarren saiakera zuen Manaslun, eta, eguraldia aldeko zuen. Nire ustez, ziur zegoen eta bazekien egin, egingo zuela».

Alpinista euskaldunak goranzko bidea hartu zuenean, gertutik jarraitu zuten bere bidea, harik eta zorioneko albistea ailegatu zen arte: «Gailurra, gailurra!», entzun zuen bikoteak, walki-talkiaren beste aldetik, Euskal Herriratzeko asmoz, jada, Katmandura iritsi berri zirenean. «Joan aurretik, handi etorri zitzaidan hasieran proposamena. Baina, behin bizita, izugarrikoa izan da. Espero dut berriro ere Alexekin itzuli ahal izatea».

Jaurlaritza Logoa