Zuzenean

Alba Cabrera

«Victoria ur-jauzietan sentitu nuena azaltzea zaila egiten zait»

Birritan izan da Zimbabwen Olatz Goya, Alistair Masukusa bikotekidearen jaioterria eta familia ezagutzen. Zur eta lur utzi zuen herrialdeak, fauna eta flora basatiak nahiz Hararek, zementuzko oihanak.

Audio_placeholder

«Victoria ur-jauzietan sentitu nuena azaltzea zaila egiten zait»

Loading player...
Olatz Goya, Victoria ur-jauzietan.
Olatz Goya, Victoria ur-jauzietan. (Olatz Goya)

Etxetik datorkio Olatz Goya Ostolazari bidaiatzeko zaletasuna, familiako kide guztiek maite baitute, hara eta hona, txoko bereziak ezagutzea. Hala, Groningenen (Herbehereak) bizi da, duela hiru urtetik, ikasketak medio. Bertan ezagutu zuen Alistair Masukusa bikotekidea, eta haren eskutik iritsi zen Goya saio honetan bisitatuko dugun herrialdera: Zimbabwe. Birritan izan da bertan: lehen jauzian, ibilbide turistikoagoa egin zuen, eta, aldiz, bigarrenean, Masukusaren familia ezagutzeko aukera izan zuen.

Kolore berdeek irentsitako lurraldea

Lehen bidaian, Harare hiriburura iritsi bezain pronto, autoa hartu zuten, Nyanga Parke Nazionalera jotzeko. Bidea ez zen laburra izan eta ez zituen kilometro luzeak arintzen lagundu errepideen egoerak: «Zulo asko daude bidean, eta makina bat istripu eragin ditu horrek.

Horren jakitun izanik, kontu handiarekin ibiltzen dira zimbabwetarrak». Hortaz, ezusteko desatseginak saihesteko, bost zentzumenak zorroztuta iritsi ziren herrialdeko punturik altuenera. Aho bete hortz utzi zuten elkarrizketatua Mutarazi ur-jauziek nahiz altuera handiko trokarteek.

Alde batetik bestera joateko zubi estu bat dago, baita tirolina ere; bada, adrenalina bila, biak probatu zituen Goyak: «Aurrez, beldurra sentitu nuen, baina inguruak txunditu egin ninduen: ur-jauziaren albotik igaro nintzen tirolinan. Oso berezia izan zen momentua». Paraje berdeak ezagutzeaz gain, herrixketara ere gerturatu zen Goya, bertako «bizimodu organikoa» ezagutzeko asmoz: «Naturarekin harreman estua daukate, eta komunitatean bizi dira».

Herrialdean barrena egin zuen bigarren jauziak ere oso gertu du natura, edo, hobe esanda, elkarrizketatuak dioen legez, «Kariba bera natura da». Atzerritarren nahiz zimbabwetarren interesa pizten duen gune turistikoa da: askotariko fauna eta flora basatiaz inguratutako laku artifiziala da munduko urtegirik handiena. Bada, putzu handira ailegatu aurretik, ongietorri berezia egin zioten bertako bizilagunek: lehoinabar batekin gurutzatu ziren errepide erdian, baita elefanteekin ere. Hori nahikoa ez eta hipopotamoak nahiz zebrak ere ezagutu zituen, beren habitatean, aske: «Naturan murgiltzen zara, bete-betean. Elkarbizitza baketsua dute gizakiekin, konfiantza dezente sentitzen dute animaliek eta bertan bizi diren herritarrek asko errespetatzen dituzte».

Biziki maitemindu zen Goya Nyangako eta Karibako parajeekin, baina Victoria ur-jauziek hunkitu zuten gehien. Kosta egiten zaio elkarrizketatuari Zambezi ibaiaren erorikoaren parean egoteak sortu zion zirrara azaltzea. Orro egiten du urak, euria goitik behera, behetik gora erortzen den bitartean: «Ur-emari handiko egun batean joan nintzen eta blai amaitu genuen! Zaila egiten zait hitzez azaltzea Victoria ur-jauzietan sentitu nuena».

Harare kaotikoa

Victoria ur-jauzietan adrenalinatik Harare hiriburuko bizitza frenetikora egin zuten jauzi, bidaia borobiltzeko. Kaos ordenatua dela dio elkarrizketatuak. Zertan da, baina, ordenatua eta zertan kaotikoa? «Beraientzat ezaguna da kaosa, eta ohitu egin dira horretara, nolabait. Baina, bai, bisitan joanez gero, estresagarria izan daiteke». Metropoli bizia dela ere badio, «denbora guztian gauza asko ari direla gertatzen», egun argiz, baita eguzkia sartzen denean ere. Nolakoak dira Harareko gauak? «Zoragarriak», dio Goyak, «oso gustuko dut musikaren erritmopean gorputza mugitzea; beraz, toki aproposera joan nintzen».

Guztia ez da dantza, guztia ez da parranda, Masukusaren familia ezagutzeko tartea ere hartu baitzuen: «Euskal Herriarekin gogoratzen nintzen, beraien hizkuntza ere gutxitua delako». Hizkuntza ofiziala ingelesa den arren, shonera hitz egiten dute Masukusaren etxean, baita ndebelera ere.

Zimbabwera egindako bi joanaldiak, hitz bakarrarekin laburbiltzen ditu Goyak: Ubuntu. «Gu gizakiak gara, beste gizaki batzuekin nahiz naturarekin harremanetan gaudelako, eta modu errespetutsuan, gainera». Unibertsitateko ikasketen azken txanpan dago, orain. Groningen atzean utzita, zein izango da, horrenbestez, abenturazalearen hurrengo geldialdia?

Jaurlaritza Logoa