En directo

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Liher taldeak ‘Eramaten’ kantua kaleratu eta kontzertu sorta iragarri du

‘Eta hutsa zen helmuga’ diskoaren bigarren urteari hasiera eman eta horrekin ‘EHZH - Eguzkiari azken bira’ izenpean udaberriko kontzertuen datak iragarri ditu talde gipuzkoarrak.

Audio_placeholder

Liher taldeak ‘Eramaten’ kantua kaleratu eta kontzertu sorta iragarri du

Loading player...

«Diskorik ez dator aurten, beste zerbait kaleratuko dugu baina urtea aurrera joan ahala izango da hori», esan digu Lide Hernando Liher taldeko abeslari eta gitarra-jotzaileak. ‘Eramaten’ izeneko kantua zabaldu dute otsailaren 24arekin batera plataforma digital guztietan, bideoklipa kaleratu eta astebete pasatxora. «Askorentzat sorpresa moduko bat izan da baina guretzat ez da hainbesteko aldaketa ematen duen kantua, Liherren diskoetan beti egon delako halako balada estiloko kanturen bat», aipatu digu Hernandok.

2021a bukatu aurretik atera zuten ‘Eta hutsa zen helmuga’ taldearen laugarren diskoa eta hura aurkezten dabiltza ordutik hona. Orain, single hau eta beste bat kaleratuko dituztela iragarri dute, diskoaren bigarren urtean kontzertu garrantzitsu batzuk izango dituztela iragartzeaz gainera. Martxoaren 18an Oñatiko ‘Dena aldatzen’ ekimenean izango dira eta apirilaren 7an Elorrioko Gazte Topagunean, esaterako. Baina baita bestelako jaialdietan ere, martxoaren 31n Iruñean izango direlako Iruña Rocken baitan eta ekainaren 15ean Gasteizko Azkena Rock Festivalen. Data ere gehiago iragarri dituzte eta «uda sasoikoak lotzen» ari direla ere esan digu musikari donostiarrak.

Ane Berriotxoaren bideoklipa

Badator estudioarekin elkarlanean egin dute ‘Eramaten’ kantuaren bideoklipa, Ane Berriotxoaren zuzendaritzapean: «Aneren sentsibilitate guztia ikusten da bideoan eta oso pozik gaude lortutako emaitzarekin. Grabaketan denetarik egitea tokatu zitzaidan, uraren azpian denbora dezente ematea ere bai, baina gustura aritu nintzen», nabarmendu du Hernandok.

Biffy Clyro taldearen mundutik gertu dagoen kanta dela aipatu ziguten, «baina 90etako soinutik ere zerbait badu eta jende askok U2 edota Coldplay bezalako taldeak aipatu dizkigu kantua entzun ostean. Poztekoa da jendeak abestiaren inguruan pentsatzen duena eta sentitzen duena jakitea ere», bukatu du Hernandok.

 

Jaurlaritza Logoa