En directo

Zuriñe Iglesias
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva
Entrevista
Lourdes Oyarbide
Laboral Kutxako txirrindularia

«Gaztetan hasi nintzenean, ez nuen espektatiba handirik; iritsi zaidana esker onez hartu dut»

Hamabi urteren ondoren, Lourdes Oyarbidek (Egino, 1994) txirrindularitza utzi du. Urte hasieratik buruan zuen azken urtea izango zela. Taldekide on eta langile finaren zigilua du. Egin duen ibilbidearekin «asebeteta» dagoen arren, arantzatxo bat geratu zaio: Tourra ez korritu izana.

Audio_placeholder

«Gaztetan hasi nintzenean, ez nuen espektatiba handirik; iritsi zaidana esker onez hartu dut»

Loading player...
Lourdes Oyarbide txirrindularia, Araian.
Lourdes Oyarbide txirrindularia, Araian. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Bizikleta ondoan daramala, Araiako plazara oinez dator Lourdes Oyarbide, irribarre batekin aurpegian, abegikor. 7 urtetatik bizikleta gainean, eginoarrak hamabi urte egin ditu tropelean, eta 30 urterekin erretiroa hartzea erabaki du. Azken urteetan «gauza asko» galdetu dizkio bere buruari, eta aurten «pixkanaka erantzuten» joan da: «Gaztea naiz, eta gauza gehiago egin nahi ditut bizitzan». Bizkaia-Durango (2013-2017), Movistar (2018-2023) eta Laboral Kutxa (2024) taldeetan korritu du.

«Asebeteta» dagoen arren, arantzatxo bat geratu zaio, Tourra korritu gabe geratu delako. Adierazgarria da zeinen barneratua duen, taldekideren batek berak baino maila hobea duenean, nola uzten dituen bere helburu pertsonalak alde batera eta taldearen mesedetan korritzen duen. Aurten egin duen bezala, adibidez. Horixe da Oyarbidek txirrindularitzan utzi duen arrastoa. Aurrera begira, ez du baztertzen txirrindularitzan txikienei esku bat botatzea.

Orain dela bi aste iragarri zenuen txirrindularitza utziko zenuela. Zer moduz zaude?

Lehenengo astea pixka bat arraroa izan zen, eta aldi berean berezia, jende askok idatzi zidalako. Orain lasaiago nago.

Hamabi urte egin dituzu tropelean. Zergatik hartu duzu txirrindularitza uzteko erabakia?

Beti esan dut 40 urterekin ez dudala lehiatzen jarraitu nahi. Azken urteetan gauza asko galdetu dizkiot neure buruari: ea zer nahi nuen, zenbat urtez ikusten nuen neure burua txirrindularitzan... Pixkanaka galdera horiek erantzuten joan naiz. Gaztea naiz, eta gauza gehiago egin nahi ditut bizitzan. Uste dut hau dela unerik onena. Azkenean ausartu naiz erabakia hartzera.

Iaz Laboral Kutxak fitxatu zintuenean, urte baterako sinatu zenuen. Jada buruan zenuen akaso azken urtea izango zela?

Bai. Ez nuen argi zenbat urte jarraitu nahi nuen, baina beti esan dut egiten nituen urteek kalitatezkoak izan behar zutela. Iaz ez nuen askorako konpromisoa hartu nahi, horregatik sinatu nuen urtebeterako. Urtean zehar joan naiz pixkanaka gauzak argitzen, eta pentsatu dut momentu ona zela.

Zer moduzko esperientzia izan da Laboral Kutxakoa?

Taldeak proiektu oso polita du. Oraindik urte asko geratzen zaizkio finkatu dituen helburuak lortzeko, baina bide onetik doaz. Pozik nago urtebete haiekin korritu dudalako. Neska gazteak daude, potentzial handia dutenak, nahiz eta oraindik gauza asko dauzkaten hobetzeko eta fintzeko. Onena opa diet, eta orain beste alde batetik jarraituko ditut.

Ane Santestebanekin batera, Euskal Herrian txirrindulari erreferentea izan zara. Esperientziarekin iritsi zara etxeko taldera. Zer irakatsi diezu gainerakoei?

Batez ere lasaitasuna eman diet. Taldeak aurten gonbidapen garrantzitsuak lortu ditu. Maila altuko lasterketetan egoteak urduritasuna eragin die txirrindulari batzuei, eta hori desagertzeko edo kudeatzen jakiteko, nire esperientziarekin saiatu naiz haien alboan egoten eta lasaitasuna helarazten. Gauzak oso ondo atera dira. Taldea Tourrean, Espainiako Vueltan eta Giroan egon da. Lan polita egin du, telebistan presentzia eduki dute. Espainiako Txapelketa irabazi da, Eibarko lasterketa, Pirinioetako Tourra... Gauzak ondo egiten ari dira, eta txirrindulariak erantzuten ari dira.

Irabazi dituzuen lasterketak aipatu dituzula, espero zenuten hain ondo aritzea?

Ez. Denontzat sorpresa handia izan da, nahiz eta emaitza horiek ez diren nahigabe lortu. Txirrindulari guztiek lan handia egin dute etxean, eta ez da urtebeteko lana, azken urteetan egindakoa baizik. Lanaren emaitzak orain ateratzen ari dira. Taldeak ere ahalegin handia egin du, baita babesleek ere. Pixkanaka emaitzak lortzen joan gara. Askotan, lana egin arren, emaitzak ez dira lortzen. Aurten zortea izan dugu, emaitzak iritsi direlako, baina gerta daiteke beste baldintza batzuk eman eta emaitzarik ez lortzea. Beti esaten dugu txirrindularitzan egun on bat edukitzeko 30 edo 40 txar eduki behar ditugula.

«Maila altuko lasterketetan egoteak urduritasuna eragin die txirrindulari batzuei. Nire esperientziarekin saiatu naiz haien alboan egoten, eta lasaitasuna helarazten»

Adibidez, Espainiako Vuelta datorkit burura. Zenbait ihesalditan sartu zineten, baina saririk ez.

Beti esaten dugu txirrindularitzan egun on bat edukitzeko 30 edo 40 txar eduki behar ditugula. Saria lortzea zaila da.

Usoa Ostolazak maila oso ona eman du. Nola ikusi duzu zarauztarra?

Usoaren [Ostolaza] kasuan, iaz jada ikusi nuen. Iazko urtea oso ona egin zuen, nahiz eta agian emaitzarik ez lortu. Hazkundea hor dago. Aurtengo emaitzak iazko lanagatik eta aurreko urteetan egindako lanagatik lortu ditu. Urte oso ona eduki du, eta batez ere konstantea izan da. Apirilean sekulako maila erakusten hasi zen, eta gai izan da urte osoan zehar maila horri eusteko. Oraingoz eduki duen urterik onena izan da, baina ziur nago etorkizunean ere urte onak izango dituela.

Urteko albisterik txarrena Ane Santestebanek izan duen arnasa gaixotasuna da. Espainiako Vueltan ez zen lehiatu horregatik eta geroztik arrastaka ibili da. Nola dago errenteriarra?

Aneren [Santesteban] kasua zaila da. Gorputzak erantzuten ez duenean gauza batengatik edo bestearengatik, zaila da aurrera jarraitzea. Berarentzat ez da urte erraza izan, baina Ane azken hamarkadan izan dugun txirrindularirik onena izan da Euskal Herrian eta estatu mailan. Berak duen kalitatea hor dago. Urte txarra izan arren, oraindik urteak geratzen zaizkio txirrindularitzan, eta ziur nago egoerari buelta emango diola.


Movistarretik Laboral Kutxara etortzerakoan, aipatu zenuen korritzerako garaian askatasun handiagoa eduki nahiko zenukeela. Lortu duzu?

Zenbait lasterketetan askatasuna eduki dut, baina urte erditik aurrera taldekide asko oso indartsu ikusi ditut. Nahiago izan dut haiei lagundu eta haiekin helburu on bat lortzen saiatu. Usoak sekulako maila eman du, Yuranik [Blanco] ere emaitza politak lortu ditu, eta Nadia [Quagliotto] esprintean sartu da. Horrelako txirrindulariak alboan edukita, xede pertsonalak alde batera uztea nahiago izan dut, banekielako haiek xede hobeak lortzeko aukerak zituztela.

Hori izan da urte guzti hauetan zure zigilua txirrindulari bezala? Taldekideei laguntzea, alegia?

Baliteke, bai. Azkenean txirrindularitza kirol berezia da. Indibiduala da, baina talde kirol bat da. Egia da, taldeak egiten duen lanaren eraginez, gero txirrindulari bakarrak lortzen duela emaitza, baina askotan emaitza garrantzitsu bat lortzeko txirrindulari horrek bere taldearen laguntza behar du. Oso zaila izango litzateke bakar batek bere kabuz emaitza onak lortzea. Orduan, hobe da indar guztiak batzea helburu zehatz baterako, bakoitza bere kabuz ibiltzea baino.

«Taldekide asko oso indartsu ikusi ditut. Nahiago izan dut haiei lagundu eta haiekin helburu on bat lortzen saiatu»

Aurten Espainiako Vueltako erlojupekoan hamabosgarren egin duzu, Andaluziako Vueltan laugarren mendiko sailkapenean, Strade Bianche korritu duzu, Tour de Normandie, Ardeche... Gustura geratu zara emandako errendimenduarekin?

Egia esan, denboraldiko lehen zatiarekin ez naiz oso gustura geratu. Zenbait arazo fisiko eduki nituen, eta horrek pixka bat geldiarazi ninduen. Gero udaberritik aurrera oso ondo sentitu naiz. Nahiz eta emaitzetan ez islatu, gustura ibili naiz lehiatzen, taldeari laguntzen, taldearen giroan... Alde horretatik pozik nago. Eta urte hasieratik pentsatu nuenez hau azken urtea izango zela, lasterketa guztietara joan naizenean saiatu naiz egun horiek ehuneko ehunean disfrutatzen. Pentsatzen nuen nire azken Espainiako Vuelta izango zela, azken Strade Bianchea... Hori buruan duzula, gauzak askoz ere gehiago disfrutatzen eta baloratzen dira.

Ibilbideari erreparatuta, sei garaipen dituzu. Besteak beste, Espainiako txapeldun bi aldiz izan zara, bat erlojupekoan (2017) eta bestea errepidean (2019). 2019an ere Burgosko Itzuliko etapa bat irabazi zenuen. Zein izan da garaipenik garrantzitsuena eta bereziena?

Berezienak Espainiako Txapelketan lortutakoak dira, eta garrantzitsuena Burgosko Itzuliko azken etapa. 2019a izan zen emaitza aldetik nire urterik onena, baina egia da beste urte askotan maila ona eman dudala, edo, ni behintzat, nire errendimenduarekin oso pozik ibili naizela. Pozik nago txirrindularitzan egin dudan ibilbidearekin. Oso gazte hasi nintzen, eta etapa guztietatik pasatu naiz: amateur moduan ibili naiz, gero profesional moduan kobratu gabe, ondoren Espainiako lehenengo talde profesionalaren parte izan naiz, eta orain Euskal Herria mailan talde profesional batean ibili naiz. Beraz, pozik nago egindako ibilbidearekin, baina egia da gauzak ez direla gehiegi luzatu behar, eta zalantzekin hasten zarenean momentu ona da erabakiak hartzeko.

Burgosko Itzulian lortutako etapa garaipena izan da garrantzitsuena. Zergatik?

Txapelketak profesionalak dira, baina Burgosko etapa izan zen lasterketa profesionala eta nazioartekoa. Ez zen bakarrik estatu mailakoa, atzerriko txirrindulariak ere bazeuden, eta horrek egiten du maila altuagoa izatea. Horrez gain, garaipena lortzeko modua berezia izan zen.

«Nire ustez arazo larriak edukiko ditugu hemendik urte batzuk barru, ez delako oinarrizko maila hori zaintzen»

Movistarren sei urte egin dituzu. Tartean, Annemiek van Vleuten izan zenuen taldeburu. Nolakoa da halako txirrindulari baten taldekide izatea?

Polita, oso gogorra eta aberasgarria da. Berak helburu oso garrantzitsuak eta anbizio handikoak zituen. Bere inguruan talde indartsu bat nahi zuen, edo behintzat, konprometitua. Bakoitzak bere rola ehuneko ehunean betetzea, eta hutsegiterik ez egitea. Presio horrek hobetzen laguntzen dizu. Gauza asko ikasi ditut berarekin, momentu txarrak ere pasatu ditugu. Presioaren aldetik, adibidez, gauzak ez zirenean ondo ateratzen. Horrelako txirrindulari bat, lider bat, alboan edukitzea, berak dituen helburuak lortzeko moduan zaudela ikustea, horrek ere hazten laguntzen dizu. Iaz Espainiako Vuelta irabazi zuen, eta ni harekin egon nintzen. Egia da urte horretan ez zela indartsuena, baina sekulako talde lana egin genuenez, azkenean bederatzi segundorengatik irabazi zuen itzulia. Eta horrela irabaztean, erakusten du zein garrantzitsua den talde bat zure inguruan edukitzea.

Haize-babesak izan zenituzten etapaz ari zara, ezta?

Bai, hori da. Inork ez zuen pentsatzen Kantabrian haize-babesak edukiko genituela, eta guk ikusi genuen Santoña aldetik haizea alde izango genuela. Saiakera egin eta ondo atera zen. Sekulako polemika izan genuen etapa horretan, baina gure plana hori zen, eta ondo atera zitzaigun.

Halako polemika baten ondoren, zer giro dago autobus barruan?

Orain barre egiten dut, baina momentu horretan... Guk bagenekien gauzak ez genituela gaizki egin, jendeak pentsatzen zuen atzetik beste motibazio batzuk eduki genituela. Argi genuenez hori ez zela horrela, lasai geunden. Hala ere, gogorra da batzuetan beste txirrindulariak edo taldeak hurbiltzen direnean azalpenak eskatzera edo zerbait salatzera. Alde horretatik bagenekien gauzak ondo egin genituela eta lasai geunden. Tentsio handiko momentuak dira, eta horietan hobe da gutxi hitz egitea [barrez].

Asebeteta geratzen zara egin duzun ibilbidearekin edo arantzarik geratzen zaizu?

Pozik nago, baina egia da pena eman zidala Tourretik kanpo geratzea. Taldearen aurretiko hautaketan nengoen, baina kanpoan geratu nintzen. Hori da pena ematen didan gauza bakarra. Giro batean izan naiz, Espainiako Vueltak korritu ditut, eta gainontzeko klasika guztiak ere probatu ditut. Uste dut munduan dauden ia lasterketa guztiak ezagutzen ditudala. Eta bai, pena ematen dit Tourrean esperientziarik ez edukitzea, baina telebistatik ere disfrutatu izan dut.

«Pozik nago, baina egia da pena eman zidala Tourretik kanpo geratzea»

 

Tropelaren hazkundea bizitu duzu hasieratik, profesionalizazioa. Nolakoa izan da?

Gogorra izan da. Azkenean emakumezkoen kirolak azken urteetan aldaketa asko izan ditu. Egia da ni gaztetan hasi nintzela eta ez nuela espektatiba handirik; orduan, iritsi zaizkidan gauzak esker onez hartu ditut. Orain jada pixka bat urruntzen hasi naizela, perspektibarekin ikusten dituzu gauzak, eta oraindik gauza asko geratzen dira hobetzeko. Nesken profesionalizazioa eta dedikazioa ehuneko ehuna da, eta oraindik haiek ordainetan jasotzen dutena ez dago parean, nire ustez. Urte asko falta dira benetako errekonozimenduak lortzeko. Baina bide onetik goaz eta lanean jarraitu beharko dugu.

Zertan uste duzu hobetu duelako asko txirrindularitzak, eta zertan hobetu behar duela oraindik ere?

Orokorrean baldintzetan. Talde gehiago sortu dira, eta sortu diren taldeak baldintza duinetan ari dira lanean. Antolatzaileek serio hartzen dute lasterketen antolakuntza. Adibidez, segurtasun aldetik, eta ibilbideari dagokionez. Komunikabideek ere asko bultzatzen ari dira emakumezkoen kirola. Ikusten ez dena ematen du ez dela existitzen, eta horrek ere asko lagundu du. Oraindik hobetzeko geratzen dena, uste dut alor horietan gauzak finago lantzean dagoela.

Kontinental mailako talde batzuk desagertu egin dira aurten, tartean Sopela eta Bizkaia-Durango, gutxieneko baldintza ekonomikoak ez zituztelako betetzen. Orain oasi bat da gazte mailatik profesionaletara salto egitea?

Beharrezkoak ziren baldintzak dira. Beharrezko zen federazioa irmo jartzea eta baldintza hauek behartzea. Baina taldeak desagertu egin dira, amateur mailan geratu ordez. Orain gazte mailatik pasatzen direnek hor hutsune bat daukate: zuzenean profesionaletara pasatzen dira edo ia ez dute nora joan. Lasterketen aldetik, asko desagertu egin dira. Hobetzeko modu bakarra lehiatzea da. Zenbat eta lasterketa gutxiago, orduan eta aukera gutxiago dituzu hobetzeko. Askok esaten dute entrenatzearekin nahikoa dela, baina lehiaketak ematen dizu txapelketetarako puntua. Nire ustez, arazo larriak edukiko ditugu hemendik urte batzuk barru, ez delako oinarrizko maila hori zaintzen. Ikusiko dugu, baina sekulako hutsunea dago oraintxe bertan.

Txirrindularitza profesionala utziko duzu, baina bizikleta gainean jarraituko duzu?

Bai, eguraldi ona egiten duenean aterako naiz bizikletan ibiltzera. Baina ez dut betebehar bat bezala hartuko. Nire miseriak pasatu ditut, eta orain disfrutatzeko jarraituko dut bizikletan ibiltzen, baina nik benetan nahi dudanean eta pozten nauenean.

Instagramen egin zenuen bideoari erreparatuta, mendian korrika hasiko zara?

Bai, gustatuko litzaidake lasterketaren bat egitea, baina nire kabuz, ez dut xehetasun gehiagorik eman nahi [barrez] . Lasai ibili nahi dut, nik nahi dudan lasterketetara joan, nik nahi dudan bezala prestatu, presiorik gabe. Maila popularrean, disfrutatzeko.

Jaurlaritza Logoa