En directo

Lander Unzueta

Zeintzuk dira errealitate birtualeko bideojokorik onenak?

PlayStation VR2-aren estreinaldia dela-eta, arlo honetako titulurik esanguratsuenak errepasatu ditugu. E3-aren etorkizunari buruz ere hitz egin dugu Game Erauntsian.

Audio_placeholder

Zeintzuk dira errealitate birtualeko bideojokorik onenak?

Loading player...

Errealitate birtuala, metabertsoa eta bideojokoak. Azkenaldian pixkat alboratuta geratu direla esan daiteke; egia esan, estilo hontako obrak geroz eta urriagoak dira. Egoera pixkat aldatuko dela dirudi, baina: PlayStationekoek euren VR2 gailuak estreinatuko dituzte otsailean, eta hauekin batera etorriko diren bideojokoek eskaintzeko daukatena ezagutuko dugu.

Horrez gain, atzera begira jarri gara: zeintzuk dira VR titulurik interesgarrienak? Ohiko izenak aipatu dira saioan: mundu hau irauli duen Half-Life Alyx, Superhot VR tiro joko ikaragarria, familia osoari zuzendutako Beat Saber dibertigarria… izan ere, katalogo urria da gailu hauena. Dena den, izendatutakoak maisulan hutsak dira, eta horien analisi motzak entzun ahalko dituzue.

Albistegian E3 nazioarteko bideojokoen azoka izan dugu hizpide. Berri txarrak jaso dituzte ekimena bisitatu nahi dutenek: enpresarik handienak ez dute parte hartuko. Xbox, PlayStation zein Nintendo Los Angelesko azokatik kanpo egongo dira aurten. Zorionez, horrek ez du esan nahi aurreko egunetako zuzenekoak egin gabe geratuko direnik; oraindik zehazteko dituzte.

Bideojokoen beste handi batek, Valve-k, Steam Next Fest ekimenaren itzulera iragarri du. Otsailaren 13ra arte ehundaka demoz edo probaz gozatzeko aukera edukiko dute ordenagailuetako jokalariek. Bideojoko interesgarriak ezagutzeko aukera ezin hobea denez, bertan ikusiko ditugun lanetako batzuk aditzera eman ditugu.

Ubisoft ere aipatu dugu gurean. Auto lasterketen The Crew frankizia bueltan da hirugarren atalarekin: Motorfest azpititulua jasoko du. Oraingoan Hawaiira bidaiatuko dugu bakarka nahiz lagunekin lasterketa arruntak zein proba zoroak bizitzeko.

Albisteekin bukatzeko, enpresa handietatik zaleek sortutako obretara igaro gara. Super Smash Bros originalaren romhack ezagunenari buruz hitz egin dugu: Smash Remix bikainak eguneraketa berria kaleratu du. Pertsonaia, borrokaleku eta ezaugarri berriak gehitu dizkio 1999. urteko maisulan maitatuari.

Jaurlaritza Logoa