En directo
Joseba Sarrionandiak idatzi eta Ruper Ordorikak musikatutako poema batetik sortu zen Martin Larralde kantua. Askok kantu horren bidez izan zuten Hazparneko bertsolari eta zapatagilearen berri lehen aldiz. 1782an jaio zen Larralde eta bere bizitza tragedia modura definitu izan da hainbatetan. 1809an, ama hil ostean, aitari bizi ziren baserriaren zati bat eskatu zion eta honek ukatu egin zion. 1815ean Larralderen aitak baserriko belarrak biltzeko baimena eman zion Jean Ospitali eta horretan ari zela, norbaitek tiro bat eman zion eta hil egin zen.
Martin Larralderi leporatu zioten heriotza eta Pauen epaitu zuten. Bizitza guztirako galeretara kondenatu zuten Larralde. Zazpi epailek kondenaren alde egin zuten eta bostek aurka. Hazpandar askorentzat bidegabekeria bat izan zen hura. Ongi prestaturiko maltzurkeria baten biktima izan zen Larralde beraien ustez eta honen tragedia kontatzen duen Galerianoaren kantua abestiko bertsoak askotan kantatu zituzten Hazparnen.
Bertso horien egiletzaren inguruan ere badira desadostasunak. Hainbaten ustez, Martin Larraldek berak idatzi zituen galeretan egon zenean. Bere autobiografia moduko zerbait direla pentsatu daiteke. Dena den, bada Larralderen egiletza zalantzan jartzen duenik ere. Piarres Xarritonek zalantzan jarri zuen baieztapen hori. Xarritonen aburuz, Manez Etxeto da bertsoen egilea, Plumagaineko auzo lehena zena. Argudio hori indartzeko, Martin Larralde ez zela alfabetatua esaten da, epaiketaren artxiboek antza erakustera ematen duten gisan.
Martin Larralde 1821eko abenduaren 19an hil zen, Rocheforteko itsasgizonen erietxean.