En directo

Lander Unzueta

Zeintzuk izan dira 2022ko bideojokorik onenak?

The Game Awards sari banaketa aitzaki hartuta, aurtengo titulurik esanguratsuenak errepasatzeari ekin diogu azken saioan.

Audio_placeholder

Zeintzuk izan dira 2022ko bideojokorik onenak?

Loading player...

Abendua iristear dela, ohiko sari banaketen galak ere hasi dira. The Game Awards, Golden Joystick Awards eta beste hainbat ekimen —horien artean daude, nola ez, Game Erantsia Sariak— ikusten gabiltza. Helburu nagusia: urteko bideojokorik onenak aukeratzea eta saritzea. Hori horrela, atzera begira jarri gara eta aurten gehien gustatu zaizkigun titulu horiek gogoratu nahi izan ditugu.

Horretarako, TGA sarien kategorietan eta hautagaietan murgildu gara: Urteko Jokorik Onena, Zuzendaritzarik Onena, Soinu Bandarik Onena, Akziozko, RPG edo Abentura Jokorik Onenak, Jokorik Desiratuena… kategoriak asko eta asko dira. Horrenbeste, askotan soberan daudela pentsatzen dugula!

Hala ere, 2022an estreinatutako bideojokoak hainbat eta maila bikainekoak izan dira. Ezin gara ahaztu urte hasieran irratsaioan nabarmendu eta analizatu genituenak: FromSoftware-n Elden Ring maisulana, Gran Turismo 7-ren lasterketa ikusgarriak, Pokémon Arceus maitatua zein gorrotatua, edo orain gutxi estreinatutako God of War Ragnarök izan dira aurtengo izarretako batzuk.

Aipatutakoak, baina, AAA joko erraldoiak dira. Zer gertatzen da titulu independenteekin? Esparru horretan ere barneratu nahi izan gara, askotan halako ekimen eta sari banaketa handiek alboratuta uzten baitituzte. Akats handia, gure ustez, urteko obrarik bikainenetakoak garatzaile txikiek egindakoak izan baitira: Sloclap estudioaren Sifu ikaragarria, Andrew Shouldice-k garatutako Tunic ederra, Poncle-ren Vampire Survivors berezi nahiz arrakastatsua eta beste hainbat kategoria nagusienetatik kanpo geratu dira, zoritxarrez.

Beste kategoria batzuk ere faltan bota ditugu, gainera: non dago aurtengo plataformarik saria? Edo plataforma bakoitzeko jokorik bikainenarena? Halakoak faltan botatzen dira: Game Erauntsia Sarietarako aproposak izango dira beraz!

Game Erauntsian kategoria horietako jokoak ezagutu, eta gure iritziak eman ditugu. Dena den, abenduaren 9ra arte itxaron beharko dugu mundu osoko bideojokalariek hautatu dituzten irabazleak ezagutzeko: 02:00etan abiatuko da TGAren gala handia. Sariak baino askoz gehiago ikusteko aukera izango dugu bertan; izan ere, bideojokoen iragarpenak eta trailerrak ikusteko gune aproposa izan ohi da. Ez ezazu galdu beraz! Aurretik, baina, eman zure iritzia iruzkinetan: zein izan da urteko bidejokorik onena zuretzat?

Jaurlaritza Logoa