En directo
Aukeraketa eklektikoa egin digu Uxue Razquin Erein argitaletxeko editoreak. «Abesti horien atzean istorio bat bilatzen saiatu naiz» aitortu digu, eta doinuen izkutatzen dituzten sekretuak kontatu dizkigu.
Irakurtzen ari denean ez du musikarik entzuten, baina bidaltzen dizkioten eskuizkribuak irakurtzeko bai. «Soinu-bandak izaten dira, letradunak ez, nahastu egiten naiz eta» esan digu.
Aukeratu duen lehen abestia 'When the Saints Go Marching In' (The Golden Gate Quartet) izan da, ikastola garaietara eramaten duena. «Aitarekin autoz ikastolara joaten nintzenean, abesti hau entzuten nuen beti, adore pixka bat hartzeko». Etxetik ikastetxerako 15 minutu horietan, abestia behin eta berriz entzuteak indarra ematen zion eskola-jazarpenari aurre egiteko. «Sinbolikoki, autoa eta abesti hau nire bunkerra ziren».
Bigarrena Txomin Artola eta Amaia Zubiriaren 'Basoilarrak' da, «amaren abesti kuttuna». Horregatik, amaren heriotzetik, ez du asko entzuten. «Ama pozik jartzen zen abestia entzutean, eta euskara ez zekien arren, abestu egiten zuen».
Abesti guztiz desberdina aukeratu du gero, Las Bistecs taldearen 'Señoras bien'. «Barregurea ematen dit abestiak» kontatu digu. Bere bikotearekin eduki zuen lehen zitan entzun zuen abestia; «ligatzeko modu ona da» aitortu digu.
Amaitzeko, 'Statues' aukeratu du, 'Harry Potter and the Deathly Hallows: Part 2' filmeko soinu-bandakoa, «oso epikoa iruditu zitzaidan».
Bigarren Kafeko 'Doinuetatik Haratago' tartera gonbidatu dugu Uxue Razquin Olazaran.