En directo
Lau ataletan banatu du Xabi Borda azpeitiarrak 'Urtu aurretik' bere hirugarren poesia liburua. Susa argitaletxearekin kaleratu duen lana gaur goizean aurkeztu du eta inguruan ikusten dituenak bildu ditu. «Krisialdi klimatikoa, mehatxu nuklearra… Inoiz baino ziurgabetasun handiagoa dugu eta mundua edozein unetan pikutara joan daitekeela» adierazi du Bordak.
'Iglua Tantaka', 'Hozkailu Matxuratua', 'Hego Haizea Ipar Poloan' eta 'Glaziar Berrien Erditzea' dira liburua osatzen duten lau atalak. «Poema bakoitzak bere bizitza dauka. Egin ahala, bildu, sorta bat egin eta konturatzen zara zer hari edo zer kezka darabilzun, fondoko zarata modura eta horrek ematen die nolabait osotasuna poemei». Adiskidetasuna, belaunaldien arteko transmisioa eta beste hainbat puntu jorratzen dituzte poemek.
Lehen hiru atalak aurrez aipaturiko ziurgabetasunaren bidetik doaz eta azkenak du agian, «baikorrik bada», baikortasun puntu bat. Munduaren egoera ikusita, oraindik galdu dezakeeguna asko dela galdetuta, baietz erantzun du Bordak.
Bigarren Kafean aritu da Xabi Borda azpeitiarra argitaratu berri duen liburuaz.