En directo

Iker GURRUTXAGA

Doinu ilunak kresalez bustita, eder egin ditu 'Dena' taldeak bere lehen diskoan

'Ezer sentitzeko' da Ondarroako hirukotearen debuteko lana. Rock doinu indartsu bezain ilunak ditu, kantuen hitz adierazgarriak jasotzen dira bertan eta patxada apur batekin, merezi duen bezala, entzuteko diskoa da.

Audio_placeholder

Doinu ilunak kresalez bustita, eder egin ditu 'Dena' taldeak bere lehen diskoan

Loading player...
Lokaleko xomorroak izan dira orain arte 'Dena' taldekoak, baina kalean dute dagoeneko estreinako lana.
Lokaleko xomorroak izan dira orain arte 'Dena' taldekoak, baina kalean dute dagoeneko estreinako lana.

«Gazteak garenaren etiketa akaso gure kalterako izango da eta horrek amorru pixka bat ematen digu», horrela ekin dio elkarrizketari 'Dena' taldeako Beñat Eizagirrek MusikHaria saioan.

Izan ere, gure harridurarako, eta baita musika kritiko askorentzat ere, disko biribila eta heldutasun handikoa atera dute 15 eta 18 urte bitartean dituzten ondarrutar hauek. Eizagirrez gainera, Unai Aretxabaleta eta Xabat Ituarte dira beste bi taldekideak.

Diskoa aurrera atera ahal izateko, jendearen babesa ezinbestekoa izan dute. 'Itsulapikoa' plataforma baliatu eta jendeak egindako ekarpenen atzetik etorri delako Mutrikuko 'AME' estudioan grabatu duten lana. Pozik aritu dira Axular Arizmendirekin lanean: «argi zeukan guk zer nahi genuen eta horrek dena erraztu du. Gu ume txikiak zapata berriekin bezala ibili gara estudioan lanean, pozik. Astebetean grabatu genuen eta beste hainbeste denbora pasa genuen nahasketak egiten», kontatu digu Eizagirrek.

Egin duten lana ia 3 urtez kantak lantzen eman ostean grabatu dute. Post-rock zantzuak dituen lana da, baina elektronika ukituak, new metalaren eragin nabarmenak eta hardcore pisutsuaren indarra ere baditu 'Ezer sentitzeko' diskoak. «Diskoan jaso dugunen kantuen artean, lehendabizikoa 2018an edo sortuko genuen. EP bat, disko labur bat, kaleratzeko askotan esan izan digute, baina guk formatu luzeagoko lana kaleratu nahi izan dugu. Hainbeste denboran kantuak mimoz lantzen egon eta gero, argi geneukan horrela behar zuela», azpimarratu du Eizagirrek.

Lana aurkezteko aukera izan zuten duela egun gutxi herrian bertan, 'Beikozini' aretoan, herriko beste talde batekin, 'Braulio' taldearekin batera. Eizagirreren arabera, «Oso desberdina izan zen. Mundu guztia eserita eta mugitu ezinik zegoen. Baina aldi berean oso pozik gaude, izan ere bai diskoa ahalbidetzeko eta baita kontzertu honetan ere babes handia erakutsi digutelako. Eta hori eskertzekoa da».

Diskoa eskuratzeko hainbat bide badaude, Ondarroan bertan edota Gasteizko 'Vinylora' dendan esaterako. Bestela, sare sozialen bidez zuzenean idatzi eta eskatuta edota 'Dena' taldearen bandcamp orrialdean ere eskuratu daiteke.

Bideoklip dotore bi ere kaleratu dituzte. Horietako bat, 'Zerbait' kantuarena, Ondarroan bertan grabatu dutena. Argi-ilunen jokoa dotore erabilita. Kantuak berak laburtzen du diskoaren esentzia. Hemen daukazue kantua entzuteko aukera: