En directo
Gorka Otxoa eta Aitor Merino Madrilen harrapatu ditu larrialdi egoerak eta itxialdiak. Etxealdian ez dute, ordea, patxada eta atsedenerako asti handirik: Aitor Merino esku-artean duen filma berriari azken ikutuak ematen ari da, eta Gorka Otxoa telesail bat grabatzen ari da bere etxetik bertatik.
Sare sozialetatik ari diren gisan, NAIZ irratiaren uhinetatik ere kritiko agertu dira bi aktoreak: bat datoz muturreko egoera honek kapitalismoaren alderdirik gordin eta gogorrenak agerian jarri dituela. Ikusarazi dela, gizarteak daraman bideak zeinen ondorio ilunak dituen gizarte mailan, ekologian, eta zer esanik ez kulturgintzan.
Egoera makur hau, ordea, aldaketarako bulkada hartzeko ere baliagarri izan daiteke Merino eta Otxoaren esanetan. Oztopo eta Traba guztien gainetik, aldarri batekin bat egin dute bi euskal aktoreek, Negu Gorriak taldearen abestiak dion bezala, «Gora Herria!».