Oihana AZKUE

Nerea Gorriti eta Aitor Beltran, aktore bezain musikari

Aktore lanetatik dira ezagun, batik bat, Nerea Gorriti eta Aitor Beltran, baina, pantaila txikirako elkarrekin egindako proiektuez gain musikarekin duten lotura ere  banatzen dute. Artista hauen bi aurpegiak ezagutu nahi izan ditugu, beren hitzetan «aktore bezain musikari» sentitzen baitira biak ere.

Audio_placeholder

Nerea Gorriti eta Aitor Beltran, aktore bezain musikari

Loading player...
Aitor Beltran eta Nerea Gorriti
Aitor Beltran eta Nerea Gorriti

Iheslaria telesailean ikusi genituen elkarrekin lanean Nerea Gorriti eta Aitor Beltran. Pantaila txikiak elkartu zituen bi aktore hauek badute besterik amankomunean: musikak beren bizitzan hartzen duen lekua. Izan ere, biak ere, aktore bezain musikari sentitzen dira.

Aitor Beltranek jaio zenetik izan du musika bide-lagun, Juan Mari Beltran txalapartari eta herri musikako adituaren seme izanda, ez zen gutxiagorako. Musikara bideratu zituen hasiera batean bere ikasketak ere: goi-mailako musika ikasketak egiten hasi zen akordeoiarekin. Ordurako ordea, antzerki eskolan ere bazebilen, eta Madrilera ikastera zihoazen bi lagunen berri izatean, akordeoia utzi eta Madrilerako bidea hartu zuen berak ere. William Layton-en eskola entzutetsuan aktore ikasketak egiten zituen aldi berean, txalaparta jotzen hasi zen hiriburuan. Aitak eman zion aukera, Madrilen bazela txalaparta jotzen ikasi nahi zuen pertsona talde bat eta ez ez ote zuen berak ikasi nahi eta gero han irakatsi  nahi sosa batzuk ateratzeko. Madrileko txalaparta taldeak oraindik bizirik dirau,  Aitor Beltran Hernaniko Musika eskolako txalaparta irakalsea da duela zortzi urtetatik hona. Aktore lanei dagokionean, Lope de Vegaren testuetan oinarritutako antzerki obra musikal bat prestatzen ari dela aurreratu digu Aitor Beltranek, eta zuzendariak eskatuta, saxoa jotzen ikasten ari dela lan honetarako.

Nerea Gorriti ere haurtzaroan hasi zen musikara hurbiltzen, piano eta solfeo ikasketekin lehenengo, eta gero, ukelelearekin jarraitu du, besteak beste. Konfinamentuko egunak ere gitarra jotzen ikasteko profitatu du. Eta hori gutxi balitz, bere lehen diskoa izango dena ere prestatzen ari da. Aktore lanetan, antzerkian dabil Nerea Gorriti buru belarri azken hilabeteetan, Xake produkzioaken 'Lur' obrarekin eta Vaivén producciones-en  'Ni munduko txarrena'  ikuskizun musikalaekin.

Bestelakoan, COVID-19ak eragindako geldialdiarekin kezkatuta agertu dira bi artistak, aktoreak lan aukera murritzak eta geldiuneak izatera jarrita badaude ere, krisialdi honen ondorioz egoera kritikoagoa bilakatuko den beldur.