IRRATIA

Underground eszenako lau proposamen Izkander Fernandezen eskutik

Lau proiektu desberdin ekarri ditu aste honetarako, bere ustean «momentu onean dauden talde interesgarriak» dira, underground zirkuituan dabiltzanak eta akaso Euskal Herrian hain ezagunak ez dira. «Disko interesgarriak argitaratzen ari dira eta ezagutzera ematea ongi dago beti», dio lemoaztarrak.

Brooklyngo talde gaztea da Geese. Bigarren diskoa, ‘3D Country’ kaleratu berri dute estatubatuarrek. (GEESE)

This browser does not support the audio element.


Zach Bryan - East side of sorrow

«Okinawan jaioa da, 1986an, baina Oklahoman hazi eta hezi da. Bere izena daraman diskoa kaleratu du, hamasei kantu eta 54 minutu dituena. Iazko diskoa hirukoitza izan zen eta horrek esan nahi du sortzen gaitasuna duela. Countrytik, rocketik eta folketik hasita, superheroi moduan musikan eboluzio handia izaten ari da eta Estatu Batuetan arrakasta handia lortu du. Denverren, negu gorrian, anfiteatro bat bete zuen, aire librean eta elurra ari zuela. Bitxia da disko gutxirekin eta urte tarte txikian zer nolako bidea egin duen goruntz, Europara ere iristeraino. Heartland rock delakoa egiten duela aipatu du prentsa espezializatuak, Bruce Springsteen edota Tom Pettyren pare jarriz. Abesti honetan bere buruarekin kritiko agertzen da, ez dakit ironikoki edo ez», aipatu du Fernandezek.

The Armed - Clone

Portada bereziak maite ditugu tarte honetan eta disko honen azala bada berezia, kolorrek Joker ekartzen dute burura: «Oso portada berezia da, ikonikoa, azken hamabost urte hauetan egiten ari denaren estilokoa. Diskurtso postmodernista baten irudia izan daiteke. Kolektibo bat da The Armed, Detroiten sortua, baina sekretu samarra da dena. Badakigu Converge taldeko jendea pasa dela bertatik, baita Julien Baker, Red Hot Chili Peppers taldeko jendea ere bai, Jane’s Addictionekoren bat ere bai… baina ez da ezer ofiziala. Beren mundutik ihes egiten dute eta punka, hardcorea, jazza, elektronika eta emoa nahasten dituzte. Sekulako bidaiak iradokitzen dituzte eta emaitza oso kuriosoa dela esango nuke», azaldu digu Lemoako musika adituak.

Jeff Rosenstock - Liked you better

«Long Island taldeko artista hainbat kolektibotan ibili zen mende hasieran eta zuk zeuk egin filosofiaren azpian egin zuen lan. Punka, rocka eta ska lantzen ibili zen eta bakarkako bidean musika propioa lantzen ibili da. Estudioko bosgarren diskoa da atera duena eta zerrenda honetan sartu dut kantugilea delako, hizki larriz idatzitako kantugilea. Hitzetan sakontasuna du, ez dira azaleko kontuak eta kantugilearen izaera hori bertan ikusten da argi eta garbi», kontatu digu MusikHaria saioko kolaboratzaileak.

Geese - Domoto

«Diskoa asko entzun dut baina hitzetan eta ez naiz zentratu gehiegi. Institutotik duela gutxi irten diren talde horietako bat da, nazioartera salto egin dutena zuzenean eta ‘3D Country’ delako hau beren bigarren diskoa da. Post punka eta rock klasikoa da entzuten dena hemen, oso disko kaotiko eta anarkikoa da, baina genialidade bat dela esango dugu Brooklyngo gazte hauek sortu dutena. Bitxikeria moduan, entzun nuenean Audience taldea etorri zitzaidan buruan. Dena dela, gernikarrek esan didate talde hau ganberroagoa dela», bukatu du Izkanderrek.