IRRATIA

2021ari euskal rock taldeek egindako ekarpena aste honetako ‘Zarata’ tartean

Bost kantu hautatu ditu Iker Bárbara kazetari bilbotarrak urte honetan rockaren bueltan sortu denaren laburpena egin nahian. Bost proposamen eta guztiak ere oso desberdinak beren artean, izan ere rockak askorako ematen du Euskal Herrian.

Kintsugiaren teknika erabili beharko du Liher taldeak apurtutako ontzia konpontzeko. (Irantzu PASTOR)

This browser does not support the audio element.


Urteko diskoen zerrenda errepasatzen dabil Iker Bárbara eta Zarata edizioan gehien gustatzen zaizkien diskoen zerrenda osatzen dute. «Nahiago dut horrela deitu eta ez diskorik onenen zerrenda moduan aurkeztu, hori objektiboki ezinezkoa delako. Gainera, disko batzuk albo batera uzten ditut, beste komunikabideetan tokia izaten dutelako eta pixka bat undergroundago diren diskoak sartzen ditugulako gure zerrendan», dio Bárbarak.

Lehendabizikoz euskaraz abestera pasa da Sonic Trash taldea: «Fermin Etxegoienen hitzak ditu eta beren disko berriaren aurkezpen abestia izan da, Birkitekin elkarlanean egindakoa. Rockaren bueltan egindako zerrenda honi hasiera emateko abesti oso egokia iruditu zait. Jende askok hartu du parte abesti honetarako, aipatuez gainera Iñigo Eskoriaza eta Rafa Sardina aritu direlako grabaketa eta nahasketetan. Ardo baten bueltan sortutako abestia da, Oxer Wines bodegaren Kalamity ardoaren izena daramalako kantuak, eta espero dezagun ardoa abestia bezain ona izatea».

Kolaborazio baten bitartez ezagutuko zuen askok Tatxers taldea, baina kaleratu duten EParekin eztanda egin du taldeak: «Bigarren lana da eta etorri zenean esan nuen, «epa! zer da hau?», 80. eta 90. hamarkadako euskal musika etortzen zaigu burura. Sinplea baina bikaina da egiten dutena iruindar gazte hauek, 2021eko sorpresarik berezienetariko bat izan da hirukotea eta oso interesgarria da kaleratu dutena. Duela 30-40 urte egiten zenari buelta bat eman eta nortasun propioa du Tatxersen musikak».

Aste honetan beran ‘estreinaldi mundiala’ egingo dutela iragarri du Bananas taldeak, Habi taldearekin batera kontzertua emango dutelako abenduaren 18an, Donostiako DabaDaban: «Kolaborazio berezi eta guzti etorri da ‘Garun ta eztarri’, Cándido Gálvez Viva Belgrado taldeko abeslariak hartzen duelako parte eta talde honen eragina argia delako Bananas taldean. Oso zaila da oihukatu eta melodikoki abestea eta hori da Gartxot Unsainek egiten duena. Horri dituzten melodiak eta erritmoak gehitzen badizkiogu, disko benetan bikaina egin dutela konturatzen gara».

Ezpalak taldeak ezin zuen hemen hutsik egin: «Talde batek bere lehen diskoa interesgarria egiten duenean, bigarren pausoa nolabait ere egonkortzeko eta benetan onak direla erakusteko ematen dute. Ezpalakek ez du hutsik egin eta, gainera, taldekide berriak sartu eta gero. Ezpalak taldea akaso uste zitekeen ez zela proiektu nagusia izango, baina ikusten da proiektu serioa dela eta apustu handia egin dutela taldearekin. Horri gehitu behar zaio, gainera, Juanjo Berasain euskara ikasten ari dela oraindik ere eta bikain abesten dituela Ezpalaken hitzak».

‘Eta hutsa zen helmuga’ diskoarekin proiekturen sendotasuna erakutsi du Liher taldeak eta hori ere gehitu du zerrendara Bárbarak: «Hasiera batean ‘Orri zuri batek’ neukan aukeratuta, Micek egiten duen kolaborazioa asko gustatu zitzaidan eta hura sartzekotan nintzen, baina kantu erritmikoago bat sartu nahi izan dut, rockeroagoa, atalari itxiera emateko. Baina jendeak jakin dezan, deskonektatuta egon bada ere, bost adibide hauekin zer nolako lan bikaina egin den aurten Euskal Herrian rockaren estilo desberdinetan».

Hau da beraz 2021eko rockaren urteko laburpena Iker Bárbararen eskutik:

– Sonic Trash ft. Birkit - Kalamity

– Tatxers - Ederregia

– Bananas - Beste behin

– Ezpalak - Hegan edo hilik

– Liher - Mairubaratza