IRRATIA

Dena Irailerako x 8 | Astebururako planak

Hanka bat kalean dugula egiten dugu 'Dena Irailerako' saioa normalean, baina gaurko egunean kalean izan da bete-betean Iker Plazaola kolaboratzailea. 'Urkimokeriyak' tartearekin ere aukera zabala utzi digute Urko eta Kimok, baita zer pentsatua ere Ibai Fresnedo eta Egoitz Arbiolek ere.

Dena Irailerako, Tessa Andonegirekin

This browser does not support the audio element.


Eguraldiaren iragarpena ez jakitearen onurak eta ondorioak zeintzuk izango liratekeen pentsatu nahi izan dugu ostegun honetako saioan. Ez lirateke nolanahikoak izango buruari buelta bat baino gehiago emango bagenizkio, eta Euskal Herrian gaudela kontuan izanda, are gehiago. Aukera zabalez beteriko gosaria ekarri dugu beste behin ere, entzun gabe geratu ahal izateko aitzakiarik ez duzulakoan izango.

Iker Plazaola gure kolaboratzaile gazteak kaletik hastea pentsatu du bere eguneko tartea, hasiera batean erraza izan ez bada ere, esfortzu guztiek izaten dute hein handi batean beraien lorpena. Jaxinto Xuban gaztetxoa topatu du Donostiako kaleetan zehar eta gure estudiora gonbidatu nahi izan du Txantxikuak, elkarrekin kontu gehiagoren inguruan hitz egin ahal izateko. Eta ez gara aritu edozein modutara, barre ugari egiteaz gain, Naiz irratiaren uhinak hankaz gora jarri baititugu.

Ostegunero legez berriz, gurean izan ditugu Urko eta Kimo ere. 'Urkimokeriyak' beraien atala txukun-txukun prestatuta ekarri dute beste behin eta aukera zabaleko kantu-sorta osatzeko gai izan dira. Gauzak horrela, bakoitzarekin albiste bat erlazionatu nahi izaten dute, baina gaur, izan da hunkitu gaituen bat zehazki. Raperuk, Kepa del Hororen (bere aita) heriotzaren ondotik omenaldi bat egin ahal izateko "Aupa Aita" izeneko lana eman du ezagutzera, eta gure malkoak ateratzeko gai izan da lehen entzunalditik. Historia latza du atzetik benetan, gehiago jakiteko, entzutea besterik ez duzu izango.

Baina ostegun honetako saioa ere, ez dugu gonbidaturen bat gure artean izan gabe itxi nahi izan. Modu horretara, bakarrarekin ez gara konformatu eta bi izan ditugu bertatik bertara gurera etorri direlarik. Ibai Fresnedok eta Egoitz Arbiolek, kontatzeko asko ekarri dute eta bigarren tarte bat ere gustura hartuko genukeela adierazi diegu. Besapean ekarri dute kaleratu duten liburu berria, "Noiz bukatzen da armairua?" izenpean.