«Italian ohe falta orain hasi da nabaritzen kutsatuen gailurra egon denean»
Italia izan da hasiera batetik egoera larrienetarikoa izan duen herrialdea, baina badirudi pixkanaka kutsatuen zifra behera egiten ari dela. Erizain lanetan ari da bertan Oihana Artola euskalduna. Euskal Herrian Italiako antzeko egoera bizi dela uste du, «astebeteko atzerapenarekin». Neurriak hartzea kosta egin dela dio eta osasungintza langileek baliabide falta izan dutela, «lehen egindako murrizketengatik orain hasi dira kexatzen».
This browser does not support the audio element.
Italian egoera lasaitzen ari dela dirudi, pixkanaka bada ere. Kutsatuen zifra beheraka doa egunetik egunera eta bertako egoera gertuagotik ezagutzeko Naiz irratian izan dugu Italiatik Oihana Artola. Suitzatik oso gertu dagoen herri batean bizi da bera, 2003tik dago bertan. Erizaina da.
Erizaina zara eta Covid19-a ere ez dakit pasa berri ote duzun edo...
Erizaina bai, baina Covid-a pasa ez. Susmoa egon zen, baina zortez frogan negatibo eman nuen eta orain kontrolpean gaude. Nire lankide asko positiboak izan dira.
Prozesua nola izan da? Izan dituzun sintomak edo testa egitearen prozesua...
Sukar pixka bat izan nuen, eztula eta arnasa falta zitzaidan, gutxi, baina dagoeneko ondo nago. Seguruenik gripe antzeko bat izan nuen, baina Covid-a gabe oraingoz.
Berrogeialdian izan zarete?
Bakarrik testa negatibo irten arte, negatibo irtenda berriro ere lanera normaltasunean.
Dagoeneko Covid-a pasa duen pertsona bat berriro ere kutsatu daitekeen badakizu?
Ez dakite ziur. Esan dute immnunitate bat badagoela, baina ez dakite paziente guztiek immunitate hori lortzen duten eta lortzen dutenek zenbat denbora irauten duen.
Italian zifrak pixkanaka beheraka doaz, baina oraindik ere zifrak altuak dira. Nola dago egoera bertan?
Berez konfinatuta egon beharko ginateke, gero egiten dutena beste gauza bat da. Irten gaitezke lanera joateko edo supermerkatura joateko, baina kontrol handirik ez dago. Astean behin ateratzea eskatzen dute, baina jendeak tranpa pixka bat egiten du. Supermerkatuaren parean bizi naiz ni eta batzuk ikusten goiz eta arratsalde ikusten ditut, baina berez bai konfinamendua oraindik egon badago.
Gobernutik neurri aldaketarik egon da azkenaldian? Hauek gogortzen edo dagoeneko normaltasunera egokitze aldera ari dira?
Oraingoz berdin utzi dute dena, hilaren 14ra arte. 14an zerbait esango digute, baina nire ustez oraindik luzerako doa gauza.
Beraz une honetan dauden neurri zehatzak zein izango lirateke?
Lehen kirola egiteko ateratzea baimenduta zegoen, baina hori kendu zuten jendea hor ere tranpak egiten ari zelako. Komentatu zuten haurrak kalera irteteko baimena emango zutela etxetik 200 metrora, baina hori probintzia bakoitzak erabaki du aplikatu edo ez. Nire kasuan, ni nagoen tokian ez dute aplikatu. Eta bestetik, esan bezala, botikak hartzera, supermerkatura edo lanera.
Gobernua hartzen ari diren neurriak begi honez ikusten dituzu edo zerbait botatzen duzu faltan?
Faltan gauza asko. Lehenengoa neurriak berandu hartu izana. Hasiera batean ikastetxeak bakarrik itxi zituzten, beste guztia irekita, eta ez zuen ezertarako balio izan. Denbora asko behar izan dute neurriak behar bezala hartu eta pixka bat jendea neurri horiek errespetatzera behartzeko.
Osasungintza aldetik ere motel ibili dira. Gure kasuan, hasieran esan ziguten lasai joateko lanera gripe bat izango balitz moduan, eta pertsonalaren artean kutsatu pila bat egon dira, horietako asko guk eraman ditugu. Nire kasuan esaterako ez nago ospitalean lanean, etxetik etxera nabil, eta kutsatuta zeuden lankideak etxe pila batera joan dira. Beraz, orokorrean neurriak oso berandu eta oso poliki hartu dituzte.
Herritarren aldetik neurriak kritikatzen dituzte eta hauek errespetatzen ari dira?
Hasieran broma bezala hartu zuen jendeak, orain badirudi ulertzen hasi direla egoeraren larritasuna. Beti daude kasu egiten ez dutenak, toki guztietan bezala, baina orokorrean esan daiteke gutxi gorabehera ulertu dutela egoera.
Nola iritsi da Osasun sistema? Murrizketa asko eginda ziren aurretik?
Azken aldian murrizketa asko egon dira, postu asko kendu dituzte, pertsonala murriztu... Erdia ez dakit, baina heren bat murriztu dute, kendu dute dena. Orain kexatzen ari dira, konturatu dira ez zutela kendu behar.
Baliabide falta nabari da? Ohe falta, babes ekipamendua...
Ohe falta orain hasi da nabaritzen kutsatuen gailurra egon denean. Esan beharra dago pribatuaren aldetik kolaborazioa egon dela eta larriak ez diren kasuak pribatuetara eramaten ari dira. Babes ekipamenduak batzuetan badaude bestetan ez. Hasieran esaten ziguten ez erabiltzeko kostua handitzen zelako. Askotan eskatzen ibili behar izan gara, beraz baliabide falta bat nabari da bai.
Zure kasuan nola egiten duzu lan egunotan, zein da zure errutina?
Nire lana pixka bat berezia da, aipatu bezala ez dut ospitalean lan egiten. Gu gure zentralera joaten gara, bakoitzak bere eremua edo espazioa du eta dagoeneko baditugu pazienteak gure kargu eremu horretan. Kargatzen dugu kotxea material guztiarekin eta autoarekin etxez etxe joaten gara, ahal dugun bezala.
Italiarrek zer diote, nola bizitzen ari dira egoera?
Norekin hitz egiten duzunaren arabera da hori. Batzuk txantxa moduan hartu dute eta hartzen jarraitzen dute, gehien bat gure arloarekin zerikusirik ez dutenek. Diote ez dela egia, esajeratzen ari direla... Eta gero dago kontrakoa, beldurrez josita etxeko leihoa ia ireki ere egiten ez duena. Pixka bat denetik dago.
Hasiera batean, beraz, bai zegoela kontzientzia falta bat.
Gehien bat hiri handietan, gazte pila batek ez zuten serio hartu kontua, jende asko parrandan ikusten zen. Kostatu da pila bat jendeak egoera asimilatzea.
Hedabideetatik ze trataera ematen ari zaie gaiari?
Egia esan ez ditut entzuten. Haurrak etxean izanda nahiko lan badut, ez dut asko entzun nahi gainera, haserretu egiten naiz eta.
Euskal Herriko kasuaren berri izango duzu noski. Zer iritzi duzu hemengo egoeraz?
Nire ustez han zabiltzate gure antzera baina astebeteko atzerapenarekin. Familiarekin hitz eginda hemengo egoera berdina da, baina atzeratuta.
Gestio aldetik ikusten duzu ezberdintasunen bat Euskal Herriaren eta Italiaren artean? Agian hemen egin beharko genukeen zerbait zuek dagoeneko egin duzuena edo alderantziz.
Egia esan osasun arlotik entzun dut, ez dakit egia den, oso larri dauden pertsonen kasuan, hil aurretik familiar bat behintzat sartzen uzten dutela agurtzeko. Hemen ez da posible, hemen hiltzen dena bakarrik hiltzen da. Hori adibidez guk zuengandik hartu genezaken zerbait da. Alderantzizkoan ez dakit, neurriak nahiko antzekoak dira han eta hemen.
Hemen iluntzeko 20:00etan beti txaloak eskaintzen zaizkie osasun arloan lanean ari direnei. Italian sentitzen duzue baita ere herritarren babes hori?
Hasieran bai, orain jaisten ari da. Dagoeneko hasi dira lehenago salaketak jartzen medikuei hildakoen familiaren batetik. Ohitu dira pixka bat egoerara. Kaletik ere osasun arloan lanean ari zarela baldin badakite ia beldurra ere badute batzuek, birusa pasako diegulakoan. Jende asko ikusten duzu alde egiten.
Familia etxean izanda, errespetu puntu bat edo beldur puntu hori baduzu?
Hasieran gehiago, babes ekipamendurik gabe bidaltzen gintuztelako lanera. Orain baditugu babes neurriak eta askoz ere lasaiago nago. Badakizu zer egin behar duzun eta hori egin ezkero behintzat probabilitateak asko murrizten dira. Gainera pixkanaka ohitzen zoaz denborarekin eta beldurra joan egiten da pixkana. Azkenean zortzi izan dira kutsatutakoak eta egon dira egun batzuk denak pixka bat urduritasunean geundela.
Momenturen batean burutik pasa zaizu etxera itzultzea koronabirusaren harira?
Ez, hori egia esan ez. Azken batean gaixotasuna bertara eramateko arriskua egongo zelako. Adibidez aitak esan zidan ea nahi ote nuen bera hona etortzea haurrekin laguntzeko, baina ezetz esan nion. Orain beraiek ere pixka bat beldurtuta daude hango egoera ikusita.