Live

'Ibaitik Itsasora – Palestina Askatu' martxak bere azken etapa osatu zuen larunbatean Hendaian. Irungo CAF lantegian egindako geldialdia eta Santiago zubian egindako desobedientzia ekintzaren bidezko blokeo sinbolikoa izan dira martxaren azken une esanguratsuak. Mobilizazioak Israelekin harremanak dituzten euskal enpresak eta erakundeak salatu ditu, eta Palestinako herriarekin elkartasuna adierazteko mezua zabaldu du lurralde osoan zehar.
Martxaren antolatzaileetako bat den Ernesto Delas ekintzailearen esanetan, «udalak eta jendea nola inplikatu den gure martxan» izan da ekimenaren alderdi nabarmenetako bat. «Udalak eta eskolak ere inplikatu dira. Umeak ere atera dituzte eta momentu oso-oso polita izan da», gaineratu du.
Martxak Palestinatik zuzenean jasotako mezuei ere lekua egin die, eta bertako egoera larriaz ohartarazi dute. Delasen hitzetan, «beraiek eskatzen dutena da: mesedez, ez ahaztu, hemen gaude, existitzen gara. Ahal dugun guztia egin dezagun». Martxaren helburuetako bat presio soziala egitea da, erakunde eta enpresek Israelekin dituzten harremanak bertan behera uzteko.
Haren esanetan, «Guk egin dezakeguna Gobernua eta enpresak presionatzea da, erlazio guztiak eten ditzaten».
Euskal Herria eta Israel: harreman ekonomiko eta komertzialak salatuta
Ibilbidean zehar, ekintzaileek hainbat puntu estrategiko zeharkatu dituzte, eta horien artean CAF enpresa nabarmendu da. «Denok dakigu zer gertatzen ari den horrekin», esan du Delasek. CAFek Jerusalemgo tranbia sisteman parte hartzen du, eta horrek nazioarteko salaketa ugari eragin ditu. «Elkar enpresak ez du behar kontratu hori lan karga nahikoa izateko», gaineratu du.
CAFez gain, beste hainbat enpresa ere aipatu dituzte: Osasun arloko enpresa israeldarrak, Zara multinazionala «bere denda handiena Asian ireki du Tel Aviven» eta Carrefour, «soldaduei janaria ematen dielako». Horiei guztiei boikota egiteko deia egin dute.
Estatu palestinarraren aitortzaz harago
Gaurko albisteetako bat izan da estatu frantsesak Palestinaren estatu izaera aitortu duela. Hala ere, Delasen ustez, «baliagarria izango da bakarrik, baldin eta gero ekintzak jarraitzen badira». Argi du errekonozimendu hutsa ez dela nahikoa: «Erlazio guztiak eten behar dira».
Horren harira, Espainiako Gobernuari eskatu dio neurri zehatzak har ditzan: «Espainiako estatuak Israelgo enbaxada itxi behar du». Erresuma Batuari buruz ere argia izan da: «Erresuma Batuakek armak saltzen jarraitzen du, nahiz eta atzo Palestinar estatua errekonozitu zuen».
Martxa amaitu arren, deia argia da: elkartasuna, presioa eta desobedientzia zibilaren bidez Palestinako herriaren genozidioa salatzen jarraitzeko beharra dago.


