Live
Xabier Iturriotz Zapa, Karmele eta Jaione lankideekin batera, oinetakoak eskuz egiten dituzten gelditzen diren bakarrak dira eskualdean. Artisautza lan izugarria exigitzen duen lanbide honetan, gauzarik aurrerakoiena izan zen zolak zapatari josten duen makina erostea, bi miloi pezetaren truke erosi zuten bat, joan zen mendearen bukaeran. Ordutik, bost minutu baino gutxiago behar ditu zapata bakoitza josteko Iturriozek.
Lan horretarako ordu erdi behar zuen makina eskuratu aurretik. Onartu digunez, baina, hiru pertsonek osatzen duten kate txiki hori aurrera ateratzea ez da batere erraza. Besteak beste, edozein multinazional bezala, %21eko B.E.Z-a ordaindu behar dutelako.
Baina Zapak korrontearen kontra joateko mania du. Erason (Imotz), 40 biztanle inguru dituen herrian, jarri zuen tailerra, bere lastozko etxolen eta bordaren artean, eta, han, «korteak» moldeatzen, «plantillak» lixatzen eta zapatak nola josten dituen erakutsi digu. Baita, museo eta zinema bihurtu duen bere borda ere. Izan ere, ikasleendako eta taldeendako bisita gidatuak antolatzen ditu bere ofizioa erakusteko eta Larruaren txokoan zintzilikatutako oinetakoaren eta larruaren inguruko erakusketa azaltzeko.