Live
«Kosta egiten zaigu onartzea: ez gara ezinbestekoak»
Bigarren lan luzea plazaratu du udazken honetan Ane Arruti Lopetegi zarauztarra buru duen Keia taldeak. Iñigo Ibarrondo Zurutuza, Iker Martinez de Zuazo Beitia eta Egoitz Olalde Forkada taldekideak izan ditu ondoan berriz ere. ‘Zamalanak’ Tolosako Bonberenean aurkeztuko dute datorren azaroaren 29an.
«Kosta egiten zaigu onartzea: ez gara ezinbestekoak»
Zamalanak aipatzean, askori trafikoko kartela etortzen zaigu burura. Zuk nondik hartzen duzu ideia?
Edozein kale izkinatan dauzkagu kartel horiek, ezta? Normalean, gainera, «zamalanak izan ezik» jartzen du. Izenak badu jolas hori. Batetik, bada gaur egungo gizartea deskribatzeko modu bat, nola bizi garen korrika eta presaka, kotxea utzi, pakete bat jaso, bestea eraman… Baina, bestetik, gehiago du nire zama arintzeari buruz, pilatzen joan den zama arintzeko modu bat izan baita diskoa.
‘Tiraka nabil’ singlearen iruditeria diskoaren azaleraino eraman duzu. Diskoaren barruko aldean irudi bera erabili duzu, baina aurpegia estalita. Zergatik?
Bideoklipean adierazi nahi izan genuena grafikoki uztea zen asmoa. Itxuraz edertasun batetik abiatzen den zerbait pixkanaka eta oso modu sotilean estaltzen doa. Landare batzuekin ere hori gertatzen da, eta kasu honetan pertsona baten bueltan hazten da eta hor goroldioz estaltzea, estutzea… deserosotasun bat adierazi nahi izan dugu. Kantuak hori transmititzen baitu, harreman baten hasieran irudi dezakeenetik urrundu eta gizatasuna galtzen joan daitekeela, alegia, desoreka egoerak hala sortuta.
Diskoan interludio moduko bat gehitu diozue abesti honi. Zergatik ez da agertzen bideoklipean?
Diskoa entzuteari balioa emateko. Pistan abesti honetan agertzen bada ere, hurrengo kantuaren intro moduko bat da izatez, eta diskoan bakarrik entzun ahal izango da. Jarraitutasun ematen dio, eta nik ere zalantza nuen elkarrizketan hau aipatuko ote zenuen edo ez. Kontzeptu bat biltzen du diskoak eta osotasunean ulertu behar da. Hartara, kantuak lotzea jolas bat bezala izan da guretzat.
Diskoa hasi, ordea, ‘Ezin kabitu’ kantuarekin hasten da. Oso rockero hasten da. Badirudi bide horretara pauso bat gehiago eman duzuela.
Etiketen kontua asko kostatzen zaidan zerbait da. Egia da gitarraren akople horretatik hasten dela, baina batez ere abesten eta errepikatik hasteak ematen diola indarra kantu honi nabarmenduko nuke.
Elementu asko dituen kantua da. Bateria jostari bat erritmoa apurtuz, ahots desberdinak, haien trataera… Diskoan topatu ditzakegun elementu guztiak edo ia guztiak aurkitu ditugu hemen. Horregatik da lehen kantua?
Esango nuke disko honek, aurrekoarekin alderatuta, ekoizpen gehiago duela. Elementu desberdinekin eta soinu desberdinekin jokatu dugu. Eta, aipatu dudan moduan, egitura desberdinekin ere bai. Kantu hau, gainera, gitarrero samarra da.
Zuk gitarra elektrikoa zintzilikatuko duzu zuzenean?
Bai, abesti guztietan, zuzenekoan ez baitago gitarra akustikorik.
«Kontzeptu bat biltzen du diskoak eta osotasunean ulertu behar da. Hartara, kantuak lotzea jolas bat bezala izan da guretzat»
Akustikoarekin ezagutu zintuen askok. Konfiantza hartu duzu dagoeneko elektrikoarekin?
Esango nuke gaur egun ez dudala gitarra akustiko propiorik ere. Eskatzen ibili naiz formatu akustikoan jotzen ibili naizenetan. Aurreko diskotik elektrikoa hartu nuen eta horrekin nabil. Orduan ere akustikoa Ikerrek jotzen zuen. Jotzeko modua bai aldatu dela, aurreko diskoan akustikoarekin ariko banintz bezala jotzen nuelako, oinarrizkoagoak diren akordeetan nolabait esatearren, eta hemen egin dut saiakera bat nire gitarra ez izateko erritmiko soila. Zuzeneko esijentzia igo egiten da eta are gehiago pedal festarekin, jotzea eta haiek ongi erabiltzen erotzen naizelako.
Haritz Harreguyren estudioan izan zarete. Beharbada, horrek eraginen bat izango zuen.
Banuen kezka hori estudiora joatean. Aurreko diskoan grabatzera joan ginenerako kantuak eginda zeuden niretzat, eta ez zen askorik aldatu, askotan jo nituen kantuak ziren. Oraingoan, berriz, ez neuzkan hain barneratuta. Gitarra jotzeko modua ez zen berdina eta horrek urduritasuna sortzen zidan. Baina Haritzek esan zidan: «Ane, estudioan ondo pasatu behar da», eta horrek lasaitasun bat eman zidan eta horrela joan zen guztia.
Kantuaren mezuari erreparatuz, ez dakit rock munduan emakume frontwoman izatearen inguruan ari ote zaren. Hau da, «ezin kabitu besteen begietan», jaso edo sentitzen diren kritikei erreferentzia egiten ari ote den.
Ezin kabitu horretan zure burua lekuz kanpo ikusten duzun uneez ari naiz. Izan daiteke lodifobia, izan daiteke amatasuna ulertzeko modu desberdina izatea… Saiatzen naiz horri guztiari buelta ematen eta nire zama bat arintzen-edo. Ez da nire zama, azkenean arazoa parean duzunaren eta ulertzen ez zaituenarena da arazoa.
Artea oso zaindua izan da disko honetan, ezbairik gabe. Esti Veintemillas eta Leire Ruiz izan dira hor pisua izan duten bi pertsona. Making off-a ere publikatu duzue, dena artisau eran eginda dagoela ikusarazteko.
Zuk ere aurretik galdetu zenidan ea ordenagailuz eginda zegoen. Bideo horrekin prozesuaren ederra erakutsi nahi izan dugu eta baita artisau lan hori ere. Dena margotuta, elementuak soinean itsatsita…
«Arrasateko Kooltur ostegunetan eman genuen, urria bukaeran, eta sekulako ilusioa egiten zidan bertan aritzeak. Halako ekimenak miresten ditut, urte askotako lana dagoelako atzean»
Zuzenekoetan ez zaitugu horrela ikusiko, ezta?
Leirek esan zidan ea koroa eta ileordea eraman nahi ote nituen, gero zuzenekoetan erabiltzeko. Baina esan nion berak bigarren erabilera hobea emango ziola. Hortaz, munstro maskaren ondoan, DOMA akademian, han ditu koroa eta ileordea jarrita.
Zuzenekoen zera hori esan dizut, zuzenekoak ere badatozelako laster.
Lotzen gabiltza. Ez dut gezurrik esango, ez dago erraza. Lehendabizikoa Arrasateko Kooltur ostegunetan eman genuen, urria bukaeran, eta sekulako ilusioa egiten zidan bertan aritzeak. Halako ekimenak miresten ditut, urte askotako lana dagoelako atzean. Urtarrilean Oñatiko gaztelekuan izango gara, Delirium Tremens taldearekin; horretarako sarrerak ere atera dira dagoeneko. Ez nukeen sekula pentsatuko halako talde batekin arituko nintzenik. Tartean, Tolosako Bonberenean ere izango gara, azaroaren 29an, Kaskezur taldearekin batera. Eta, gainerakoan, diskoa ere eskuratzeko moduan dago.
Hor ere badaudelako ‘Argi eta ilunak’, ezta?
Hala da, baina ez naiz arrakastaz-eta ari. Gehiago ari naiz lehen lerroan lanean aritzearen nekeaz. Antsietatea, lan batzuek sortzen duten presioa, lotura… aipatzen ditut Horregatik diot: «Erre baino lehen, sartu itzalera». Itzala deskantsua da kasu honetan. Askotan esaten digute, baina kostatzen zaigu onartzea: ez gara ezinbestekoak.