Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

‘Besterik ez’ lehen disko dibertigarria kaleratu du Marte Lasarte taldeak

Aurretik ere urte luzez elkarrekin ibili ostean, Borja Anton eta Pello Armendariz musikariek abian jarri zuten duela hilabete batzuk Marte Lasarte proiektua. Hasieran bi ziren, orain lau eta debuteko lana eskuartean dutela joango dira Durangoko Azokara. MusikHaria saioan izan dira.

Audio_placeholder

‘Besterik ez’ lehen disko dibertigarria kaleratu du Marte Lasarte taldeak

Loading player...
Taldearen logoarekin egindako tarta bat jan ostean osatu zuten diskoaren azala Marte Lasartekoek.
Taldearen logoarekin egindako tarta bat jan ostean osatu zuten diskoaren azala Marte Lasartekoek. (XERRA ESTUDIOA)

Fenix hegaztiarena egin dutela esan dezake norbaitek Marte Lasarte proiektuaren sorreran Skakeitan taldean elkarrekin ibilitako Pello Armendariz eta Borja Anton daudela jakiten dutenean. Egiari zor, taldearen azken etapako soinu batzuk topatu ditzakegu diskoan, baina beste bi taldekide batu zaizkie eta haiek ere egin dute ekarpenik proiektura. Belako taldetik ezagutzen dugun Lore Nekane Billelabeitia eta Skakeitanen bertan, En Tol Sarmiento, Gari edota La Oreja De Van Gogh taldeekin aritutako Alex Alonso dira proiektua laukote moduan ezagutzera eramaten gaituztenak. Haritz Harreguyren estudioan grabatu dute diskoa, konfiantzazko tokian, eta ekoizpenerako Jon Badirekin kontatu dute.

‘Besterik ez’ deitzen da beren lehendabiziko diskoa eta aurkeztu dute zuzenekoren batean. Bigarrenak azaroaren 30ean behar zuen, baina Alcalá Norte taldeko abeslaria gaixotu eta urtarrilaren 23ra atzeratu dute Donostiako Dabadabako kontzertua. Gauzak horrela, abenduaren 27an izango da hurrengo emanaldia, talde bera lagun dutela, Iruñeko Zentralen, Santas Pascuas jaialdiaren baitan.

Gai lurtarrak

Egunerokotasunean bizi ditun gaiak izan dituzte batez ere kantuen hitzetan. ‘Grabitaterik gabe’ abestian, adibidez, nahikoa nabarmena da 30ak gainditu osteko fase horretan dabiltzala, halako krisi esistentzial bat edo irudikatzen baitu Pello Armendarizek. Bereak dira kantuen hitzak. Bizitzeko modu alternatiboak, ez normatiboak, badirela aldarrikatzen du ‘Ez da besterik’ abestiak eta ‘Marte Lasarte’ kantuak, taldeari izena ematen dionak, egoera pertsonal bat kontatu arren badu askoren kezkatik. Donostiatik Lasartera bizitzera joan zeneko istorio bat kontatzen du abestiak, eta ez da harritzekoa diskoan Donostiaren inguruko hainbat erreferentziarekin topo egitea.

Alde sonikoaz gehiago arduratu da Borja Anton, nahiz eta Armendarizek konposizioan eta parte hartu duen. Hartara, ez da harritzekoa aurretik esan duguna, Skakeitan taldeko hainbat soinurekin topo egitearena, alegia. Garai hartan findu zituen gitarraren soinuak Antonek eta marka propioa uzten du sortzen duen abesti guztietan, disko honetako zortzietan barne. Baina jolas asko egin dute Marte Lasarteren lehen lan honetan, testura asko dituzten kantuak, 8-bit soinuak, spoken-worda, moztutako konpasak, sokak, haizeak, atmosfera ugari edota punk-pop izpirituaren zatiren bat ere topatu baititugu. Freskotasuna duten eta era berean mimo handiz landu diren proposamenak.

Lagunak kolaboratzen

Lagun onak izatea garrantzitsua omen da eta Skakeitan lagun taldea zirela agerikoa da. Hala, diskoan hartu dute parte Olatz Salvador eta Aitor Valcarlosek. Horrez gainera, Juanjo Berasain edota Sara Zozayaren ahotsak ere entzun ditzakegu. Berasain, gainera, ezohiko erregistro batean entzun dugu, ahots leunago eta dotore batekin, ‘Anek ezagutzen zaitu’ abestian. Zozayak diskoko kanturik hunkigarrienean, ‘Hileta’ abestian hartu du parte, esaldi eder asko bat ere idatziz kanturako: «bizitzeko lehenik hiltzen ikasi beharra dago». Barrua astintzen duen abesti horietaka. Jonatan Quiñones, Maria Bustos eta Enekoitz Martinez musikariek ere hartu dute parte diskoan, denak ere gertutik dituzten artistak.

Artearen garrantzia

Begietatik sartzen zaigu askotan gaur egun musika eta, atal horren garrantziaz ohartuta, asko zaindu dute iruditeria Marte Lasarte taldekoek. Hiru bideoklip itzel horren seinale; Holyfire estudioak egindako ‘Ez da besterik’ kantuarena bata, eta Muga etxeak egindako ‘Basamortua’ eta ‘Marte Lasarte’ kantuenak besteak. Denak ere ikusteko modukoak. Logoa ere deigarria eta diskoaren portada haren bueltan. Arte zuzendari lanetan, Jabier Rodriguez izan dute. 

MusikHaria saioan izan ziren asteburuko kontzertua bertan behera geratuko zela jakin aurretik, baina diskoaren xehetasunak sakon aztertu zituzten Borja Anton eta Pello Armendarizek goiko aldean entzun dezakezuen audioan. Lehen pauso sendoa zuzenean dibertigarria izango dela dirudien Marte Lasarte taldearena. Ea zer nolako bidea egiten duten.

Jaurlaritza Logoa