Zuzenean
«Etenik gabe soinu mexikarragoa edo hobea bilatzen saiatuko gara»
Single batzuk kaleratu zituzten taldea ezagutzera emateko, baina horietatik bakarra sartu da ‘La Txama’ diskoan. Aitor Valcarlos eta Jon Viejo kideekin izan gara hizketan, nahiz eta diskoan Martin Cervantes ‘Tuli el bachatuli’, Jonatan ‘Afu’ Quiñones eta Luis Sanchez ere aritu diren lanean.
«Etenik gabe soinu mexikarragoa edo hobea bilatzen saiatuko gara»

La Txama talde likidoa da. Hasieran Peye Honey, Pello Armendariz eta zu, Aitor Valcarlos, elkartu zineten taldea sortzen, baina asko pasa zarete dagoeneko La Txamatik.
Aitor Valcarlos: Beno, hasieran horrela hasi ginen baina beti esan izan dugu La Txama kolektibo bat dela eta oinarrian bost musikari garela, baina gero kolektiboa aldatzen doa.
Jon Viejo: Guk gure tribua daukagu atzetik eta akaso kontzertu batean bost gara eta beste batean hamasei.
Kontua da diskoaren edizio fisikoan ere ez dudala taldekideen izenik topatu.
A.V.: Hasiera batean zalantzan izan ginen disko fisikoa atera edo ez. Erabakia hartu genuenean informaziorik gabe atera genuen, ez dago ez kantuen hitzik, ez non grabatu dugun, ez nork, ez ezer. Kontatuko genuela erabaki genuen.
Diseinu freskoa du, hori bai, psikodeliko samarra. Amaiurko oroitarria ikusten dugu, gilda bat duen gitarra bat…
A.V.: Gu ordezkatzen gaituzten sinbolo eta irudiak erabili ditugu.
J.V.: Zerrenda bat osatu genuen erabat abstraktua zena eta Sergio Diaz diseinatzaileari bidali genion. Berak egindako proposamenetik gauza batzuk kendu eta besteak jarri eta horrela osatu dugu.
A.V.: Tulik esan zuen: «niri gildak gustatzen zaizkit». Bada, non jarriko zuten gilda ez bazen bere gitarran. Gero helikoia, tronboia… gu ordezkatzen gaituzten irudi eta elementuak daude.
‘La Txama’ kantuak esan daiteke zuen izaera edo nolakotasuna definitzen duela. Nazkatuta egongo zarete dagoeneko hau definitzeaz, baina nondik dator ‘Txama’ hitza.
A.V.: Egunerokotasunean erabiltzen dugun hitza da, «ze faena», «ze putakeria», «ze txama», bezala. Gu hori garelako pixka bat, joaten garen tokira hori sortzen dugula pixka bat, faena bat.
Hori akaso bai, baina zoazten tokian sekulako festa antolatzen duzue. Bai behintzat Glad is The Day jaialdian Donostian edota Errenteriako Atlantikaldian.
J.V.: Atlantikaldian gertatu zena ez genuen inondik inora ere espero.
Egun hartan kabitzen al zineten oholtza gainean?
A.V.: Ez. Oholtzako posea aldatu behar izan genuen horregatik, ez ginelako altueran sartzen. Normalean U forman jartzen gara, Jon erdian helikoiarekin eta gitarrak alde batean eta haizeak bestean dituela.
J.V.: Alturari dagokionez ni ez nintzen kabitzen eta izkina batean egon behar izan nuen, baina toki okerragotan egon gara eta, ondorioz, ohituta gaude halako gauzetara.
Jende askok kolektibo moduan ikusten zaituztete, parranda giroa dagoela, nahaste-borraste moduko bat ere eman dezake guztiak… Baina izatez musikari serioak zarete eta ibilbide luzekoak, gainera.
A.V.: Proiektu hau martxan jarri genuenean ezagutzen nuen jendearekin jarri nintzen kontaktuan. Jon txikitatik ezagutzen dut, Tuli ere aspaldi… musikalki fin ibiltzen zen jendearekin hasi nintzen harremanetan, nahiz eta gero kanpotik parranda taldea garela irudikatu. Baina, bai, ni uste dut musikari onak garela esan daitekeela.
J.V.: Adarra jotzen didate, beste elkarrizketa batean esan nuelako gure musika ez zela ikusle finenentzat. Hau da, afinatzailearekin joaten direnentzat ez gara. Parranda taldea gara eta horrek ez du esan nahi gaizki jotzen dugunik.
Hau da, ez pentsatzeko Mariachi Real de Mexico ikusiko duenik bertaratzen denak. Txarangatik gertuago dagoen lagun talde bat dela esan daiteke?
A.V.: Agian bai. Tuli izan ezik gainerako denok pasa gara txarangetatik. Compa Luisek, gainera, tronboia jotzen du eta La Txaman bertan ere abesti bat jotzen du tronboiarekin.
J.V.: Gure nahasketak ere egiten ditugu. Luisek gitarra utzi, tronboia hartu eta Aitorrek abestu eta halakoak.
Musikan sartuta, lehen abestitik instrumentazio guztia sartzen da. Hori bai, baxua eta helikoia nahasten dituzue eta pertzepzioa ere galdu daiteke uneren batean zer den zer bereizteko.
A.V.: Belarri fina zurea. Hori da Mexikoko musikan, korridoetan, asko erabiltzen den konbinazioa, nahiz eta guk abesti honetan bakarrik egin dugun. Helikoia eta kontrabaxuarekin nahaste hori asko egiten da eta erabili nahi genuen errekurtsoa zen zalantzarik gabe.
J.V.: Disko osoa izan da gure esperimentuak jorratu ditugun toki bat eta funtzionatu digu, argi dago. Bakoitza toki batetik gatoz eta gauzak probatzen joan gara. Korrido bat funky ukituekin, cumbia bat… jolasten dugu.
A.V.: Lehen diskoa da, lehendabiziko abestiak, hortaz talde bezala bagenekien zer genero egin baina ikusi behar genuen nola egin behar genuen geroz eta fidelagoak izateko mexikar musikara, jakinda euskaldunak garela. Beno eta gaztelarrak eta aragoiarrak. Soinua bilatzeaz gainera, elementuak nola erabili ere ikasi behar izan dugu.
Helikoiarekin egiten dira halako elefanteak egingo lituzteenak bezalako dei batzuk. Nola deitzen zaio horri?
J.V.: Ez dakit, baina New Orleanseko brass bandei begira ikasitako zerbait da. Sarrerak-eta markatzeko erabili izan dituzte eta hortik ikasi nuen.
A.V.: Gu lokartzen garenean egiten digu halako bat eta erne jartzen gara.
Grabaketak non egin diren diskoan ez duzuela jarri esan didazue, baina jakin nahi dudan gauzetako bat da, haizezko instrumentuekin egindako musika izateko oso ondo grabatu eta nahastua dagoelako, eta hori Euskal Herrian oraindik ere erronka handia izaten da.
A.V.: Bada, esango dizut disko hau guk grabatu dugula, bi toki desberdinetan. Toki bat Honey Peyeren lokala da eta bestea Eñaut Gaztañagaren estudio zaharra, baina dena guk ekoitzia eta gure gailuekin grabatua izan da.
Soinuarekin gustura geratu arte zenbat denbora pasa duzue?
J.V.: Aste dezente pasa direla esango nuke.
A.V.: Ea, kostatu zaigu gure soinua bilatzean, batez ere haizeen konponketan. Bonbardinoaren lerroak tronboiarekin egiten ditugulako eta horretarako desberdin jo behar izaten da, altuxeago eta halako gauzak. Oraindik ere lan horretan gabiltza eta etenik gabe soinu hobea edo mexikarragoa edo bilatzen saiatuko gara.
J.V.: Hasieran ikusi genuen erronken artean ikusi genuen Euskal Herrian ez dagoela musika mota honetako erreferentziarik. Hortaz, guk genekien horrekin eta Tuli teknikaria delako zortea dugunez, gauzak probatzen joan gara. Zerrenda batean apuntatzen genituen gure ustetan aldatu beharreko kontuekin eta Tuli gaixoa erotu dugu, zerrenda luzeak zirelako eta denbora tarteak laburrak.
Zuzenekoak noiz eta nola dituzue?
A.V.: Urtarrilaren 3an hasiko gara Bilboko Kafe Antzokian, Chill Mafiako lagunekin beren agur bira horretan. Beragarako Kartzela Zaharrean segiko dugu urtarrilaren 24an, Legution, otsailaren 1ean; Gasteizko gaztetxean 7an; Durangon, 40 Minutu Rocken, 15ean, Madrilen eta Bartzelonan berriz ere Chill Mafiarekin ibili eta, martxoaren 15ean, Donostiako DabaDaba aretoan, bi pase eskainiko ditugu. Apirilean, berriz, Ordizian eta Atarrabiako Totemen arituko gara. Maiatzera arte baditugu dozena inguru aurkezpen kontzertu.
Eta gero udakoak, noski.
A.V.: Maiatzean geldialdi txiki bat egingo dugu eta hilabete horren bukaeran udako birarekin topera jarriko gara. Euskal Herriko txoko guztiak bisitatzea da gure plana, eta, bide batez, diru asko egitea.
Eta osasuna zaintzea?
J.V.: Noski, zaindu behar dugu.
Hau diot, parranda giro hori ikusita, asteburu berean hiru edo lau kontzertu tokatuz gero… ez zela erreza izango. Hau da, parranderoaren irudia eman behar duzuela parranderoegi izan gabe.
A.V.: Ez dakit gogoratzen duzun, baina Gladiseko kontzertura oso ondo iritsi ginen eta hirugarren eguna zen. Nik lehen egunean kotxea eraman nuen ez edateko, bigarrenean kontzertua bukatu eta etxera itzuli ginen segituan eta hirugarrenean bai, kontzertua eta gero sekulako parranda egin genuen.
J.V.: Oso kontzertu polita izan zen, sekulako poztasunarekin gogoratzen dut egun hura.
A.V.: Gure gurasoak ere parean genituen eta hori bitxia da. Gainera, kontzertu horretarako hiru abesti baino ez genituen kaleratuta. Uda nahikoa esperimentala izan da guretzako, abestirik ia kaleratu gabe zuzenekoak ematen ari ginelako. Jendeak asko deitu gaitu eta harrituta gaude.
J.V.: Hasieran sei edo zazpi kontzertu izan behar ziren, errodaje pixka bat egiteko, eta uste dut azkenean hogei edo izan direla.
Lehendabiziko urtea eta diskorik gabe izateko, badira batzuk.
J.V.: Eta ordura arte fundamentu gutxirekin, gauzak diren bezala.
A.V.: Orain belarrietatik tira digute, ikasi dugu baita ere eta aurretik datorrenari gogotsu helduko diogu.
Bada, ongi joan dadila guztia.
Mila esker, plazera!




