Zuzenean
Lehendabiziko lan «inprobisatuago» baten ostean, bigarren disko bat aterako du urriaren 4an Keia taldeak. Ane Arruti da taldearen aurpegia eta ahotsa, baina ondoan izango ditu aurretik ere taldekideak diren Egoitz Olalde, Iñigo Ibarrondo eta Iker Martinez de Zuazo. Haritz Harreguyreren estudioan grabatu dute diskoa, Usurbilen, eta ‘Tiraka nabil’ singlearen bideoklipa, berriz, Donostiako Doma akademian.
Leire Ruiz «aspalditik» ezagutzen du Ane Arrutik eta Doma akademiako profesionala da Ruiz. «Gorputza pintatzeaz eta soinean ikusten diren lepoko, lore eta kontu guztiak hark landutakoak dira. Egun bat behar izan genuen grabaketa lanak egiteko eta, egiari zor, oso ondo pasa genuela aitortu behar dut», kontatu digu Arrutik. Esti Veintemillasek grabatu eta editatu du bideoklipa eta Iker Martinez de Zuazo laguntzen izan dute bide honetan.
Hiru esaldi aski izan ditu abestia osatzeko Arruti zarauztarrak: «Nire hitzetan ez dago literatura gehiegi eta askotan esaten da labur kontatzea izaten dela zaila. Tira, nik horrela idazten ditut hitzak normalean, ez naiz gehiegi luzatzen».
Esanda bezala, aurrerapen kantu honen atzetik diskoa etorriko da, oraindik izenik argitu ez diguten diskoa, urriaren 4an. Bitartean, kantu eta bideoklipaz disfrutatzea geratzen zaigu.