Live
Bideokluba saioan telesailak gomendatzen aritzen dira hilabetean behin Nekane Madariaga eta Itziar Lamarka. Saio hau, ordea, berezia da, monografiko samar geratu baitzaigu. Movistar + plataforman estreinatu da Javier Ambrossi eta eta Javier Calvo zuzendari tandemaren azken lana, 'La Mesias'; arrakasta izugarria izan du thriler ilunean murgiltzen gaituen telesaila honek. Berriki banatu diren Feroz sarietan hainbat sari lortu dituzte: urteko telesail onena sariaz gain, interpretazio onenari saria jaso dute Lola Dueñas eta Roger Casamajor aktorteek telesailean egindako lanagatik.
Aski gazteak dira Javier Ambrossi eta Javier Calvo, 'Los Javis' zuzendariak, eta gaztetasun horrek akaso eman die publikoarekin konexio berezi bat lortzeko trebezia.«Gai gordin eta sakonak modu Naif eta Pop-eroan kontatzen dituzte» diote Nekane Madariagak eta Itziar Lamarka Bideoklubeko kolaboratzaileak. Ideia berritzaileen iturri dira eta munduaren inguruko ikuspegi berritu bat erakutsi digute egindako lanetan, batez ere, oso anitza den errealitate bat kontatu digute. Horretaz gain, ausartak dira bai mezuan baita egiteko moduan ere.
Ambrossi eta Calvo bikote sortzailea izateaz gain, bikote ere badira filmaketetatik kanpo. Lagun artean ekoiztea dute gustuko, eta hori ere antzematen da bikote honen ekoizpenetan. Hastapeneko aktoreekin egiten dute oraindik lan. Horren adibide argiena da 'Paquita Salas', lagun artean hasitako proiektuak Netflixeko exekutiboak konbentzitu zituen, eta bigarren denboralditik aurrera plataforma horren babesa izan zuten.
'La Mesias' telesaila izugarri gustatu zaigula aitzakiatzat hartuta 'Los Javis' zuzendariaren lanak aztertu ditugu Bideokluba saioan: La Mesias, Veneno, Paquita Salas eta La Llamada filmaren inguruan aritu gara solasean.