Zuzenean

NAIZ irratia

«Antropologia bisualak modu irekiak bilatzen ditu hitzarekin kontatu ezin dena erakusteko»

Hartza eta otsoarekiko dugun harremana ikertzen hasi eta hiru urtera estreinatuko da Zinebi festibalean 'Pizti bat agian',  Gutierrez eta Gonzalezen lehen dokumentala. Antropologia metodoetatik edaten duen lan honetan apenas egiten da hitzik, baina irudiek asko kontatzen dute, dena.

Audio_placeholder

«Antropologia bisualak modu irekiak bilatzen ditu hitzarekin kontatu ezin dena erakusteko»

Loading player...
Maina, Garaziko abeltzaina, 'Pizti Bat Agian' dokumentaleko protagonista
Maina, Garaziko abeltzaina, 'Pizti Bat Agian' dokumentaleko protagonista (Ainhoa Gutierrez del Pozo)

‘Pizti bat agian’ dokumentala estreinatuko da gaur Zinebi Festibalean,  BBK aretoan izanen da premierra, 20:00etan. Ainhoa Gutierrez del Pozo eta Olatz Gonzalez Abrisketak zuzendu dute  lau eskutara eta Karrantza eta Garazi inguruetara eramango gaituzte, landa eremura.

Otsoaren eta hartzaren bueltan hasi ziren ikertzen bi zuzendariak, bi animalia basatien inguruan badaudelako uste eta kondaira asko, eta  pertsonak badu animalia hauekin harremanak izateko modu bat. «Baina guretzat ez zen interesgarria posizio argi bat izatea alde edo kontra. Gaia konplexua da, «potentea», baina ez da oso interesantea guk hiritik zer pentsatzen dugun erakustea. Guk argi genuen ez genuen alde edo kontra posizio hori erakutsi nahi, gaiaren konplexutasunak interesatzen zigun gehien».

Hiru protagonista nagusi ditu dokumentalak: Garazi inguruan bizi den  abeltzaina, Karrantzako ehiztariak, eta kamera atzean piztiaren zain, pazientziaz, itxoiten duen Adan argazkilaria. GPS pantailak erabiltzen dituzten ehiztariek basoraino jarraituko diete zakurrei, eta gauak harrapatuko ditu. Beste leku batean, Mainak egunero egiten ditu baserriko lanak eta zenbatzen ditu ardiak,  eta Adan, ilargi berria denean, kamera eskuan hartuta aterako da piztien bila.

Arte Ederrak ikasi zituen Del Pozok, eta egun doktoretza egiten ari da antropologia bisualean, eta hor kokatu behar da 'Pizti bat agian' dokumentala. «Antropologia bisualak modu irekiak bilatzen ditu hitzarekin kontatu ezin dena erakutsi ahal izateko» azaldu du zuzendariak NAIZ irratiko Bideokluba saioan. Karrantza eta Garazi aldean egin dituzte errodajeak, eta material asko bildu dute.

Dokumentala egiteko asko edan dute ikerketa antropologikotik, «Tokian denbora asko eman dugu, jendearekin asko hitz egin dugu, horrela erabaki genituen dokumentalaren hari posibleak eta protagonistak» azaldu du Gutierrezek. Aitortu digu landa eremura liburu, ideia eta eztabaidagai batzuekin bertaratu zirela, baina zetorrinari beti irekiak.  «Modu kaotikoan egiten genuten lan. Baina, beti, leku batera iritsiko ginen sentsazioarekin». Metodoarekin asmatu zutela dio zuzendariak, «uste dut lortu dugula modu bat errealitate batzuk begiratzeko, baina begiratze horretan, kamara oso presente dago, eta gure egoteko moduan ere kontatzen da zein tokitatik hurbildu garen protagonistetara».

 

Jaurlaritza Logoa