Live
Astearte honetan eman dute jakitera Donostia Antzerki Sariaren XXIII. edizioko irabazlea. Kamikaz Kolektiboak eta Ttak Teatroa konpainiak eskuratu dute, ‘Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi’ antzezlanari esker. Obrak fikzioaren inguruko hausnarketa du abiapuntu, eta korapilo asko elkarlotzen dira ideia horri tiraka: zein da emakumeen papera fikziozko istorio horietan? Eta gizonena? Nor dago lan horien ekoizpenaren atzean? Eta nor ez? Galdera horiek guztiak oholtzaratu dituzte, umore klabeetan.
Erika Olaizola, Amancay Gaztañaga eta Iraia Eliasek osatutako hirukoteak ondu du, hasieratik amaierara, antzezlana: haiena da testua, hirurak arduratu dira zuzendaritza lanez eta hiruak igotzen dira oholtza gainera antzeztera. Hain justu, hori da epaimahaiak balioan jarri duena: sorkuntza prozesu propioa garatu izana. Hizkuntza-kalitatea ere azpimarratu dute epaimahaikideek eta hiru emakumeen antzezpen-lanak goraipatu.
Pozez hartu du lantaldeak saria eta jasotako errekonozimendua eskertu. Atzean izan duten lantalde osoaren eta Azpeitiko Kulturaz Kooperatibaren babesa ere eskertu zuen hirukoteak astearteko prentsaurrekoan.
12.000 euroko saria jasoko dute Kamikaz Kolektiboko eta Ttak Teatroako kideek. Eskuartean dituzten proiektu berriak sostengatzeko aukera emango die sariak. Sari ekonomikoaz gain, Ramon Zuriarrain artista donostiarraren artelan bat ere jasoko dute. Martxoaren 27an izango da hori, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean. Ekitaldia 19:30ean, Victoria Eugenia Antzokian ospatuko da. Saria banatzeaz gain, hirukoteak bere lana oholtzaratuko du.