Live
Hilabete honetako mahai ingurua marko teoriko bat adosteko baliatu dute Jokin Aldazabalek, Maite Aristegik eta Aitziber Sarobek NAIZ Irratiko ‘Gelditu Makinak’ saioan. Errealitate berriei desazkuntzatik begiratzea hautatu dute hiru adituek.
Sarobe natur kontserbazionistak azaldu duenez, zalantzan inor gutxik jartzen duen krisi sozioekologiko globalean dago honen jatorria. ‘Nature’ aldizkariak berak duela urtebete editorial batean zioen etengabeko hazkundeaz pentsatu beharra dugula, eta, planetaren muga biofisikoetara iritsi garela onartzen badugu, horrek ekonomiaz hausnartzera eramaten gaituela. Bi alternatiba planteatzen ziren, eta haietaz gogoetatzea eskatu: lehena kapitalismoa birformulatzea da, baina etengabeko hazkuntza zalantzan jarri gabe, teknologietan eta kapitalismoan oinarrituta; beste irakurketa desazkuntza asumitzea da, ez dugulako etengabe izango energia eta material gehiago, muga horretara iritsita gaudelako.
«Erreka gainezka egiteko zorian dago, edo gainezka egin du. Ekar ditzagun urak bere onera hobeto bizitzeko, ondo bizitzearen kontzepzioa aldatuz».
Lehenengoari dagokionez, datuak mahai gainean, ez dute aterabiderik ikusten hiru solaskideek, ez behintzat jendarte justu batean. Bigarrenean, ezinbesteko deritzote hori egiteari «gu geu pertsona eta herri gisa blokeatu gabe, katastrofismo batean sartu gabe. Nola egingo dugu errealitate berri horiek irudikatzeko katastrofista izan gabe, aukera bezala ikusita eta ez aterabiderik gabeko arazo?».
Aldazabal kazetaria, Euskadi Irratiko ‘Ekosfera’ saioko aurkezle ohia, hala mintzatu da: «Edo lurreratze leuna egiten da, aldaketa antolatua, geure borondatez, ongi programatua, edo bestela kolapsoa etorriko da, katastrofikoa. Aurreikustea litzateke nola egin daitekeen egokitze arrazoizko bat, geure inpaktu maila modu drastikoan urrituta». Aristegi nekazari eta sindikalistaren ustez, oso garrantzitsua da ulertaraztea natura bera ari dela erakusten mugak gainditu ditugula, garapen jasangarria oximoron bat dela. Defendatu du koloretako betaurrekoak jarri eta «hobeto biziko garen egoerak» irudika ditzakegula: «Erreka gainezka egiteko zorian dago, edo gainezka egin du. Ekar ditzagun urak bere onera hobeto bizitzeko, ondo bizitzearen kontzepzioa aldatuz».
Enfoke positiboa eman
«Zorionez, pauso handiak ematen ari dira, feminismotik bertatik ekarpen handiak egiten ari dira beste bizitzeko era batzuei begira, kolektibitate zentzuari, harreman pertsonalei; dena ez dela edukitzea, xahutzea, gastatzea, baizik eta beste balore asko daudela», azaltzen jarraitu du Aristegik. Bide ezberdinak daude: «Norbere urratsetatik hasi, gero kolektibitatean egin ahal ditugun gauzak eta, noski, erabaki politikoak. Enfoke positibo hori eman behar zaiola uste dut. Desazkundeak ez gaitu kobazuloetara eramango, baizik eta hobeto bizitzera eraman gaitzake daukaguna hobeto banatzen eta baloratzen ikasten badugu».
Natur kontserbazionistak gaineratu du «zintzoki jokatu» behar dela eta argi esan behar dela desazkuntzak eskatzen duela material eta energia kontsumoa gutxitzea, gure kasuan asko gutxitzea. «Hori ezin da disimulatu, kontsumo horretatik ulertzen bada zoriona ezinezkoa da gure ariketa, hor dago eraiki behar den pentsamendu berria: gure bizimoduak nola aldatu kontsumo hori jaitsita orain bezain zoriontsuak edo zoriontsuagoak izateko. Inor haserretu gabe, baten bat honezkero ariko baita pentsatzen ‘nire kontsumoa ez da beste batzuenaren adinakoa’, gure jendartean ere desorekak daudelako».
«Duela ehun bat urteko kontsumo mailetara jaitsi behar dela diote batzuek, baina bizimodu hura gabe. Hori irudikatzen hasi behar da, eta ez dugu ahaztu behar historia bat dugula eta kontakizun batzuk eraiki direla orain agian birpentsatu behar diren gertaeren gainean. Euskal Herrian krisi ekosozial larriak bizi izan ditugu, eta batzuek ia bizitzeko modukoak ez diren baldintzak eragin dituzte». Ez da denbora asko Sarobek La Peñako interpretazio zentroa bisitatu zuela, Arboleda inguruan. «Hango gazteen bizi esperantza XX. mende hasieran 20 urte zen. Garai hartatik oso hurbil jaiotako amama oraindik bizirik daukat. Krisi ekosozial horri esker garatu zen, eta zer abiaduran, Bilbo Handia. Jarri beharko genuke gertaera haiei begira. Kontrakoa ere bai: garai hartan sekulako emigrazioak izan ziren mugaz beste aldera. Hura beste krisi ekosozial bat da. Hori dena gure herrian gertatu da, ez da ezer berria orain esaten ari garena. Konponbideak nondik etor daitezkeen pista batzuk baditugu», esan du.
«Agroekologian pauso bat ematen den aldiro inbertsio fondo handiak terreno ikaragarriak erosten ari dira nekazaritza industriala egiteko»
Autorik gabe bizitzea
‘Ekosfera’ saioko aurkezle ohiak ez du ezkutatu desazkundeak ekarriko lukeen «gordintasuna: ez dugu autorik izango, energia kontsumo handiena horretan egiten baitugu; oporrek aldatu beharko dute; gure osasun sistema konplexu hau seguru asko ez da izango; hezkuntza sistema ere ez. Iraun nahi badugu aldaketa hain da ikaragarria, ikuspegi positiboa eman daiteke gizakion barne aldaketaz, baina gaurko bizimodutik ikusita izan daitekeen agertokirik gaiztoenetakoa dirudi».
Nekazari eta sindikalistak horrela erantzun dio: «100 eta 0 artean 50 ere badago. Badago kotxe gutxiago egitea. Bide bat da, dagoeneko pauso batzuk ere ematen ari dira. Nekazaritzan agroekologian ematen den pauso bakoitza bide onean doa, lokalki produzitu eta saltzen dugun heinean».
«Baina agroekologian pauso bat ematen den aldiro inbertsio fondo handiak terreno ikaragarriak erosten ari dira nekazaritza industriala egiteko», ohartarazi dio lagunak. «Borroka ez da parekatua inolaz ere. Egin behar dela? Dudarik ez. Une bat iritsiko da nekazaritza industrial horrek ez duela izango ongarri artifizialik, eta orduan agroekologia beharko da».
«[Fusio bidezko energiak konponduko luke] janariaren auzia, urarena. C02a atmosferatik aterako luke, eta industriari aurrera jarraitzeko hauspoa emango lioke. Baina arnasa izango litzateke bide beretik jarraitzeko, gizakien arteko ezberdinetasunak nekez gutxituko lituzte. Fusioa lortzeak galarazi egingo liguke bioaniztasunari eusteko neurriak hartzea».
Sarobek hala adierazi du: «Nire autoak iraun behar duena irauten badu, azkena izango da, asumitua daukat, ez nau horrek kezkatzen; kezkatzen nauena da kotxerik gabe nire bizimodua egin ezin izateak: ez dut lan egiten bizi naizen herrian, pozik joango nintzateke garraio publikoan halakorik balego, kontua da inor ez dela hori antolatzen ari».
Fusio bidezko energia garbia
«Edozein helburu zientifiko lor omen daiteke nahikoa diru, zientzialari eta denbora horretara bideratuta», dio Jokin Aldazabalek. Lawrence Livermore laborategian fusio esperimentaleko instalazio batek estreinakoz lortu du energia gehiago sortzea erreakzioa hasteko behar izan duena baino. Demagun, fusio bidezko energia garbi amaigabea izatera iristen garela. «Zer aldatuko luke horrek?». Aldazabalek egin du analisia.
«Energia garbia nahi adina izango genuke, garbiarena zalantzan jartzen dut, energia berriztagarriek ere zikinkeriarik sortzen baitute. Zer arazo konponduko luke? Janariaren auzia, urarena. C02a atmosferatik aterako luke, eta industriari aurrera jarraitzeko hauspoa emango lioke. Baina arnasa izango litzateke bide beretik jarraitzeko, gizakien arteko ezberdinetasunak nekez gutxituko lituzte. Fusioa lortzeak galarazi egingo liguke bioaniztasunari eusteko neurriak hartzea».
Aitziber Sarobek esplikatu duenez, naturan ikusten duguna errepikatzen dugu egiten dugun guzti horretan, eta energiaren gaian ez gabiltza naturaren zikloei arreta jartzen: ez du energia zentralizatuaren logikan egiten; kontrakoa, fotosintesiaren bidetik deszentralizatzen du. Eta zentralizazioan dauka negozioa energia sistema honek».
Abere hazkuntza
Gaiarekin harilkatu dute abere hazkuntza ere. Hain zuzen, hegazti gripearen kasuak agertzen ari dira, oraingoz, animalia basatietan. Horrek, ordea, eragin zuzena du abeltzaintzarekin eta sustatzen den ereduarekin. Irakurketa zorrotza egin dute Aristegik eta Sarobek. Marko teorikoaren premia, beraz, agerikoa da. Gertaera esanguratsuak ari dira jazotzen ekologiari dagokionez eta, jakina, giza aktibitatea denez horien eragileetako bat, aterabideak ere, hein batean, soziala izan beharko duelakoan daude.
Egungo errealitateari begira, aho batez onartu dute desaztea dela erronka. Helburua da, norbere jakintza baliatuz eta oinarri teorikotik, desazkundea politikoki lantzea eta etorkizun hurbil eta positibo bat irudikatzen ahalegintzea. Ez da lan makala gero, baina hiruko honek asmoak garbi dituenean antzeman egiten da.