Zuzenean

Eli Pagola
Elkarrizketa
Julen Astigarraga
Geologo eta ekologoa

«Euskal Herrian benetako baso politika baten beharrean gaude»

Basoak ezinbesteko egiturak omen dira CO2 isuriei eta klima larrialdiari aurre egiteko. Horregatik, ikertu nahi izan dugu klima aldaketak zer eragin duen basoetan eta, era berean, baso kudeaketak zer pisu duen gaian. Julen Astigarragak argi du basoen multifuntzionalitatea ulertzean dagoela gakoa.

Audio_placeholder

«Euskal Herrian benetako baso politika baten beharrean gaude»

Loading player...
Julen Astigarraga.
Julen Astigarraga. (Endika Portillo | Foku)

Zer da ekologia?

Ekologia da gizakiak ingurumenarekin duen harremana ikertzen duen zientzia; hau da, edozein izaki bizidun ingurumenaren mendekoa da eta beraz, existitzeagatik bakarrik ingurumen hori eraldatzen du. Gertatzen ari dena da, gizakiok, gure inteligentzia gaitasun handia dela eta, eta taldean bizi garenez, ingurua eraldatzeko ahalmena izugarria dugula; bai espazioan, mundu mailako aldaketak eraginda, bai denboran, azken berrehun urteotan eman diren aldaketa esponentzialak kasu. Horrek guztiak ekosistemen funtzionamendua aldatu dezake hiru lerrotan: kimikoki (kutsadura), biologikoki (bioaniztasun galerak) eta klimatikoki. Uste dut hirugarren hori dela zientziaren aurkikuntza garrantzitsuenetako bat; izan ere, ikusteko oso zaila eta denbora-tarte luzean gertatzen den zerbait da.

Hiru aldaketa horiek osatzen dute, hein batean, ‘aldaketa globala’ deritzona. Hala ere, askotan klima aldaketan zentratzen gara transbertsala delako. Auzia ez da bakarrik zenbat berotzen den, baizik eta zer abiaduratan; analogia bat eginez, tiro bat egitean balak berak baino, balak dakarren abiadurak hiltzen zaitu.
Baso eta landaketak bereizten dira. Zergatik?

Basoen inguruan gauza asko dakizkigu, baina beste asko ez. Askotan aipatzen da basoak multifuntzionalak direla. Horrek esan nahi du erabilera ugari eta hainbat esparrutan eta aldi berean garrantzi handia dutela. Landaketak egitean, berriz, funtzioak lehenesten dira; esaterako, azken mende eta erdian egin diren landaketak egur-ekoizpenera bideratu dira eta bidean beste funtzio asko alboratu dira. Egur-ekoizpenerako eukaliptoaren kasuan, oso hazkuntza azkarreko materiala izateari eman zaio garrantzia, xurgatzen duen ur kantitate handiaren eta bioaniztasunean duen eraginaren aurretik.

Nik uste dut teknologian oinarritutako soluzioak aurkitzea direla landaketak; hau da, funtzio bat lehenestea beste bat galtzeko arriskuarekin, eta hori basoen konplexutasuna ez ulertzearen ondorioetako bat da. Ez dut esaten landaketak gaizki daudenik, baina guztia landaketetan zentratzea oso arriskutsua izan daiteke multifuntzionalitateari begira.


Nola ikertzen da klimak baso egituretan duen eragina?

Zuhaitzek bizi itxaropen oso luzea dutenez eta osorik aztertzea zaila denez, alde batetik, espazio zabala ikertzen da baso-inbentario bidez. Bestetik, ikerketa lokalak baliatzen ditugu; adibidez, dendrokronologia (zuhaitzen hazkuntzaren denbora ikertzea). Gure latitudeetan, zuhaitzek hazkuntza eraztunak sortzen dituzte urtero eta eraztuna zenbat eta zabalagoa izan, urtea orduan eta oparoagoa izan dela seinale.

Tesian zer ikertu duzu?

Alde batetik, Europa eta Ipar-Amerikako basoak ikertu ditut; gero, Iberiar Penintsulako basoei erreparatu diet zehatzago, eta, azkenik, Oñatin ikerketatxo bat egin dut dendrokronologia bidez. Aldaketak forma eta norabide askotakoak izan daitezke eta, batik bat, demografiaren bost ataletan zentratu naiz: ugalkortasuna, dispertsioa, birsorkuntza, hazkuntza eta hilkortasuna.

Zein dira eragile nagusiak?

Klimaren aldagaia aipatu dugu, baina, bada beste bat oso garrantzitsua: gizakia. Gizakiak kliman ez ezik, lur-erabileren aldaketetan ere eragiten du. Beraz, maila globalean eta lokalean, zuzenean eta zeharka eragiten dugu basoen demografietan, egituretan, konposizioan eta distribuzioan.

Zer aldaketa ari gara ikusten?

Hazkuntzari eta birsorkuntzari begiratzen badiegu, mundu mailan XX. mendean tasak handitzen joan dira -hein batean, CO2 isuriek zuhaitzen hazkuntzari mesede egin diotelako-, baina gaur egun ikusten ari gara tasa horiek moteltzeko joera nagusitzen ari dela. Aipatu izan da CO2 garai batetik tenperaturak menderatutako garai batera igaro garela.

Hilkortasunarena da, bestalde, mundu mailako joera orokortuena. Kontsentsu zientifikoa dago esateko hilkortasun tasak handitzen ari direla azken berrehun urteetan. Dentsitatea handitzearen ondorioz hilkortasun tasa handitzen da; beraz, landaketa bidez, guk aldaketa bat eragiten dugu demografian, egituran aldaketa bat eragiten duena, eta, azken horrek, berriz ere, demografian aldaketa bat dakar. Hor sorgin-gurpil bat sortzen da, ikerketen arabera egonkorra ez dena; alegia, gurpilaren abiadura, hilkortasun tasen abiadura, azkartzen doa denboran zehar.

Aldi berean, espezieen desplazamendu bat ari gara ikusten. Ebidentziek erakusten digute espezieak poloetara migratzeko joera bat dagoela, lehen hotzagatik mugatutako eremuetatik harago.

Bestalde, konposizioan beste prozesu interesgarri bat ari da ematen. Tenperatura altuetara eta lehorteetara hobeto moldatutako espezieak areagotzen ari dira. Adibidez, hezetasunera ongi egokitutako pagoz osatutako baso batean, orain, artea ari da ordezkatzen.

Lehorteek zer eragin dute inguru hezeetara egokitutako espezieengan?

Modeloek erakusten dute etorkizunean izango ditugun basoak, klima aldaketaren poderioz, baxuagoak izango direla. Hau gertatzen da, sustraietatik hostoetara eramateko urik ez badago, hutsegite hidrauliko bat gertatzen delako eta horrek kabitazioa eta enbolismo bat sor dezakeelako. Halakoak ekiditeko, espero da zuhaitzek gero eta baxuagoak izateko joera garatzea, eta hori klima aldaketaren ondorio zuzena izango litzateke. Alabaina, norabide asko daude eta ez dugu oinarri nahikorik esateko, zehatz-mehatz, norantz doazen espezieak.

Lehen aipatutako kasu horretan, baso birlandaketetan, pagoa lehenetsiko litzateke?

Erantzun erraza baiezkoa litzateke, baina ni ez nintzateke ausartuko baietz esaten. Insignisari begiratuta, gogoan dugu nola landatu zuten, eta pinu hori oso ondo moldatu da Euskal Herriko ingurunera. Beraz, insignisa landatzea aukera ona izan zen? Bada, agian, garai hartan, egokia izan zen. Gaur egun, 2018ko izurriaren ondoren, berriz ere galdera horri erantzunez, ideia ona izan zen insignisa landatzea? Bada, agian, ez. Espezie bati, beste baten kaltetan, mesede egitea ongi ikertu beharreko erronka da. Gainera, ikerketek nabarmen erakusten dute azkar hazten diren espezieak eta indibiduoak hiltzen direla gero azkarren. Zentzu horretan, kontserbadoreagoa naiz eta bertara egokitutako espezieen alde egingo nuke.

Basoen iraupenari eta ekosistemari begira, zer kudeaketa dira interesgarriak?

Kudeaketan ia beti hanka sartuko dugu. Izan ere, horren ekosistema konplexuak izanik eta gure beharrak denboran zehar aldatzen direnez, gaur egungo kudeaketa, seguru asko, ez da egokia izango etorkizuneko biztanleentzat. Esan bezala, teknologian oinarritutako soluzioak bilatzen ditugu eta funtzio guztiak aintzat ez hartzeaz gain, hierarkizatu egiten ditugu. Baldintza horietan horrelako erantzun bat ematea, espezie aukeraketari dagokionez, arriskutsua izan daiteke.

Baso batzuk kudeatu behar dira eta beste batzuk dauden bezala utzi. Kudeaketak baditu efektu positiboak eta garrantzitsua da laguntzeko bada. Kontua da, kudeaketa horretan, guztia kudeatu dugula jada. Mediterraneoan %2 dago kudeatu gabe eta mundu mailan %25. Bada garaia bazter utzitako funtzioei garrantzia aitortzeko.

Uste dut Euskal Herrian benetako baso politika baten beharrean gaudela, non multifuntzioak berreskuratuko diren eta baso zaharren garrantzia eta presentzia ere berreskuratuko dugun. Ikerketek bide hori jarraitu beharko luketela pentsatzen dut eta gustatuko litzaidake etorkizuneko belaunaldiek guri buruz esatea «ahal zutena egin zuten zegoen ezagutzarekin» eta ez «bazekiten eta ez zuten egin».

Baso zaharrak aipatu dituzu.

Oñatin ikerketa bat egin dugu eta aztertu dugu baso zaharrek -1945 aurretik ezarritakoek -klima aldaketaren aurrean nola erantzuten duten eta zenbatekoa den beren sinkronia. Sinkronia da denek berdin erantzutea. Eta hori ona edo txarra da? Garai onetan oso ona, indibiduo guztiak osasuntsu egongo liratekeelako, baina, garai txarretan oso txarra, denak gaixotuko liratekeelako.

Guk aztertu dugu hori nola aldatzen den basoaren adinaren eta kudeaketaren arabera. Adin eta tamaina desberdinetako zuhaitzez osatutako baso zaharrek askoz ere erantzun asinkronoagoak dituztela ikusi dugu; hau da, erantzun desberdinagoak. Berriki ezarritako basoek, 1945etik aurrerakoek, ordea, oso antzera erantzuten dute eta zaurgarriagoak dira.

Gainera, ikerketek erakusten dute baso horiek, gazteak izaki, azkarrago hazten direla baina, klima aldaketaren aurrean, haien hazkuntza gehiago moteltzen dela baso zaharrena baino; alegia, baso zaharrak klima aldaketaren aurrean erresilienteagoak direla.

Jaurlaritza Logoa