Live

‘Funka sartu’ eta bete-betean asmatu du Baizera! taldeak

2019an atera zuen lehen diskoa Baizera! talde nafarrak, ‘Azkenik lehena’ deiturikoa. Hiru urte beranduago lan berriarekin datoz, konfort egoeratik pixka bat aldendu eta ‘Funka sartu’ diskoa argitaratu berri dute. MusikHaria saioan izan dira lanaren nondik norakoak eta xehetasunak kontatzen.

Audio_placeholder

‘Funka sartu’ eta bete-betean asmatu du Baizera! taldeak

Loading player...
Musiikki estudioan grabatu zuten ‘Funka sartu’ diskoa Baizera! taldekoek
Musiikki estudioan grabatu zuten ‘Funka sartu’ diskoa Baizera! taldekoek (BAIZERA!)

Hamar musikari ados jartzea ez da gauza erraza izango kantuak sortzerako garaian, baina Baizera! taldeak baditu hainbeste kide eta funk disko borobila atera dutela esan dezakegu ‘Funka sartu’ lanarekin.

Bederatzi kantuz osatutako lana da, Adrian Vallejoren Musiikki estudioan grabatu dutena. Diskoa ireki bezain orduko instrumentazio osoa erakutsi dute eta atzetik datozen abestietan kolorez jositako doinuak entzun daitezke. Kolorea bai, baina kritikarentzako tartea utzita, baita gogoetarako ere, beti ere umore ukitu batekin.

Soularen, raparen edota hard rockaren ukituak dituzten kantuak dira, baina funketik gehiegi aldendu gabe. Abesti batzuk koralagoak, beste batzuk gitarren elkarrizketa dotoreak dituztenak, haizeen sekzioa neurri egokian eta oinarri erritmiko sendoa dutenak. 

Elkarrizketa mardula izan genuen MusikHaria saioan diskoa aurkeztera etorri zenean eta ordutik hasi dira zuzenean kontzertuak eskaintzen. Datorrena, Garraldan emango dute, apirilaren 2an. Festa giroa nahi duenak badu nora joan, baina aurretik goian entzuteko moduan dagoen elkarrizketari entzunaldi bat ematea gomendatzen dugu, baita diskoari ere. Izan ere hanka sartzeko beldur ziren arrena, bikain sartu dute funka Baizera! taldekoek.

 

Jaurlaritza Logoa