Live

Ozeano Atlantikoaren bi aldeak elkartuta, UR taldea agertu da 'Baleak' izeneko diskoarekin

Azkoitiko, Rio de Janeiroko eta Zarauzko musikariak elkartu eta sortu da UR proiektu musikala. Estilo asko jorratzen dituzten arren, funkya da protagonista nagusia. Euskaraz zein ingelesez abestutako 9 kantuz osatu dute ‘Baleak’ debuteko diskoa. MusikHaria saioan izan dira proiektua aurkezten.

Audio_placeholder

Ozeano Atlantikoaren bi aldeak elkartuta, UR taldea agertu da 'Baleak' izeneko diskoarekin

Loading player...
Urtzi Azkue, David Gorospe eta Andre Canto e Mello dira UR taldeko kideak.
Urtzi Azkue, David Gorospe eta Andre Canto e Mello dira UR taldeko kideak.

Konfinamendu garaian sortzeko beharrizana izan zuen Urtzi Azkuek eta pixkanaka kantuak konposatu ondoren, taldea osatzen hasitakoan batu zitzaizkion David Gorospe bateria-jotzailea eta Andre Canto e Mello baxu-jotzailea. «Etxeko estudioa dut eta nire burua askatu eta konfinamenduari aurre egiteko balio izan zidan konposaketa garaiak. Kantuen oinarriak sortu nituen orduan eta gero proiektuari forma emateko eta zuzenera eramateko Andre eta David sartu ziren. Estilo berdintsuetan jo izan dugunez, abestiak bidali, haiek entzun eta baietz esan zidaten», kontatu digu UR taldeko gitarra-jotzaile eta abeslariak. ‘Baleak’ izena du taldearen lehendabiziko lanak eta funkya, soula edota rocka entzun daitezke bertan.

Andre Canto e Mello brasildarra da, Rio de Janeirokoa eta 2006ko irailean iritsi zen Euskal Herrira. Funky musika asko sortzen da Rio de Janeiroko eszenan: Tim Maia edota Black Rio bezalako erreferentziak izan zituzten 70 eta 80ko hamarkadatan. «Ni bertakoa izanda musika hau entzunaz hazi nintzen. Horrez gainera beti gustatu izan zaidan musika mota da», kontatu digu Canto e Mellok. Azkuek, ordea, Estatu Batuetako funkytik edan du batez ere, baina baita Europa iparraldeko herrialdeko gisa horretako taldeetatik ere: «Bitxia da nola sortu zen mugimendu hori, Bigarren Mundu Gerraren bueltan amerikarrek bertan baseak jarri zituzten eta han sortu zen Europa iparraldeko funky mugimendua. Brasilgoari buruz, berriz, Andreri esker ikasi dut zerbait. Izan ere askotan nahikoa itxiak gara eta ez nuen uste Brasilen musika estilo gehiegi jorratzen zirenik Bossanovaz aparte».

‘Waiting in the dark’ kantuak Two Door Cinema Club edota Daft Punk bezalako taldeak ekartzen ditu burura. Elektronikak pisu dezente du bertan eta Azkuek hartu du sintetizagailuak jotzeko ardura. «Aipatu moduan Daft Punk edota Jamiroquai bezalako artisten eragina dut. Soinu desberdinekin probatzea atsegin gustatzen zait eta prophet izeneko sintetizagailuarekin probak egin eta gero sortu den koktel horretatik atera da kantua», aipatu du Azkuek. Gauzak horrela, zuzenekoetarako laugarren kide bat batuko zaie oholtza gainean sinteak sartzeko.

Baxua lehen lerroan akaso entzuten ez den arren, presentzia handia duen instrumentua da funkyan. Andre Canto e Melloren ustez «musika mota honetan presentzia handia du eta gozagarria da baxu jotzaile batentzat funkya jotzea. Beste estilo batzuetan akaso itzalita dagoen instrumentua da eta funkyan ez da hain ezkutuan geratzen baxua. Hori, jakina, oso garrantzitsua da baxu-jotzaile batentzat.

R&B, Soul, rock klasikoagoa edota pop-rocka entzun daitezke Ur taldearen kantuetan. ‘Berriz’ kantuan, esaterako, pop rock estiloa nagusitzen bada ere, erritmoekin jolasean aritu dira UR taldeko musikariak. Musikarekin jolastea maite dute. «Kantu honek bizizaletasunaz hitz egiten du nolabait ere. Parrandaz eta atzetik etortzen den aje guztiaz. Adin batetik aurrera ez da gauza bera parrandan irtetea eta hori ere kontatu nahi izan dut. Azkenean izaten da ba sekulako parranda egin eta esatea, egin dut berriz ere… Bada hori da kontatzen dudana. Noski, hurrengo eguna batzuetan astebetera edo bira luzatzen zait egun, baina hala ere faltan botatzen dut», kontatu digu Azkuek.

Diskoan zehar asko aldarrikatzen den kontzeptua da bizizaletasunarena eta hori da taldearen izpirituaren zati bat ere bada. «Hainbeste denbora konfinatuta, ezin atera, ezin ospatu, ezin mozkortu, bi egun festan ezin igaro… Faltan botatzen dudan zerbait da ezbairik gabe hori guztia. Ea normaltasun batera itzuli eta UR taldearekin elkartu eta elkarrekin ospatzeko moduan garen oholtza gainean. Surfa ere egiten dut, eta oholaren gainean ibiltzea eta musika dira askatasunera eramaten nauten bi gauza. Izan ere, bizitza gozatzeko dago, zer daukagu bestela? Faltan botatzen dut zuzenekoetan jotzea, tabernetan edo dena delakoetan. Oholtzara itzultzeko amorratzen nago», kontatu digu Canto e Mello baxu-jotzaileak.

Egun musika programazioa geldi samar dago, baina buruan dute disko aurkezpena egitea. «Baztartxo antzokian, Azkoitian, egiteko asmoa genuen baina gauzak zaildu zaizkigu orain eta muga hauekin guztiekin ez digu merezi ezer egiteak. Otsaila bukaeran edo martxoan aurkezpenekin hasteko gogoz gaude. Hirurok kontzertu asko ematera ohituta gaudenak gara, proiektu askotan jotzen dugulako, eta ‘monoa’ daukagu kontzertuak emateko.

‘Baleak’ diskoa digitalean entzuteko moduan dago eta www.urmusika.eus helbidean diskoa deskargatzeko moduan jarri dute, denek ere ez dutelako beste plataformetan lasai entzuteko aukerarik. Debalde jarri duten arren, beren bandcamp orrialdean donazioak egiteko aukera du nahi duenak. Diskoa euskarri fisikoan ateratzeko aukera ez dute baztertzen, baina kontzerturik gabe, diskoa ateratzea «zerbait exotikoa dela esan daiteke».

Jaurlaritza Logoa