Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Funk, pop eta rock doinuetan dator Ur taldearen bigarren olatua

‘Barruak husten’ lana kaleratu berri du Ur talde azkoitiarrak. Urtzi Azkuek abiatutako proiektuak Markel Corral eta Jontxu Larrañaga ditu orain bidelagun. Bost urteren ostean datorren diskoa da eta funk ukitu nabarmenak dituen arren, popari eta rockari ere tarte zabala utzi diete Ur taldekoek.

Audio_placeholder

Funk, pop eta rock doinuetan dator Ur taldearen bigarren olatua

Loading player...

Bidean aurrera egitea, itxaropena, harremanetako gorabeherak, damuak, pozak… denetarik kontatzen digu Urtzi Azkueren Ur taldeak ‘Barruak husten’ disko berrian. Argi eta garbi dio izenburuak zein den guzti honen nahia eta asko eta asko hitzetan islatuta ikusiko dira, egunerokotasunean gertatzen zaizkigun kontuak baitira.

Sinteak, ahots prozesatuak, Daft Punken unibertsoa, Bruno Mars edota Michael Jacksonena, disco-soul ukitua duten pasarteak eta pop musika. Denetarik du diskoak, baita Kattaren ahotsa pare bat abestitan ere. Gitarrarekin jolas asko egin dute eta erritmika eta armonietan beren marka utzi dute ‘Barruak husten’ lan honetan ere. 

Eñaut Gaztañagaren estudioan izan dira diskoa lantzen eta zuzenekoekin ere laster hasiko dira martxan. Ez dute presarik eta gisa horretan entzun behar da sortu dutena. Hori bai, ea entzutean gorputzak nola erantzuten dizuen, berezko mugimendua sortzen baitu Ur taldearen musikak. Sortu dutenaren xehetasunen berri eman digute MusikHaria saioan Urtzi Azkuek eta Markel Corralek eta goiko aldean dagoen erreproduzitzeko gailuan entzun dezakezue. Gainontzean, diskoa eskuragarri dago haien bandcamp orrialdean ere.

Jaurlaritza Logoa