Live

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Vulk bada eta izango da

Zuzenean aurkezten aspaldi hasi baziren ere, urtarrilaren 28an kaleratu du bere lan berria Vulk talde bilbotarrak. ‘Vulk ez da’ izeneko diskoarekin datoz eta euskara hutsean egingo zutenaren zurrumurrua baieztatu egin da. Erritmo aldetik ere lan handia egin eta buelta bat eman diote beren musikari.

Audio_placeholder

Vulk bada eta izango da

Loading player...
‘Vulk ez da’ diskoarekin euskararako saltoa eman du talde bilbotarrak.
‘Vulk ez da’ diskoarekin euskararako saltoa eman du talde bilbotarrak. (Aitor MENDILIBAR)

Motorra martxan jartzen deneko soinuarekin hasten du disko berria Vulk talde bilbotarrak. Gauza da, ‘Vulk ez da’ diskoarekin motorrak berotzen urtebete luze daramatela, izan ere bertako kantuak 2020aren bukaeran hasi ziren aurkezten zuzeneko emanaldietan. Haietako bat Donostiako DabaDaba kontzertuan izan zen eta handik albistea zabaldu: «adi, Vulk taldeak kontzertu guztia erabat euskaraz eman duelako». Alertan izan gara ordudanik eta gaur bertan, urtarrilaren 28arekin, kaleratu dute diskoa. Andoni De La Cruz eta Jangitz Larrañaga izan dira aurkezpen lanetan, baina Alberto Eguiluz eta Julen Alberdi gogoan izan dituzte.

Irekiera abestian, ‘Hamar lagun baten kontra’ deiturikoan, hitzek bide bat hartzen dutela dirudi, oldarkor samarra da abestia, energiaz betea, baina azken mezua bakoitzak beregan sinistu behar duela da. «Hori beti. Letra anarkista bat da. Hizkuntza aldaketarekin, taldearen eduki semantiko eta lexikoa aldatu egin da eta nik uste dut, orain, kantuen hitzak askoz ere pertsonalagoak direla eta aldi berean gai unibertsalen inguruan: pentsamenduak, arazoak, lagunak… Hori bai, mezu oso indartsuak dituzte», aipatu digu abeslari bilbotarrak. Kantu dantzagarria eta dantzatua da, baina haiek ez dira gehiegi konturatzen oholtzaren beheko aldean gertatzen denaz De La Cruzek esan digunez: «Emanaldietan kontzentratuta egoten gara eta gure artean energia hori mantentzen saiatzen gara, eta, egia esanda, ez zait gehiegi axola gertatzen den hori».

Diskoari izena ematen dion ‘Vulk ez da’ abestiak, altxor baten inguruan hainbat erreferentzia egiten ditu, baina ez da inondik inora azaltzen zein ote den altxor hori. Galdetu diegunean, «Joder, nik erantzun behar dut ezta?» esan digu Andoni De La Cruzek eta Jangitz Larrañagak «Marrón, eh?» gaineratu. «Altxorra Vulk da eta guretzat altxorra denez modu horretara aurkeztu diogu jendeari. Gurea dena defendatu behar dugula aldarrikatu nahi izan dugu eta guk bakarrik daukagula iritzi subjektibo bat taldeari buruz. Askotan esamesak izaten dira, baina benetan guk bakarrik dakigu benetan zer dagoen», azaldu du abeslariak. «Manifestu baten modukoa da guretzako, flipatu gabe. Baina azken instantzian musika zuretzako egiten duzu eta horren arabera hartze dituzu erabakiak, guretzako oparitxo bat, txuleria piska bat», gaineratu Larrañagak.

Oinarri erritmiko indartsuko diskoa

2018an hasi ziren abestiak konposatzen. «Ni 2018an sartu nintzen taldera eta ordutik hasi ginen konposatzen, beste gauza bat da bidetik kantu asko bidetik geratu direla eta kantuetako batzuk grabatu aurreko asteetan sortuak dira, noski. Baina gure dinamika horrela da, kantuak sortzen hasi eta gero bidetik gera daitezke», esan digu Jangitz Larrañagak. Taldean sartzen azkena izanda, ea aldaketa nolakoa izan den ere galdetu diogu Andoni De La Cruzi: «Aurreko bateria jotzaileak bizitza askoz ere lotuagoa zuen eta taldea aurrera ateratzea zailagoa izaten da horrela. Jangitz ‘Full time job’ dago taldean, asko inplikatu da eta hori nabaritzen da erritmoetan eta». Dena dela, Jangitzek ez du ahaztu izan nahi aurretik bateria-jotzaile moduan ibili zen Chavi Marco: «’Vulk ez da’ kantuaren sustraietako bat berea da, berak gitarrarekin sortutako zatia da».

Erritmoetan eta lanketa handia egin du Vulk taldeak disko honetarako: hausturak, metrika aldaketak, gitarren arteko hizketaldiak… Kanturen batean edo bestean, bereziki pisua hartzen du bateriaren erritmoak: «Disko honetan atal instrumentalak pisu handia hartzen du, ahotsak baino gehiago. ’Time signature’ arraroak ditu, ez gara zurrunak izan, egituran aldaketak daude… Ez gara inongo maisuak, baina aldaketa batzuk egon dira». Horren adibide nabarmenetakoa da ‘Mailua’ abestia, hasierako sarreratik hasi eta gero barruan duen metrika aldaketa kontuan izanda. Dena dela, dirudiena baino gutxiago kosta zaie kantu hau defendatzea: «Bakarrik irten zen, Albertok eta biok ideia geneukan eta hasi nintzen jolasean, bonboarekin eta konturatu nintzen zerbait oso desberdina ari nintzela egiten. Ondo geratzen zela ikusita, gitarrarekin borobildu genuen, baina bakarrik irten zen. Beste askotan burua apurtzen zabiltza eta ez da ezer artetzen, oso sinplea izanagatik ere. Hori bai, behin identifikatzen dugunean, lepotik heldu eta horrela egin behar dela beti esaten dugu». Hitzen jatorria non duen ez du gogoratzen De La Cruzek eta horri balioa eman dio Larrañagak: «Hor ikusten da hitzen unibertsaltasuna. Nik abesti honetan egunero izaten ditugun arazoen aurrean apurtu eta bide berri bati hartzeko deia ikusten dut, baina guztiz estrapolagarria da mezua».

Estetikari begira jarrita, Erresuma Batura eramaten gaitu Vulkek, askori ‘Trainspotting’ pelikula ere etortzen zaio burura haiek ikustean. «Pelikularena askotan esan digute, baina gu horrela janzten gara, modu naturala da. Gure artean oso endogamikoak gara, baina horrela da. Jendeak pentsatu dezake bideoetarako edota kontzertuetarako janzten garela horrela, baina astelehen buruzuri batean Bilbotik horrela jantzita topa gaitzake edonork. Zita dagoenean akaso kabroiago janzten gara, baina bariku batean askoz ere guapoago jantzita egon gaitezke. Eta baita askoz izerdituago eta izorratuago ere», aipatu dute taldekideek. Arriguri eta Badator estudioekin egin dute lana eta «haiekin elkarlanean gure ideiak landu eta zerbait desberdina izaten bukatu dute», baina gustatu zaie.

‘Amodioa kartzelan’ kantuko gitarren jolasari, saxofoia eta teklatua ere gehitu diote Vulk taldekoek, zuzenekoetan ordea saxofoirik gabe defendatuko dute: «Saxoarekin oso ondo geratzen da, eta halako gauzak beste taldeek ere egiten dituzte, alegia, gero zuzenekoetan ez jotzearena. Guretzako saxoa sartu aurretik kantuak berak sekulako indarra zeukan, hortaz, gure apustua zuzenean saxorik gabe indarrari eustea da. Bestela Ibairi kontzertuetara etortzeko esan beharko diogu».

%100 euskaraz

Gure aburuz diskoko abesti bortitzena, ez zuzenena, ‘Militantzia sutsua’ da, baina taldekideek bestelako iritzia dute: «Eman ditugun kontzertuetan abestirik zuzenena dela esan digute, akaso ez bortitzena. Kantu introspektiboa da, xehetasunetan adi egon beharrekoa da progresioa eta kantuaren norabidea ulertzeko, eta akaso diskoko erritmoak eta neurtzeko balio du. Beste modu batean landu dugu, ahotsak zein musikak narratiba moduko bat dute. Erritmoa patroi batekin doa, beti bera, eta musika eta ahotsak puntu gorenak eta apalenak aldi berean dituzte. Letraren edukia ere gogorragoa da eta bukaeran ia-ia errezitatzen bukatzen dugu. Hortaz, beste abestiekin alderatuz oso desberdina da».

Abesti horretan «Berriegiak, beti berriak» esaten dute: «Ez da guretzako mezu bat, baizik eta ‘statement’ bat da. Sakrifizioaren inguruan, sakrifizioaren militantziaren inguruan dago idatzita. Ez da pertsona batentzat, baizik eta mezu orokorra da». Modu akusatiboan idatzitako hitzak badira ere, besteen iritziak jasotzean beren buruari eragiten dieneko momentuaz ere badabiltzala esan digu Larrañagak. Hala, hizkuntza aldaketak aurkako iritzirik izan duen galdetu diegu: «Momentuz ez digu inork kontrarik egin, bira ez delako hasi eta diskoa kaleratu berritan dagoelako, baina ziurrenik egongo direla. Baina bost axola digu. Hizkuntzaren aldaketa Jangitz taldean sartzearekin bat gertatu da. Aurreko bateria-jotzailea Zaragozakoa da eta harekin dena gazteleraz lantzen genuen, nahiz eta gero abestien hitzak ingelesez izan. Julenek eta Albertok ez dute euskararik hitz egiten, baina ulertzen dute. Jangitz sartu zenean, bion artean halako sinergia bat sortu zen eta ni taldean euskara sartzen hasi nintzen eta berak izugarri lagundu zidan. Hasiera batean diskoaren erdia izan behar zen euskaraz eta erdia ingelesez, baina modu natural batean dena euskaraz izaten bukatu du».

Larrañagak euskaraz idaztearen abantailak aipatu ditu segidan, baina De La Cruzen ustetan abesteko errazagoa da ingelesaren erabilera: «Fonetikoki askoz errazagoa da ingelesez abestea. Hitz laburragoak erabili daitezke eta hiru hitzekin lelo bat egin dezakezu. Baina ez da oztopo bat izan, aurkitu dugu gauzak egiteko beste modu bat eta lagun batek esan zidan ez zela nabaritzen hizkuntza aldaketan nire kantaeran, modu naturalean sartuta zegoelako abestietan». Gaiarekin lotuta, azken gogoeta bat egin du Larrañagak: «Askotan hitz egin dugu askotan honen inguruan Andonik eta biok, eta, hizkuntzak fonetikoki arazo bat sortzen badu, hizkuntza moldatu eta kito. Badakigu hizkuntzaren arauak sortzen lana hartzen duela askok, baina zeure egin eta horiekin apurtzea ere zilegi da. Hiztegian ez dauden pare bat hitz baditugu abestietan eta beste askok ere egin du hori, Itoizek esaterako. Nori ostia eman behar dizkiozu azalpenak? Hizkuntza bizirik mantentzeko modua da. Ez da asmatutako hitza erabat, baizik eta antzekotasuna duena, beharretara moldatua».

Iluntasunaren maitale

‘Gaua eta odola’ kantuan gaua benetan ilun irudikatzen du Vulk taldeak, baina hala sentitzen dutelako irudikatu dute gisa horretara: «Noski dela oso iluna, gauaren anonimotasunak beste gauza batzuk egiteko aukera ematen dizu. Ideia hau ez da guk sortua izan, aspalditik datorren kontua da eta bizitzari mistikotasun bat ematen dio gauaren kontzeptuak. Zentzu guztietan, gauza onak zein txarrak egiteko. Abesti honek gauez zer nolako jarrerak eduki ditzakezun aipatzen du, iluntasunean eta anonimotasunetik egiten dituzun gauzetan ez duzu errurik sentitzen, babestuta sentitzen zara». Bilboko gaua ea ilundu ote den azkenaldian galdetuta, «azken urteetan ez dakit, baina azkeneko hilabeteetan fijo», erantzun digu Andoni De La Cruzek. «Ze ostia nahi dugu ba pentsatu bi urteren ostean? Orain mobida berri bat sortzen dabil eta kito, bada aurrera», gaineratu du Larrañagak.

‘Lagunak’ abestiak, aipatu duten garaiarekin lotura zuzena izan dezake, elkar zaintzeari buruz eta hondoa jotakoan lagunen beharraz hitz egiten baitu abestiak. «Musika munduan zabiltzanean, askotan, geratzen zaizun bakarra lagunak dira. Lagunen arteko erlazioak bakarrik laguntzen du askotan, beste dena kontran datorkizulako. Dirua, kontzertuak… taldean geratzen zaigun bakarra askotan daukagun harremana da. Urte asko goaz elkarrekin, ia 10, eta laguntasuna da taldea bizirik mantentzen duena». Abesti horrek argitasun dezente du, indiearen eta pop musikaren ukituak nabari zaizkio eta sorpresan harrapatzen gaitu: «Kantu hau eta disko hasierako ‘Hamar lagun baten kontra’, beste guztiekin alderatuz poperoak dira. Indie hitza akaso ez nuke erabiliko, askoren irudipenerako musika jaialdietako taldeen soinua dagoelako hor eta nik beste indie bat ezagutu dudalako, 90. hamarkadan eta lurpean sortutako musika. Baina bai bi kantu hauek lasaiagoak direla, irisgarriagoak, argiagoak, gozoagoak… nahiz eta gero indarra baduten. Popa da hor jartzen dugun barrera».

Harraparien beldur bizi behar ote dugun edota harrapakinak garela pentsatuz lasai bizi, hori da ‘Etsaia orpoan’ abestiak sortzen digun galdera. «Bigarrena da ezbairik gabe. Erramun Maruriren hitzak dira, Sondikako apaiza izandakoa, XX. mendean bizi izan zena. Katolizismoan badaude gauza ederrak, beste batzuk ez baina…», azaldu du Larrañagak. «Kuriosoa da abesti honen hitzek gaur egun ere zentzua izatea, duela 80 urte idatzitako testua delako. Irakurri genuen unetik oso zorrotza eta gordina iruditu zitzaigun esaten zuena, jende askoren bizitza eta planteamenduak azaltzen dituena, pesimista samarra bada ere», gaineratu du De La Cruzek.

Topiko bat bihurtu den galdera sortzen digu halaber ‘Lanaren kanta’-k, taldeak atera zuen lehen singleak: Lanerako bizi edo lana egin bizitzeko? «Guk lana bizitzeko egiten dugu eta kito. Lana ez da zerbait garrantzitsua gure bizitzan, dirua behar dugu eta egiten dugu. Baina guztia gure proiektuak aurrera eramateko egiten dugun lan eta musikari edo bestelako arte diziplinen bideari eusten saiatzen gara, hautu guztiak bide horretatik doaz. Jangitz eta biok taberna berean ibili gara lanean eta hortik sortu zen abestiaren hitza. Tabernariak ginen, astebururo gu lanean eta besteak gure aurrean parrandan, ordu asko barraren atzean… Amorruz beteta idatzi nuen abestia», dio De La Cruzek.

Itxaronaldia luze egin zaie, «urtebete baino gehiago gindoazen kantuak jotzen. Polita izan da bideoak ateratzen joaterena eta prozesu hori guztia, baina gogoz gaude guztia atera, jendeari erakutsi eta kontzertuetan jotzeko; azkenean, horretarako sortzen dugulako guztia», aipatu du Jangitz Larrañaga taldeko bateria-jotzaileak. «Bere alde onak ere izan ditu itxaroteak, denbora izan dugu guztia planifikatzeko, bideoak egiteko… beste diskoetan presaka moduan ibili gara eta bukaeran ez diogu nahi beste denbora eskaini diskoaren planifikazioari», gaineratu du Andoni De La Cruz abeslari eta gitarra-jotzaileak.

Aipatu dugun 2020ko emanaldi haietan ea zerbait nabaritu ote zuten jakin nahi izan dugun, ea publikoan zer sumatu zuten edota zer oroitzapen dituzten kantuak lehendabizikoz aurkeztu zituztenean. «Lehenengoa Jimmy Jazzen izan zen, 2020ko irailean, eta hori hirugarrena-edo izan zelakoan nago. Gogotsu ginen, kantu denak aurkeztu genituelako. DabaDaban bi pase egin genituen eta ez dakit zer, baina zerbait pasa zen, jendea bero sumatzen zen. Kantak ezagutu gabe, jendea pozik irten zen», hasi da Larrañaga. «Ni ez naiz gogoratzen, jendea eserita zegoen eta zapore gazi-gozoa izan zen sumatu nuena. Izan ere zu oholtzan gogotsu, zure kantu berriak aurkezten, eta jendea eserita eta mugitu ezinda zegoen. Disko berria osorik jo genuen, ederra izan zen, baina gazi-gozoa», jarraitu du De La Cruzek.

Errepidera irteteko gogoz

Zuzeneko emanaldietarako performance modukorik prestatuta duten galdetuta, argi esan dute: «Ez. Show moduan ulertu behar da, baina ez da zurrun prestatutako zerbait. Jendeak oholtzan ikusten duena taldea da, besterik ez. Ez dugu halako efektu arrarorik erabiltzen, taldearen musika eta gure interpretazioa bakarrik daude hor. Estetika, gure jarrera, beti serio gaude… Baina ez serio zerbait transmititu nahi dugulako, baizik eta horrela hartzen dugulako musika. Modu natural batean dago landuta, ikusten dena Vulk da eta kito. Ez da zerbait koreografiaz jantzita dagoena, akaso Zinebin emandako kontzertuan zerbait, baina aktoen ordena bakarrik genuen zehaztuta. Andoni eta biok une batean dantzan hasi ginen, baina ez zegoen ezer prestatuta eta halakoetan batzuetan salduta geratzen zara, baina aurretik postulatzen badugu, ez zaigu gustatuko. Momentuan nahi duguna egiteko askatasuna sentitu nahi dugu».

Bira luzea iragarri dute eta gogotsu daude zuzenekoak. «Publikatu ahal zirenen berri eman dugu, baina gehiago ere badaude iragartzeke. Ahalik eta gehien jotzeko nahia dugu eta ahalik eta espazio gehienetara iritsiz. Gaztetxeetan, aretoetan, jaialdietan… egon nahi dugu. Espainian zein Frantzian ere emango ditugu hainbat kontzertu», dio De La Callek. «Ez dut errepikakorra izan nahi, baina taldearen barruan dinamika berezi bat sortzen da bira barruan gaudenean, endogamia moduko bat, eta baita gauza berriak egitekoa ere. Sekulako bizitasuna ematen du eta akaso kantu berriak ere sortzen dira hortik. Talde bat forman jartzen da zuzenekoak jotzen eta zuzenekoek ekartzen duten guztian, furgonetan eta halakoetan. Joder, hau dena egiten gaude zuzenekoak jotzeko, hori baita gure helburua», bukatu du Larrañagak.

Ia astebururo izango dira batean eta bestean Vulk taldekoak. Otsailaren 11n Bartzelonan izango dira eta 18an Madrilen, atzetik martxoa bukaerara arte Euskal Herriko hainbat txokotan izango dira eta lehen bi kontzertuetan Tatxers taldea izango dute bidelagun. Azpeitian hasiko dute bide hori otsailaren 25ean eta gainerako kontzertuen datak beren sareetan ikusi ditzakezue.

Jaurlaritza Logoa