Zuzenean

Peru Atxa

Diskografikoki oso aberatsak izaten ari diren asteburuak

Otsaila garrantzitsua izaten ari dela aipatu du Izkander Fernandezek MusikHaria saioan: «asteburu guztia musika entzuten egon ondoren, 9-10 disko oso garrantzitsuak iruditu zaizkit, hilabete hau oso aberatsa izaten ari da eta ekarri ditudan lau lan urte bukaeran top 10ean egongo direla esango nuke».

Audio_placeholder

Diskografikoki oso aberatsak izaten ari diren asteburuak

Loading player...
‘Vulk ez da’ diskoarekin euskararako saltoa eman du talde bilbotarrak.
‘Vulk ez da’ diskoarekin euskararako saltoa eman du talde bilbotarrak. (Aitor MENDILIBAR)

Black Country New Road talde britainiarra izan da Izkanderren lehen proposamena: «Iaz kaleratutako diskoa, aurreko urteko lan garrantzitsuena iruditzen zait eta aurten kaleratu duten lan luze berriaren data antzekoetan argitaratu zuten. Gaur egun, taldea leku ezezagun batean dagoela esango nuke. Isaac Wood abeslariak duela gutxi taldea utziko zuela adierazi zuen eta, horren ondorioz, programatutako aurkezpen kontzertu gehienak bertan behera geratu dira. Dena dela, Primavera Sound jaialditik ez da erori talde britainiarra, hala ere, emanaldi aldetik uda potoloa duten arren, ikusteko dago zer gertatuko den. Disko hau, behin baino gehiagotan entzun ondoren, hitzetan asko murgildu naiz eta eleberri desberdinak dirudite. Zazpi-zortzi pertsonek osatzen dute talde hau eta folk, pop eta indie estiloen nahasketa jorratzen duen taldea iruditzen zait. Horrez gain, ezohiko instrumentuak erabiltzen dituzte eta, zuzeneko askotan, taldekideen artean instrumentuak aldatzen dituzte, hardcore estilotik datorren ohitura bere eginaz».

Cult of Luna taldearen inguruan ere hitz egin du Izkanderrek: «Post-metal estiloa jorratzen duen taldea da, eta, Estatu Batuetako gisa horretako talde garrantzitsuenak edota izugarrizko eragina izan zutenak desagertu zirenean, hauek aktibo mantendu ziren eta disko bikainak argitaratu zituzten. 2019an kaleratu zuten diskoa urteko diskorik onena iruditu zitzaidan eta aurten argitaratuko duten lana, zazpigarren diskoa izan arren, beren betiko ildotik doa, hau da, musika trinkoa, korapilatsua, oso emozionala eta dentsitatean eta atmosferan oinarritua. Bestalde, liturgia baten soinu banda baten antzekoa egiten dute, sentimendu desberdin askorekin, musika iluna baina espirituala aldarrikatuz. Musika berezia egiten dute, belarrira erraz sartzen ez dena, baina arakatu beharreko estiloa iruditzen zait, abentura bat bezala hartu beharrekoa».

Mitski kantautorearen inguruan ere azalpen batzuk eman dizkigu Lemoako musika adituak, artista estatubatuarraren azken lanaren harira: «2018an kaleratutako diskoa, listetan goiko aldean egon zen. Horrez gainera, denbora luzez goian mantendu den musikaria dela esan dezakegu, 2014 eta 2018 urteen artean hiru disko garrantzitsu argitaratuz, eta, aurten kaleratu duen diskoa entzun aurretik, aurrekoak baino hobea izan behar zuela pentsatu nuen eta hala izan da. 1990ean Japonian jaio zen emakume musikari hau, bere ama bertakoa delako, baina, bere aita estatubatuarra da, eta, haren lanaren ondorioz, musikariak munduko herrialde desberdinak bisitatu zituen, eta horrek bere musikan sekulako eragina izan du. Zinemagintzako ikasketak burutu ondoren, musika interpretazioa ikasi zuen, hala berak konposatzen du bere abestietan entzuten den guztia. Kantak gitarrarekin konposatu arren, zuzenekoetan baxua jotzen du eta gitarrak elementu estetiko bihurtzen dira, ez baitira apenas entzuten».

Vulk talde euskalduna izan da Izkanderrek ekarri duen laugarren eta azken taldea: «Izugarrizko zeresana emango duen euskal taldea da hau. Oso ondo grabatutako eta konposatutako lan berria kaleratu du taldeak, orekatua. Konposatzerako orduan, besteak beste, bateria-jotzailearen aldaketa asko nabari da, gauza landuagoak entzun daitezke. Goranzko bidea egiten ari den taldea da eta beste maila batean daudela iruditu arren, harrigarria iruditzen zait denbora gutxian egin duten lan ona. Duela bost urte ikusi nituen Bilboko Kafe Antzokikoan lehen aldiz, eta, ordutik, talde honen lanak entzuten hasi nintzen. Disko berri honetan, eragin berdinak izan dituztela sumatu dut, punk zikin hori igartzen den arren, melodietan post-punka nabaria da. Horrez gainera, abesti guztietan euskaraz soilik abesteko erabakia hartu dute, taldearen ibilbidearen momentua aztertuz, oso garrantzitsua da erabaki hori».

Hauexek dira, beraz, aste honetarako aukeratu dituen abestiak:

– Black Country, New Road - Chaos space marine

– Cult of Luna - Burn

– Mitski - The Only Heartbreaker

– Vulk - Laguna