Live

Iker Gurrutxaga - Maite Bidarte
Hernani
Interview
Maite Larburu
Musikaria

Maite Larburu: «Nahikoa errez aspertzen naiz zerbait berdina egiten badut hiru aldiz jarraian»

Maite Larburu Garmendia (Hernani, 1979), ibilbide luzeko musikaria da. Hamasei urtez Amsterdamen bizi ostean, Euskal Herrira itzuli zen 2018an, eta hiru urtetan bakarkako bigarren lana kaleratu berri du, ‘Krak’. Duela gutxi kaleratu zuen diskoa aurkeztu digu MusikHaria saioan.

Audio_placeholder

Maite Larburu: «Nahikoa errez aspertzen naiz zerbait berdina egiten badut hiru aldiz jarraian»

Loading player...
Maite Larburuk bizitzan jasaten ditugun pitzadura eta zartatuak izan ditu gogoan ‘Krak’ diskoan. (Ainhoa RESANO)
Maite Larburuk bizitzan jasaten ditugun pitzadura eta zartatuak izan ditu gogoan ‘Krak’ diskoan. (Ainhoa RESANO)

Aurkezpen asteburu luzea izan duzu, ederra ezta?
Bai, badaukat horrelako neke bat baina baita poza ere. Oso lau egun eder izan dira Donostiako Gazteszenakoak. ‘Krak’ diskoaren aurkezpenarekin hasi ginen lehendabizi eta gero 3 egun ‘Amua’ antzezlana aurkezten, eta sarrera denak salduta. Beti ezin da asmatu eta beti ez da horrela ateratzen. Beraz, ateratzen denean, ospatu eta eskerrak emateko momentua iristen da.

‘Krak’ ez dakit barruan zerbait krak egiten dueneko unea ote den, diskoa entzunda horrela iruditu zait.
Ba zuk horrela ulertu baduzu, horrela da. Krak asko daude, batzuek mundu osoan zehar gertatzen direnak, orain sumendi bat, adibidez; baina, beste krak batzuk norberak barruan sentitzen ditu, eta horiek dira mingarrienak eta beharrezkoenak. Egunero pasatzen dugu gure burua babesten eta horma eta gotor indartsuak eraikitzen ditugu. Horiek erortzen direnean, krak egiten dutenean, beldurgarria da, baina hori da bihotzerainoko bide zuzena.

Zergatik ‘O’ letra? Zerbait esan nahi du edo jolasteko bide bat da?
Diskoan krak asko daude, pitzadura, zulo, erreten… Adibidez, ahoa da bat. Beste arrail handi bat da emakumeek daukaguna, bulba. Pitzadurak daude kanpokoak eta barrukoak, eta ‘O’ ere zulotxo bat da. Kantu honetan lurrunari egiten zaio erreferentzia. Pandemia garaian, denak beheranzko bidean ginen eta nik gorantz abiatzeko beharra nuen. Horretarako, kantu bat sortu nuen: %70 ura bagara, lurruna ere bagara, eta lurruna beti gora joaten da! Lurruna letra batekin irudikatzea nahi nuen eta burbuila bat lurruna denez, eta ‘O’ burbuila bat badenez…

‘Amu(r)’ kantuan halako ibilbide bat egiten da, horrek eman dit atentzioa… konposatzerakoan nondik hasten zara?
Badakizu diskoan badaudela kantu batzuk ‘Amua’ antzezlanerako sortu nituenak, eta kantu hau, ‘Amu(r)’, antzezlanaren omenez sortu nuen. Gidoiko esaldi esanguratsuenak hartu nituen eta horrela sortu nuen kantuaren letra. Antzezlana maitasunaren inguruan sortu da eta iparraldeko lagunekin ari naizenez antzezlana egiten ba hortik Amu(r) hitzaren jolasa. Bestetik, kantuak sortzeko modu ezberdinak ditut. Batzuetan, testura batetik hasten naiz eta testura horrek eramaten nau biolinarengana, edo gitarra klasikora… edo beste zerbait elektronikoagora. Nire buruan hasten naiz irudikatzen zer nahi dudan, jolasten hasten naiz eta instrumentu horien potentzia eta gabeziak kantura eramaten nau. Jolasean aritzen naiz, batzuetan dibertigarria da eta beste batzuetan zailagoa da.

Kantu horretan dagoen bidea zer da, nolabait banda aurkezteko modua? Zuzenekoetan hiruko banda zarete.
Oinarria beraiek dira bai. Egia esan, nirekin lan egitea ez da erreza. Besteek ere esan beharko lukete hori, baina kantuak oso pentsatuta eta oso egituratuta edukitzen ditut besteei aurkeztu aurretik; hartara, batzuetan ez da hain erreza horren gainean lan egitea. Zaila da zerbait berria sartzea, dagoena suntsitu gabe, hori esaten didate behintzat. ‘Amu(r)’ kantuan adibidez, hor egon ziren lanean, zerbait oso sotila egiteko.

Konformismoaz ere hitz egiten da abestian. Erraz konformatzekoak gara?
Uste dut ezetz. Kosta egiten zaigu konformatzea eta batzuetan nahiz eta uste dugun ez konformatzea gauza positiboa izan daitekeela, ez da horrela. Zuloan zaudenean, inportantea da onartzea zuloan zaudela, eta zulo horri lekua egitea eta ahal badin baduzu zuloa maitatzea. Uste dut horrek ematen dizula zulotik ateratzeko bidea. Ez konformatzeak dakarren borroka sentsazio horrek, askotan zaildu egiten du zuloa onartzea. Bizitza gogorra da eta batzuetan gauza oso gogorrak pasatzen dira, eta pasa egin behar dira ihes egiten saiatu ordez.

Sotiltasunean, nola lortzen da kantu bat gorpuztea?
Bada, ez da erreza. Kentzea zailagoa da jartzea baino. Uste dut azkenean lan polita lortu dugula kantu honetan, kosta zitzaigun, baina uste dut asmatu dugula.

Baten batek pentsatuko du saxofoia dela diskoan entzuten den instrumentua, baina klarinete baxua da entzuten dena.
Bai, klarinete baxua ez da oso ezaguna hemen. Europa erdialdean erabiliagoa da, jazzaren munduan ere erabiltzen da, eta Carlos Taroncherrek bere espezializazioa klarinete baxuan egin zuen Amsterdamen. Hura baita instrumentu horren ikasketak egiteko leku bakarra. Bere irakaslea aitzindarietako bat da instrumentu honen irakaspenean. Si bemolean dagoen klarinetea da ezaguna, baina klarinete gehiago ere badaude: klarinete baxua, kontrabaxua, errekintoa… Klarinete baxua sokazko instrumentuetara eramanaz gero, biolontxeloa litzateke, erregistro antzekoa dutelako. Aukera pila bat ditu bai melodiak egiteko bai baxuak egiteko, efektu pila bat sortzeko aukera ere ematen du. Musika garaikiderako asko ibili zen, aukera asko ematen zituelako eta konpositore asko maitemindu ziren klarinete baxuarekin.

Zuek ere efektuekin asko jolastu duzue.
Bai, hori Carlosen berezitasuna da. Berak bazeukan aspalditik pedalekin lan egiteko gogoa baina ez zuen denborarik hartu, eta, nirekin kolaboratzen hasi zenean, buru-belarri jarri zen ikerketa lanak egiten. Carlosek badu sentiberatasun berezi bat soinuarekin eta harreman oso estua garatzen du. Berak badaki zer nahi duen eta aurkitzen du, oso gauza bereziak lortzen ditu.

Aurreko diskoa eta gero, tarte honetan, zuzeneko kantu batzuk grabatu dituzue. Hor pedalekin aritu zara, baina disko honetan erabat gordin entzun zaitugu.
Bueno, diskoan sartu dudan efektu bakarra da  40 urte-edo dituen anplifikadore batek duena. Badauka chorus bat, entzun eta zuzenean Itoitzengana eramaten zaituena. Baina bai, Carlosek soinu eta pedalekin duen gaiatsun hori nik ez dut, ni galdu egiten naiz. Gustatzen zait sinpletasuna.

Zuri irakurria da Karlos Aranceguik bateria jo baino, perkusio set bat osatu duela.
Berak sortu du set hori baina ez piezak erantsita, baizik eta bere jotzeko moduarekin! Bateria bat eramaten du, eta beste tresnatxo batzuk ere gehitu dizkio, baina bere jotzeko modua da erabat berezia dena. Batzuetan begiak itxi eta ez dakizu zer jotzen duen. Daukan sentsibilitatea eta musikariak entzuteko gaitasuna oso handia da eta zoragarria da berarekin lan egitea.

Biolina da zure instrumentua?
Bai, nire instrumentua biolina da, ni biolin-jotzailea naiz. Gitarrarekin ‘txapurreatzen’ aritzen naiz.

Euskarari idatzitako kantu bat ere baduzu disko honetan.
Kantu hau Harkaitz Canorekin egin nuen emanaldi baterako idatzitakoa da. ‘Fruitu arraroak’ deitzen da, eta Billy Hollidayk kantatzen zuen kantua da. Gauza bitxiak kontatzen genituen, Harkaitzek bere testuekin eta nik nire kantuekin. Euskara fruitu arraroa da. Beti esan izan digute zeinen hizkuntza zaharra den, zaila dela, arraroa… Badirudi gure hizkuntza gauza modernoetan erabiltzea ezinezkoa dela, eta sentimendu horretatik sortzen da ‘Aho Arraro’. Arrarotasunari lekua egin eta zergatik ez harrotasuna goraipatu.

Bertso zahar batzuk ere berreskuratu dituzue ‘Arrailak’ kanturako.
‘Arrailak’ kantua diskoko harribitxietako bat da. Bertsoak zortziko txikian idatziak daude eta niretzat erronka handia zen haiek musikatzea. Nahikoa errez aspertzen naiz zerbait berdina egiten badut hiru aldiz jarraian. eta zortziko txikian egindako 7-8 bertso dira. Nola jantzi? Hor zegoen koxka. Asko kostatu zitzaidan, ez nuelako denbora guztian iguala egin nahi. Baina bertsoetan istorio bat kontatzen bat eta bertsoak kentzeko aukera handirik ez zegoen. Erritmo aldaketak asko gustatzen zaizkit niri, baina kantuak ez zituen onartzen. Aukera bat zen geruzak gehitzea biolin eta biolarekin, izan ere biolinarekin egindako pizzicatoa da oinarria. Harmonikoak daude batez ere, eta gero Garaziren akordeoia. Zurezko kutxa batean aurkitu ziren bertsoak, harmonika bat ondoan zutela. Akordeoia harmonika handi bat da, eta laguntza eskatu nion Garaziri. Oso ukitu ederra eman dio  eta azkenean kantua borobilduta geratu da. 

Kantu horretan idi-gurdi bat entzuten da. Baina ni ez naiz hura nabaritzeko gai izan.
Bai, bukaeran dago! Xabier Erkiziak idi-gurdien buruzko dokumental bat egin du, eta nik izan dut aukera dokumentalerako azken kantua egiteko. Oso garbi nuen idi-gurdia sartuko nuela kantu honetan. Biolinak eta idi-gurdiak badute antzekotasun bat. Harrigarria da idi-gurdiarena! Biolina bezala afinatu egiten omen zen eta baserri bakoitzak bere soinua omen zuen. Urrutitik bazenekien sagardozalea zetorrela, bere gurdiaren hotsa ezagutzen zenuelako.

Maitasun kontuak aipatu dituzu, nik zubi moduan ulertu dut ‘Maitasuna da’.
Bai, asmatu duzu.  Teorian planteamendua ez da hori, baina ordena pentsatzen ari ginela bere lekua hartu zuen. Hurrengo kantuetarako belarria garbitzen duen kantua da. Berez, ‘Amua’ antzezlaneko kantua da, eta ‘Amua’ maitasunaren inguruko istorio bat da. Gogoeta bat abiatzen da bilatu nahian zer den maitasuna.

‘Amuarrainaren utopia’ kantuan zure ahotsari ematen diozun efektuak Andeetako okarina instrumentua ekartzen dit gogora, haizezko instrumentu bat balitz moduan. Nola aurkitu zenuten efektu hori?
Kantu hori horrela dago demoan, eta berdin grabatu genuen diskoan. ‘Amua’ antzezlanerako kantu zahar bat eskatu zidan Ximun Fuchs zuzendariak. Kantautore forma eman nion, gitarra klasikoa, sonetoak dira letrak… Gero koru batzuk sartu nizkion tartean eta gustatu zitzaidan sortu zen efektua. Urruneko oihartzun bat bezala egiten du eta diskorako horrela uztea erabaki genuen.

Estudiora sartu aurretik, etxean, diskoaren lanketa mardula egiten duzula nabari da. Estudioko lana orduan, sinplea izaten da zuretzako? Argi izaten duzu dena?
Bada, bai. Disko guztietan oso garbi izan dut, ‘Hezurren azpian’, aurreko lanean batez ere. Gauzak oso lotuta eramaten ditut, denbora beti pasatzen delako eta xahutzeko gutxi geratzen da estudioan. Uste dut dena oso egina zetorrela aurretik, esperimentazio pixka bat egon da ‘Krak’ kantuarekin baina gutxi gehiago. Ez nekien oso ondo zer gertatuko zen. Garaziri entzuteko eman nion eta estudiora hainbat proposamen eraman zituen eta bila aritu ginen.

Krak. Lehen zatian diozu: «Nora noa… banoa» eta, bigarrenean, «Ura sartu patrikan, haizea harrapatu, zertarako?» Zerk egiten du hor «krak»?
Krak egiten du kantuak bi puska dituelako. Puskatuta dago kantua, eta bueno, hortik abiatu nintzen. Zati bat zaharra da, Neighbor taldean sortutako kantu bat. Lehen zatian: «nora noa, banoa», esaten duen hori da gehitu geniona. Bi kanturekin bat sortu genuen eta uste dut ‘Krak!’ egiten dutela, besterik gabe. Zertarako? Bada, ez dakigu. baina behintzat jolastuko gara eta saiatuko gara ezinezkoa lortzen, nahiz eta bidean hautsi.

‘Igualak igual’ kantuarekin Mikel Laboaren ‘Baga-Biga’ kantua datorkit burura.
Bada, begira, hori ez dit inork esan baina badu sorginkeri hori. Kantu horren letra magikoa da eta Harkaitz Canok idatzi du. Badago jolas bat, akaso konturatuko zinen, baina ez dizut kontatuko. Harkaitzek dio bizitzan nahikoa direla 10 hitz eta 9 aipatzen ditu baina bat ez du aipatu nahi... eta horrekin hasten da jolasa, aipatu nahi ez duen hitz horrekin. Kantu sorgindua da, Laboa sorgin handi horren itzala ere kantuan agertzen da bai.

Zart! kolektiboan sartu zara disko honekin.
Bai eta hori da disko honek besteekin duen desberdintasuna. Zigilua aldatu dudala eta Zart!-eko familiaren parte izatera pasa naiz orain, pozarren egia esan. Zart!-ek bere bidea hasi zuen eta krak egin zuen pandemiarekin. Justu, Pettiren diskoarekin itxialdia iritsi zen. Krak handia izan zen. Planteatu zidaten diskoa beraiekin egitea eta erabaki nuen baietz eta gauza ederra iruditzen zait artistak bildu eta auzolanean aritzea.

Hamar kantu, eta hamaikagarrena Itoiz-en ‘As noites da Radio Lisboa’ kantuaren bertsio bat. Juan Carlos Perezek eta Jean Mari Ecayk zer diote?
Oso esku zabalak izan dira. Nik demoa bidali nien eta baimena eskatu diskoan sartzeko, asko gustatu zitzaien. Momentu batean zalantza izan nuen diskoan sartu edo ez, egile eskubideengatik eta, baina Jean Marik esan zidan «nahi duzuna sinatuko dut, baina sartu diskoan». Juan Carlosi gaur bertan bidaliko diot diskoa, eta Ecayri gustatu zaio, oso e-mail polita bidali dit eta oso hunkituta nago, oso arreta goxoa eman didate.

Gazte eszenakoa eta gero, hurrengo kontzertuak non?
Kontzertuak lotzen ari gara orain, baina hurrengoa, azaroaren 13an Usurbilgo Sutegi aretoan izango da.

Jaurlaritza Logoa