Live

Tessa Andonegi
Donostia
Interview
Jon Aguirre Such
Arkitekto urbanista

Konfinamenduak agerian utzi du etxebizitzak ez daudela prest etorkizuneko erronkei erantzuteko

Jon Aguirre arkitekto eta paisajista donostiarra izan da gaur 'Dena Irailerako' saioan, eta arkitekturaren nahiz hirigintzaren katebegi asko landu ditu. Etorkizunera begira ez daude prest etxebizitzak ezta hiriak edota herriak ere Aguirreren esanetan, aldaketa bat nahitaezkoa da.

Audio_placeholder

Konfinamenduak agerian utzi du etxebizitzak ez daudela prest etorkizuneko erronkei erantzuteko

Loading player...
Jon Aguirre Such (Arkitekto urbanista donostiarra)
Jon Aguirre Such (Arkitekto urbanista donostiarra)

ETSAMen arkitekto-urbanista da Jon Aguirre donostiarra, planeamenduan eta ingurumenean espezializatua, baita 'Paisaje Transversal'-en hiri-plangintzako bulego integralaren sortzaileetako bat ere. Madrilen egoitza duten 5 arkitekto-urbanista gaztek osatzen dute bulego hori, baina estatu osoan lan egiten dugu. Enpresak, aholkularitza-zerbitzuak garatzen ditu hirigintzarekin, hirigintza-plangintzarekin, espazio publikoarekin, auzoen berroneratze integralarekin, lurralde-antolamenduarekin, paisaiarekin, herritarren parte-hartzearekin eta teknologia hirietan eta lurraldean aplikatzearekin lotutako gaietan.

Gainera, 'Paisaje Transversal'-ek 2007tik hiriari eta lurraldeari buruzko pentsamendu eta ikerketa plataforma gisa funtzionatzen du. Plataforma horrek bulegoari laguntza teorikoa emateko balio duelarik. Bera parte den proiektuaren inguruan, luze eta zabal hitz egiteko gerturatu da 'Dena Irailerako' saiora eta Tessa Andonegik eginiko elkarrizketan, garbi du Aguirrek azken hamarkadetan hirigintzak aldaketa handiak izan dituela. Izan ere, 1996tik aurrera, «Espainiar estatuan Aznarrek sustatuta burbuila hasi eta arkitekturak iparra galdu zuen», halaxe dio arkitekto donostiarrak. Gizartearentzat onuragarri izan baino, hirigintza espekulazioari bideratuta jarri zen orduan.

Madrilgo Arkitektura Eskolan (Unibertsitate Politeknikoa), Madrilgo Complutense Unibertsitatean, Madrilgo Europako Unibertsitatean, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan edo Camilo José Cela Unibertsitatean (UCJC) eman ditu eskolak Jon Aguirrek. 'Paisaje Transversal' berriz, beste mota bateko arkitektura aldarrikatzeko asmoarekin sortu zela kontatu nahi izan digu donostiarrak, horregatik blog eta enpresa modura topa genezake. Hasieratik duten lema zehatza da gainera, hiria entzun eta eraldatu. Liburu bat ere eman dute ezagutzera, hirugarren edizioarekin dihardute buru-belarri.

Hamarkadetan arkitekturak aldaketak jasan izan baditu, begiratzeko moduak ere aldatu egin behar du inolako zalantzarik gabe. Beraiek, modu integral batean aztertzen dituztela kontatu digu hiriak eta espazio publikoan, eta bertatik ateratako ondorioen arabera, auzotarren nahiak elkartu eta analisi diagnostikoak egin ondoren ekiten diote proiektua garatzeko prozesuari. Genero ikuspegiak ere zeresan handia uzten duela dio Aguirrek arkitekturan eta horri begirako beste elementu batzuekin batera egiten dute lan.

Etorkizuna ere arkitekturan eragin handia duen faktoreetako bat da inolako zalantzarik gabe. Aldaketa klimatikoa kasu, erronka handiak izango direla dio Aguirrek aurrera begira eta hirigintza erabatean aldatzera daramatela dio. Adibide garbia jarri nahi izan du, «pentsatu besterik ez baitugu itsasoaren maila igotzen baldin bada, Donostiako Kontxako hondartzarekin esatera zer gertatuko litzatekeen». Galdera ugari etorri zaizkigu burura aldaketa klimatikoaren inguruan hitz egiten hasi garenean ordea. Itsas maila igo eta horrek ekarriko duenari aurre egiteko prestatuta al daude herri eta hiriak? Sostengarriak al dira energiari dagokionez? Nola gutxitu emisioak? Aguirrek dio, horri guztiari erantzuten ari direla eta helburua ahal bezain laster aplikatzen hastea dela.

Ekonomia gai potoloa da, eta askok zailtasunak dituzte gaur egun oraindik ere etxe bat erosi ahal izateko, alokairuan ere beste horrenbeste traba jartzen direlarik. Aguirrek berriz, herritarrentzat, gazteentzat edota etxebizitza bat erosteko zailtasunak dituztenentzat, tresna ezberdinak egon beharko liratekeela dio, «bai edo bai politikak jarri behar dira martxan» azpimarratu du. Baina hirigintza ez da soilik etxebizitza, argi azaldu baitigu donostiarrak osatuek, merkataritza guneek, herritarrek... osatzen dutela hirigintza. Jabetzaren kultura sortu dela dio arkitektoak, eta modu horretara, negoziazioa lehenesten dute zenbaitek elkarbizitzaren gainetik. Adibide zuzena, herritarrak zein betiko merkatariak ihes egiten dutenean eremu turistikoetatik.

 

Jaurlaritza Logoa