Live

Ainara RODRIGUEZ
Interview
Ane Etxezarreta
Euskal selekzioko jokalaria

«Hemen maila ona dago eta polita izango da txapelketa»

Lauko txapelketa berezia hiruko egun bakarreko formatura aldatu behar izan du EFFk, «pena» eman dio Ane Etxezarretari (Beasain, 1995) baina «irtenbide egoki bat» izan dela uste du. Euskal selekzioa irabaztera doala azpimarratu du. 

Audio_placeholder

«Hemen maila ona dago eta polita izango da txapelketa»

Loading player...
Ane Etxezarreta (Real Sociedad)
Ane Etxezarreta (Real Sociedad)

Ane Etxezarreta beasaindarra eta Realeko jokalaria da igandeko Euskal selekzioaren partidetarako osatu den 18ko hautatuen zerrendako bat. «Pozik» dagoela dio deialdiarekin, «azken urtea ez da erraza izaten ari eta horrelako dei bat jasotzea beti da pozgarria». 

Euskal selekzioa berriz ere zelaian... 
Beti izan da berezia euskal selekzioa ikustea eta urtetik urtera horrekin jarraitzeak ilusioa egiten du.

Nigeria ez dator eta azkenean txapelketa birformulatu da, zer iruditzen zaizu?
Ondo, azkenean irtenbide bat lortzea zen helburua. Pena azkenean bereziagoa izango zelako lau selekzio horien artean partidak jokatzea, baina azkenean egokitu behar izan da eta nik uste irtenbide egoki bat izan dela.

Euskal selekzioa onenen artean aritzeko moduan dago? 
Gu euren aldean gutxiagotan elkartu gara eta ikusi beharko da, baina hemen dagoen maila ona da eta polita izango da ikustea eta gure indarrak neurtu ahal izatea.

Hiru euskal talde zaudete lehen mailan, akaso besteren bat laster, euskal futbola sasoi onean dago?
Bai, orokorrean nik uste gauzak ondo egiten ari direla. Ez da erraza horren lurralde txiki batean talde asko goran egotea eta nik uste gauzak ondo egiten ari direnaren seinale dela. Gustatuko litzaidake beti izan ahal izatea aitzindariak. 

Urte zaila izaten ari da, denboraldia ez da nahiko zenuketena...
Ez, oso ezberdina izaten ari da, bereziki zaleen aldetik eta gure egunerokoan ere gauza batzuk aldatu egin dira eta azkenean luzea egiten ari den denboraldia da. Uztailaren amaieran hasi ginen eta ekainaren bukaeran amaituko da. Luzea izaten ari da eta gogorra bereziki.

Etxean geratuko da igandeko torneoa?
Espero dut baietz, gu horretara joango gara behintzat

Jaurlaritza Logoa