Live
2014an elkartu ziren Rodeo taldeko lau kideak Zestoako gaztetxearen urteurrenaren aitzakian, han kontzertua eman zuten eta, izan zuten harrera ona ikusita, behin behinerako sortu zen talde harekin aurrera jarraitzea erabaki zuten. Geroztik 3 lan kaleratu dituzte, azkena aurten: 'Ezherrian'.
Modu nahikoa kaotikoan aritu izan direnaren itxura eman arren, lanak ikusita, denak zentzua duela ikusi daiteke Rodeo taldean. «Gauzak burura etortzen zaizkigun bezala egiten ditugu. Material berria ateratzeko gogoz ginen 'Dilmun' diskoarekin dagoeneko kontzertu dezente emanda genituelako. Baina kontzertu asko izanagatik ere lokalera asko joaten garen taldea garenez, kantuak sortu eta grabatzea erabaki genuen. Asko gustatzen zaigu estudioko kontu hori guztia, gainera», kontatu digute Rodeokoek.
Oraingoan, ordea, autoekoizpenetik irten eta zigilu baten azpian kaleratu dute disko berria. «Grabatzen sartu bezperatan sortu zitzaigun 'Bonberenea ekintzak' zigiluaren azpian ateratzea. Gauzak egiteko beste modu bat ezagutu dugu, orain arte gure kontura egin dugu guztia eta askotan taxuzko irizpiderik gabe. Eskertzekoa da beraz haiek eman diguten aukera» nabarmendu digute zestoarrek.
Baina ez dute Bonberenean grabatu, «'Gaztain' estudioan grabatzea zen zentzuzkoena. Eñaut Gaztañaga laguna da, txikitatik ezagutzen dugu elkar, kaña bat hartzeko juntatzen gara edozein momentutan. Hark guk nahi dugun hori ederki ezagutzen du eta haren iritzia aintzat hartzeko horietakoa da» azpimarratu dute Rodeoko kideek.
'Ezherrian' izena 'desherria' kontzeptutik nahikoa gertu dagoela esanda argi azaldu digute berak esan nahi zutena: «Desherria azkenean erbestea da, baina zure lur propiorik ez daukazun herria zarenean, 'Ezherria' sortzen da eta horregatik diskoari izen hori jartzearena. Hala, kontzeptu horren inguruan landu dugu diskoa. Lan kontzeptualak egitea gustatzen zaigu guri. Kontsumo azkarreko musika egiten dute batzuk, kantua eta bideoklipa egin eta aurrera. Baina guk oraindik sinisten dugu disko osoa entzuten duen jendea badagoela, diskoa bere osotasunean lantzen denean gustura hartzen duena».
Orain eskuartean duten lana aurkezteko zain daude Rodeo taldekoak. «Kontzertu batzuk bagenituen lotuta, baina bereziena Azpeitiko Sanjuandegi auzoan genuena zen. Ilusio berezia egiten zigun han jotzea, urtero ia bertara joaten garelako baina festaz gozatzera. Festibalek eta halakoek jakina ilusioa egiten digutela, baina halako festa gertuko batek balio erantsia du guretzat. Guri gehiago gustatzen zaigu areto txikietan edota halako festetan jotzea. Jende gutxiago egongo da akaso, baina datozenak gu ikustera datoz eta hori maite dugu», esanaz bukatu dugu elkarrizketa zestoarrekin.
Disko kontzeptuala beraz, hasi eta bukatu entzutekoa, 'Ezherrian'.